Lakuak presoen eskubideak errespetatzeko eskatu du
Presoen eskubideak errespetatzeko, egungo espetxe politika «mendekabera» amaitzeko eta biktima guztiak aitortzeko eskatu zuen atzo Lakuako Gobernuak, besteren artean, Giza Eskubideen Eguna dela-eta. «Mehatxua» ez ezik, tortura ere «mundu osoan» desagertzeko exijitu zuen, eta bakea lortzeko gizarte osoaren konpromisoa eskatu zuen.
GASTEIZ
Giza Eskubideen Egunaren 58. urteurrena bihar izango da, eta euskal gizarteari zuzendu zitzaion atzo Lakuako Gobernua herritar guztien eskubideak errespetatzeko «parte-hartze sakona» eskatzeko. Jarrera horrek, «indarkeria gaitzestea» exijitzeaz gain, «atxilotuta dauden pertsonen eskubideak errespetatzeko» ere eskatzen duela ziurtatzen da Joseba Azkarraga Justizia sailburuak irakurritako erakunde-adierazpenean.Bertan, Estatu espainolak bultzatu duen «hainbat ekimen legal eta politikoren babesaren pean» garatutako «eskubide zibilen mozketa» salatzera deitzen du Ibarretxeren Gobernuak. «Euskadin Giza Eskubi- deen gaurkotzea euskal gizar-tearen bakearen eskubidearen aldarrikapen kontsekuente batean oinarritzen da», esaten du. Horiek hala, «ondasun eta pertsonen kontrako kalteak» eta «mehatxuak» amaitzeko eskatzen du, baita tortura ez dadila egon ere «mundu osoan». Euskal preso politikoen sakabanaketa behin betiko amaitzeko eta espetxe politika «mendekabera» desagertzeko ere exijitzen du Gasteizko Gobernuak. «Iritzi delitu gehiagorik ez. Ezta eskubide zibil eta politikoen murrizketa gehiagorik ere», adierazten du. Testuan, «zuzengabeko sufrimendu guztientzako egia, justizia, memoria, aitorpena eta ordaintza» eskatzen da, eta su- frimendu horiek ez direla ez nahasi ez konparatu behar gogorarazten da. Hala ere, bat ere ez dela ahaztu behar nabarmentzen da. «Bakerako eta elkarbizitzarako bideak oinarrizko ardatza izan behar du: norbanako eta taldeko giza eskubideen errespetua».
Konpromisoa Bestalde, ETAren su-etenak irekitako aukera ez dela ihes egiten utzi behar ziurtatzen du Gobernuak, eta, hortaz, egoera «era konprometitu eta aktiboan» garatzeko eskatzen du.
Horren ildotik, ondokoa gaineratzen du: «Euskal gizartean dauden sensibilitate politiko ezberdinek gatazka politikoaren erroak islatzen dituzte. Eta arlo bakoitzak egiaren bere zatia min eta sufrimenduaren gainean eraikitzen jarraitzen du».Azkenik, etorkizuna «egindako minaren errekonozimenduan eta benetako damutzea onartzean» eraikitzeko eskatzen du Lakuako Gobernuaren adierazpenak.
|