GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Euskal Herria 2006-12-10
Pello MARIÑELARENA | Nafarroako Ikastolen Elkarteko zuzendaria
«Euskara oztopatzeko estrategia izan da»

Pello Mariñelarenak, «eremu ez euskalduneko» ikastola hauetako arduradunekin batera, lan eskerga egin du legeztatzearen borrokan.

­Lehenik eta behin, nola baloratzen duzue Ikastola hauek legeztatzea?

Pauso historikotzat jotzen dugu. Azken finean ez dira soilik lau ikastola hauek legeztatu, Berako Labiaga Ikastola ere erdi legeztatu baitugu. Une honetan legearen barruan gaude eta hau historikoa da, orain arte ez baitugu lortu. Nori esker edota zergatik? Gehienbat guraso eta langileen urte askotako esfortzuagatik, eta Euskal Herrian jaso dugun elkartasunarengatik, ikastola guztietatik edota «elkartasun kutxatik» eta, nola ez, egin ditugun Nafarroa Oinez guztiei esker. Politikoki nola erabaki den... hori ez dago gure esku. Guk 2007a arte plan estrategiko bat daukagu eta ildo horretan legeztatu gabe zeuden ikastolak legeztatzea helburuetako bat zen. Orain oso pozik gaude lortu dugulako, baina nabarmendu nahi dugu guraso, langile eta euskaldun guztiei esker lortu dugula.

­Urteetako aldarrikapenak eta borrokak azkenean bere fruitua eman duela esan daiteke, baina oraindik urrats gehiago beharko dira, ezta?

Bai, batzuetan galdetzen diogu Gobernuari ea zergatik ez duten lehenago egin. Urte askoan Nafarroako Gobernuak adierazi du ikastola hauek legeztatzea ezinezkoa zela. Guk beti adierazi dugu horrek ezin zuela horrela jarraitu. Izan ere, Zangozako eta Tafallako ikastolak eremu birtual horretan daude eta duela hamaika urtetik legezkoak dira.

­Hauteskundeak hain gertu egonik, horri begirako erabakia izan daiteke hau?

Izan daiteke, baina hori UPNkoek esan beharko dute. Guk ikusten dugu zer hilabetetan gauden. Izan ere, duela lau urte ere eskaerak egin ziren eta ez ziren aurrera atera. Posible da orduan UPNk politikoki beharrezkoa ikusi ez izana. Dena den, politikaren gainetik guraso eta langile horien eskubi- deak daude. Beraz, oso pozik gaude guraso eta langileengatik bereziki. Kontuan hartu behar da ume horiek orain arte ez dutela besteek bezala kartila izan, gure sarean banatu ditugu liburuak. Gauzak horrela, kartilak ofizialki erabiltzea, arrakasta handia da.

­Testu liburuen harira, orain Nafarroako beste ikasleek bezala jasoko dituzte. Ordainetan materialak Estatu espainolean erabiltzen dituztenen itzul- pen soilak izatea gerta al daiteke?

Ez, ez. Euren egoera beste ikastolena bezalakoa izango da. Egia da guk curriculum ofiziala betetzen dugula, baina gure pedagogia laborategiaren bitartez aberasten dugu.

­Aurrera begira, nola aldatu eta hobetuko da euren funtzionamendua, bai azpiegitura bai ikasle kopuruari begira?

Orain arte, ikastola hauek ez legeztatzeko estrategia ez da kasualitatea izan. Legeak markatzen duen «eremu ez euskaldunean» euskararen garapena oztopatzeko estrategia izan da. Hala ere, matrikulazioak igo dira, euskara historikoki ia galduta zegoen gune horretan legez kanpoko moduan egonda, pentsa ezazu nolako ahalegina egin duten gurasoek legalitaterik gabe ikastolak erai- kitzeko. Garapena etorriko dela pentsatzen dugu. Gainera, Nafarroa Oinez-i eta elkartasunari esker, egoitza duinak ditugu. Beraz, hurrengo erronka nagusia kalitatea da.

­Bukatzeko, Berako Labiaga ikastolaren kasua dago; zelan geratu da haren egoera?

Azken hamar urteetan Beran egon diren kolore ezberdineko udalek Labiaga Ikastolari kiroldegia erabiltzeko baimena eman diote, baina Gobernuak ez zuen onartu. Legez kanpo eta 400 milioi pezetako zorrarekin egon ondoren, aurten azkenean itxi baino lehen DBHren lehen bi kurtsoak bakarrik legeztatzea onartu genuen. Mezu berezia bidali nahi nieke Labiagako langileei. Azken urteotan batzuetan kobratu gabe ibili dira, baina denak hor jarraitzea... Zoragarria izan da euren inplikazioa. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Jendartea
Esperan concluir hoy el vaciado de combustible del arrastrero encallado
Euskal Herria
Varias generaciones, el mismo sufrimiento
Mundua
Fallecen 45 mujeres al incendiarse un hospital de rehabilitación en Moscú
Kirolak
Ronaldinho y Valdés evitan otro punto
Euskal Herria
Los médicos advierten un peligro a corto plazo para la vida de De Juana
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss