Basamortuan oasiada Durango diskoetxeentzat
Musika diskoen bidez saltzeko ohiko moduak goia jo zuen orain dela zenbait urte. Geroztik gainbehera nabarmena izan da: salmenta %20 inguru murriztu omen da azken bi urteotan. Bide berriak urratzen hasi dira diskoetxeak, baina bide horiek emankor gertatu bitartean, basamortuan barrena dabiltza. Eta basamortu horretan Durangoko Azoka ez da ameskeria, bene-benetako oasia baino.
Landakon, atzo eguerdirako, azokari buruzko inpresioak onak ziren Barrenkaleko musika saltzaileen artean. Eta horrek adierazten du hain krisialdi latza pasatzen ari den euskal diskogintzarentzat Durangok basamortuan oasia izaten jarraitzen duela.Elkarren gehien saltzen ari den diskoa Ruper Ordorikaren “Memoriaren mapan” da. «Beharbada ohartarazi du Anjel Valdesek aurkeztu dugun azkena delako. Pantxoa eta Peio, Anje Duhalde eta Kepa Junkeraren nobedadeak ere oso ondo ateratzen ari dira, baina lehenago aurkeztu genituenez, aurretik salmenta bat eginda daukate, eta hori nabaritzen da». Lourdes Iriondoren antologia eta Leteren aurreneko lan bermasterizatuak ere ondo saltzen ari omen dira. «Aurten ez dugu disko jakin batekin sekulako boomik izan, baina denak saldu dira ondo, baita fondokoak ere. Hori ona da». Bistan da Elkarrek linea «klasikoa»ri jarraitzen diola. «Kulturaren eta industriaren memoria ere klasikoetan dago, hemen eta hemendik kanpo. Klasikoa beti salduko da nobedadea baino gehiago. Gainera, nobedadea bultzatzeko klasikoa da oinarri. Guk, esaterako, klasikoei esker argitaratu ahal izan ditugu urtean zehar Zugan, Iker Goenaga edota Kupela, klasiko ez diren arren, gero eta onarpen zabalagoa duten artistak». Elkarreko arduradunak ez du duda izpirik: «Merkatuaren itsasoa oso gaizki dago eta itsaso horretan Durango salbamendu-txalupa da. Zaila da zehatz-mehatz esaten, baina hemen mugitzen da urteko fakturazioaren %10 eta %20 bitartekoa. Batez beste, 5.000 edo 6.000 disko salduko ditugu». Oihukan, Betagarri, Kauta, Urgabe eta Keike dira talderik arrakastatsuenak. «Eta, ustekabe polita, gaztetxoen artean oso ondo saltzen ari gara Deskontrol», gehitu du Ritxi Aizpuruk. Aizpururen iritziz, aurtengoa urte «kontinuista» izaten ari da Durangon. «Hori ez da txarra, oso ona baizik nabarmendu du. Izan ere, azken bi urteotan salmentak %20 jaitsi direla kontuan izanik, Durangon ohiko mailari eustea izugarri ona da». Nola edo hala bide berriak urratu behar direla uste du. Oihuka, behintzat, saiatzen ari da. «Salmenta digitala errazteko webgune berria laster jarriko dugu martxan. Zuzeneko emanaldiak kudeatzen hasi beharko dugu, beharbada. Sakelako telefonoekin ere lanean ari gara, ea La Polla, Hertzainak, Barrikada, Betagarri edota Atom Rhumbaren tonuak sartzen lotzen dugun». Zaharra Azkarate, Gaztelupeko Hotsak-eko arduradunaren ustez, azoka «ondo» doa. Beren standetako salduenen zerrendako lehen hiru postuetan Karidadeko Benta, Bide Ertzean eta “Hauxe” daude, hurrenez hurren. Errabal zigilupean argitaratu duten Iñaki Salvadorren diskoa ere ondo saltzen ari da, «betiere jazza minoritarioa dela kontuan izanik». Pozik daude ere bai Ikor Kotxen “Rock&Klik!” argazki liburua lortzen ari den harrerarekin. Baita BAP!!, Rory Gallagher eta Jotakieri buruzko liburuekin ere. «Horietatik ehunka ale saltzen ari gara». Gaztelupeko arduradunaren iritziz, krisialdia gainditzeko bideak teknologia berrietara egokitzea eta kalitatearen aldeko apustua egitea dira. Gor-en standean ere gauzak «oso ongi doaz, ez iaz bezala», esan du Blanka Izkuek. Izan ere, iaz «sentsazio txarra»rekin bukatu zuten. Urrian aurkeztu zuten Kerobiaren diskoa, eta ia azoka bezperan iritsi zen Skalariak-en bilduma dira gehien saltzen ari diren produktuak. «Kerobiak lehengoan zuzenean jo zuen Durangon, eta horrek asko laguntzen du. Bildumak, berriz, oro har, oso ongi saltzen dira. Gainera, prezio ona du». Aurten esperientzia berria egin dute. Stand arruntetatik aparte, gordiscos.com standa paratu dute, ordenagailutik musika mp3etara zuzenean jaisteko aukera ematen duena. «Proba bat baino ez da eta, momentuz behintzat, ez dago stand arruntetako jende mugimendu bizi hori». Babel Musik aurten estreinatu da Durangon. Jon Azkueta zuzendariak aitortu duenez, «oso ondo» joaten ari zaie. Zenbakiak eta guzti ematen ditu: «Jendea gehien eskatzen ari dena Gozategi da, 400 ale saldu ditugu dagoeneko. Txato Platoren eta Pog Mo Thonen diskoetatik, berriz, ehuna ale saldu ditugu».
«Nömadak Tx», 700 ale
Euskal diskogintzaren krisialdiaren edo aukera berrien isla, aurten dezente dira artista handien autoekoizpenak. Oreka TX-ek (Txalapart) eta Fermin Muguruzak (Talka) erdi bana dute standa. Bertan, goiz eta arratsaldez ari dira Igor Otxoa eta Harkaitz Martinez de San Vicente “Nömadak Tx” CDa promozionatzen. Otxoak adierazi du: «Ferminek asko lagundu digu diskoa ekoizten, eta standa erdi bana jartzeko aukera ere eskaini zigun». Atzo eguerdirako, “Nömadak Tx” CDtik 700 kopia salduta zeuzkaten. Talkan ere, «pozik». “Bass-que Culture” DVDa eta “Euskal Herria-Jamaica Clash” CDa primeran ateratzen ari omen dira. «Herenegun, Fermin izan genuen hemen, kopiak sinatzen, eta horrek asko laguntzen du, noski», esan du Itxaso Gabellanes postuko arduradunak. Zakurraren biolinaren standean, berriz, Joseba Tapiaren “Real Politik” saltzen dute. Han ere «gauzak ondo doaz», Agurtzane Aizpuruk aitortu duenaren arabera. Joseba bertan dagoenean (egia esan, sarri dago), nabaritzen dela ere gehitu du.
«18/98+...» diskoa, aukeran berriz
“18/98+... Auzolanean” elkartasun diskoa sekulako harrera izaten ari da. Herenegun agortu egin zen GARAko standean, baina atzo goizean berriro aukeran zegoen, bai bertan, baita 18/98ko auzipetuen standean ere. Arduradunek ez zuten atzo zehatz-mehatz zenbat ale saldu duten esaten asmatu, «baina milaka izan dira», adierazi zuten. Datorren asteburuan, berriz, diskoa GARArekin batean Euskal Herriko kioskoetan eskuratu ahal izango dela jakinarazi zuten.
|