GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia 2006-12-11
Eusebio Lasa - Batasuneko mahaikidea
Eskuineko politikaren beste adibide bat

Gogor kritikatu nahi dut Nafarroako Gobernuak eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Foru Aldundiek onartu duten PFEZren erreforma atzerakoi berria. Dudarik gabe, gaur egun PNV eta UPNren Gobernuek Hego Euskal Herrian daramaten eredu kapitalista neoliberalaren sakontze prozesuan beste urrats tamalgarri baten aurrean gaude. Betiere, Partidu Popularraren, Eusko Alkartasunaren eta CDNren laguntza estimagarriarekin. Martxa honetan Amerikako Estatu Batuetako eredu ultra liberala motz geldituko zaie Gasteiz eta Nafarroako agintariei. Batasunaren salaketa nagusia honako hausnarketa honetan oinarritzen da:

Erreforma berri hau 1996an hasi eta 1998 eta 2003an sakondutako bide atzerakoiaren jarraipe- na da.

1979an Estatuan martxan ipini zen zerga sistemak zerga politika berbanatzaile eta progresistagoa garatzeko aukera ahalbidetzen zuen. Hala ere, borondate politiko ezak, poliki-poliki printzipio horiek hutsaldu ditu. Eta ordutik hona PFEZk eraman duen bilakaera atzerakoiaren ondorioz eta gaur egun planteatzen diren aldaketa berriekin bere izaera berbanatzailea eta progesiboa zeharo galtzen ari da. Ildo honetatik, 2007rako martxan jarri nahi den erreforma berri hau beste urrats atzerakoi bat da zergaren oinarrizko izaeran.

PSOEk Estatuan proposatu duen Erreformaren bidetik doa.

Bizkaian, Gipuzkoan, Araban eta Nafarroan PNV/EA eta UPN-CDNk proposatutako aldaketak PSOEko Gobernuak Espainiar Estatuan proposatutakoaren filosofia berdinetik doaz. Hau da, PFEZren pisu ekonomikoa gutxitu egiten da. Gainera, honek agerian uzten du, zerga tipoaren puntu bat edo bi gora edo behera, Hego Euskal Herriko lau lurraldeek zergen inguruan Estatuarekiko daukaten erabateko menpekotasuna. Ez hori bakarrik, PNV/EA/UPN/CDN egiten ari diren eskuineko politikaren aldeko apustuaren beste adibide bat dugu, betiere, politika horiek gizartean eragiten dituzten kalte larrietan erreparatu gabe.

Zerga sistemaren hasierako izaera berbanatzailea eta progresiboa oraindik gehiago galtzen da.

Gure zerga sistemaren egitura aldatzen doa eta atzerakoiagoa egiten ari da: zerga zuzenen pisu ekonomikoa gutxitzen ari da zeharkako zergen pisua igotzen den bitartean. Gainera, PFEZn gertatzen ari diren aldaketekin poliki-poliki desaktibatzen ari da zerga honen pisu ekonomikoa eta bere ahalmen berbanatzailea. Oinarri Orokorrari aplikatu nahi zaion eskala murritzagoa bihurtu nahi da eta tarifa berriak txikiagoak izanik bereziki errenta altuenei mesede egiten die askoz gutxiago ordainduz.

Gainera, dagoenekoz ia errenta altu guztiak PFEZtik atera dira. Halaxe ahalbidetzen du legeak, enpresa instrumentalen bidez. Errenta altuak PFEZtik ateratze honen ondorioz oso aitorpen gutxi iristen dira kargaren gehiengo tasa marjinalera. Eta iristen direnak, Pentsio Fondoen bidez eta bestelako aukeren bidez lortutako kenkariak zerga presioa oraindik gehiago murrizten dute.

Aurrezki, Ondare Gehikuntza, interes, dibidendu, aseguru edo Kapital errendimenduetatik datozen errenten tratamendu pribilegiatua areagotu egiten da, denak %18ko tipo bakarrean zergapetuz.

