Funtsean «WET vs. CET» eztabaida, aski interesgarria gainera, izan behar lukeena Madrilgo hedabideetan nola kakaztu den ikusteak liburu potoloek baino argiago erakusten du Espainia deitu herrialdearen egungo patua. Bertan arazoak ez dira tematzen eta erabakitzen proposamenen zentzutasun handiago edo txikiagoaren arabera, baizik sustatzailearen nortasunaren edo/eta zeharbidez etor daitezkeen ondorioen arabera. Eta zorioneko batasuna balego auzitan halakoren batean, akabo: zezenak zapira bezala abiatzen dira batzuk. Aginpide gehiena dutenak, askotan. Eta horrelakoekin arrazoitu nahian aritzea denbora galtzea da.
Joan den astekoa da azken adibidea: BNGren XII. Asanbladak Galiziari dagokion ordu-esparrua aldatzea eskatzeko proposamena onetsi du, Erresuma Batuan edota Portugalen ofiziala den WET-Western European Time-arekin berdintzekotan. Madrilgo esentzien zaindari ospetsuenen arrapostua berehalakoa eta sekulakoa izan da: kaiku eta arlote hutsak direla (edonongo nazionalista guztiak bezala, jaki- na) izan da galiziar gajoek en- tzun behar izan duten gozoena. Eta hortik aurrerako guztiak.
Proposamena, ordea, ezin zentzuzkoagoa da. Galiziaren longitude-koordenatuak begiratze hutsarekin arrazoitzen dena. Berez, auzi horretan, zentzuzko arrazoiak eskaintzeko benetako estutasunean aurkituko liratekeenak espainiar agintariak, egungoak nahiz iraganekoak, lirateke. Nola esplikatu behar dute bere lurraldearen ehuneko 80 eta popula- zioaren hiru laurden, Greenwicheko meridianoa baino mendebalderago dituen herrialde batean hura baino ekialderagoko CET-Central European Time ordutegiarekin funtzionatzen aritzea? Arrazoiak egon badaude, baina funtsezkoenak ez dira oso harro esateko modukoak. Alemania eta Frantziarekin «bat egin beharra», demagun. Trenbide sarearen zabaleraren ergelkeria ordaintzen arituko balira bezala.
Eta zentzugabekeria administratibo horren ondorio sozialak eta ekonomikoak ez dira batere txantxetakoak, batez ere udarako ordutegia aurreratzearekin uztartzen denean. Benetan harritzekoa ote da urtean sei hilabetez erlojuetan arratsaldeko ia hirurak dituztenean dela eguerdi ikusiz bizi behar duten galiziarrak nazkatuta egotea?
Gutxixeago bederen egoera bertsuan gauden beste batzuek ere zergatik ez dugun galiziarrek adina egiten galdetu beharko genuke, agian. -