Errenta berdinak neurri berean kargatzeko filosofia zuzena ez da enpresa instrumentalak sortzeko aukeraren bidez soilik zapuztu. Ondare gehikuntzei emandako tratamendu ezberdinaren bidez ere zapuztu da filosofia hori. 1996tik aurrera bereizketa hau egiten hasten da eta errenta hau- entzat tarifa berezia eta fijoa ezartzen da. Lehenbizi %20koa zen. Gero %18an gelditzen da. Eta orain mota honetako operazio guztiak espekulatiboak ere «aurrezki» bezala kontsideratuko dira eta denak %18ko tipo bakarrarekin zergape- tuko dira. Hau da, azken urteetako erreforma desberdinekin apurtzen da «ekitate horizontaleko printzipio- arekin». Eta orain diskriminazioa hau oraindik gehiago handitzea planteatzen da tarifa gehiago jaitsiz.

Ez da posible diru-sarrera publikoak gutxitu eta, aldi berean, gastu mailari eustea.

Aurrez esan bezala, zerga sistemaren edota zerga baten erreformak, bestelako aldagaiez gain, batez ere gizarte beharrizanei aurre egin ahal izateko beharko den gastu publikoa izan behar du kontuan. Administrazioak berak aurreikusten duen bezala, erreforma honen ondorioz gutxienez 307,92 mila euro gutxiago bilduko dira Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan. Gauzak horrela egonik, nola da posible esatea zerga-ordaintzaileek gutxiago ordain- duko dutela baina, hala ere, gastu sozialean ez dela nabarituko? Gainera, kontuan hartu behar dugu Hego Euskal Herriko Babes Soziala Europar Batasuneko batez bestekotik 7 puntu inguru azpitik dagoela. Azken finean, erreforma atzerakoi honen atzean PNV/EAk eta UPN-CDNk PSOErekin batera egiten dute esparru publikoari indar ekonomikoa eta soziala kentzeko eta gizarte desegituratu eta indibidualista baterantz joateko. Honekin batera, aipatzekoa da proposamen berri honetan jarraitzen dela etxebizitzaren erosketa lehenesten, alokairua bultzatzeko behar bezalako onurak jarri gabe.

Iruzur fiskalari aurre egiteko borondate politikorik ez dago.

Iruzur fiskalaren gaia behin eta berriz aipatzen da bilera eta interbentzioetan. Arazo kezkagarria dela esateaz gain, iruzur horri aurre egiteko giza baliabideak erabiliko direla adierazten da behin eta berriz. Hala ere, ez da iruzur horri aurre egiteko neurri eraginkor bat bera ere zehazten.

Goian aipatu ditugun puntu guztiekin batera Batasunetik azpimarratu nahi dugu Administrazioek ez dutela inongo mekanismorik ipini horrelako gai garrantzitsu batean parte-hartzean oinarritu eztabai- da eragile sozial, sindikal eta politikoekin batera antolatzeko. Gutxi bazen, dudarik gabe, ezker Abertzalearen kontrako apartheid politikoa aprobetxatzen ari dira horrelako erreforma atzerakoi eta antisoziala ahalik eta oihartzun txikienarekin onartzeko.

Amaitzeko, dei bat egiten diegu ezkerreko indar politiko, sozial eta sindikalei lan eta borroka bateratu bat antolatzera, PFEZren erreforma berri hau eta bere atzean dagoen eredu neoliberal atzerakoi hau gelditzeko eta beste jendarte eredu aurrerakoi baten aldeko oinarriak ipintzen hasteko. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Kultura
Mejoran la asistencia de público y las ventas con respecto a la «floja» edición de 2005
Euskal Herria
Más del 85% apuesta por el derecho a decidir y por el diálogo sobre el marco
Kirolak
Eficientes en el instante más necesario
Kirolak
Mané cambia el signo del Athletic
Mundua
Fallece Pinochet sin que haya sido juzgado por los crímenes de la dictadura
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss