Aurtengo azoka iazkoa baino dezente hobea izan dela esan dute editoreek
Jende «asko» ibili da aurtengo azokan, batez ere lehenengo egunetan eta, berezi-bereziki, ostiralean. Bisitariak eroso mugitu ahal izan dira mahaiaz mahai, eta salmentak «orekatu» egin dira. Hau da, labur-labur, aurtengo azokaz Gerediaga elkarteak egin duen balantzea. Ñabardurak ñabardura, balantze horrekin bat datoz GARArekin hitz egin duten argitaratzaileak. Honako puntuan ere bat datoz: aurtengo azoka iaz baino dezente hobea izan da.
Azokari buruzko balorazioak onak izan ohi dira beti, batez ere kultur kontsumoa eta beharbada bereziki euskal kultur kontsumoa bere onenean ez dagoela kontuan izanik. Iaz, alabaina, argitaratzaile batek baino gehiagok kezkatuta alde egin zuen Durangotik, ohi baino askoz jende gutxiago ibili zelako eta salmentak ere nabarmen murriztu zirelako. Hala aitortu digu Blanka Izkue Gor diskoetxeko arduradunak: «Sentsazio txarra izanda bukatu genuen».Pamielakoek ere «kezka puntu» batekin alde egin zuten. Horri dagokionez, zera esan du Pello Eltzaburuk: «Guk iaz Atxagaren ‘Lekuak’ ekarri genuen, eta, horri esker, argitaletxe moduan, ez genuen beherakada nabaritu, baina, oro har, tentsio jaitsiera sumatu genuen eta kezkatuta geunden, ea koiunturala izango zen, jai-zubiaren kontua edo beharbada saturazio puntu batera iritsi garelako. Zorionez, aurten azokak gora egin du». Iritzi berekoa da Inazio Mujika Alberdaniakoa. «Gurean nahiko ondo joan dira gauzak, iaz baino hobeto. Iaz egun fuerte bakarra izan zen eta erdipurdiko egunak oso erdipurdikoak izan ziren. Aurten, berriz, lehenengo hiru egunak onak izan dira, batez ere hirugarrena. Aurreneko bietan ez ginen jendez gain-gainezka egon, baina horiek ere, onak». Xabier Olarra Igelako buruak ere aurtengo azoka, oro har, iazkoa baino hobea izan dela igarri du, nahiz eta bere salmahaian biak ala biak, aurrekoekin alderatuta, onak izan diren. «Guk geneukan eskaintza oso eremu jakin batzuetakoa zen (nobela beltza eta poliziakoa). Azken urteotan horri eutsi diogu, baina, horrez gain, beste genero batzuk ere plazaratzen hasi gara. Beraz, jendeak aukera gehiago ditu eta hori salmentetan ere islatzen da». Hiruri ondo joan zaizkio gauzak, eta Eva Forest pozik agertu da. «Azken bi urteotan ohi baino jende gutxiago mugitu dela esango nuke nik, baina, hala ere, azokak oso fenomeno garrantzitsua izaten jarraitzen du», ohartarazi du. Olatz Osa Elkarreko zuzendariaren iritziz, aurtengo azoka iazkoaren «paretsua» izan da, bai jende kopuru aldetik, bai salmenta aldetik ere. «Iazkoa baino txarragoa, behintzat, ez da izan», nabarmendu du. «Kultur kontsumoak, orokorrean, zailtasun handiak dituela badakigu. Urtean zehar joera nolakoa den ikusita, azokan ezin da sekulakoa espero. Eta gertatuko balitz ere, artifiziala litzateke. Horrela gauzak, aurtengo balorazioa ona baino ezin da izan», esan du. «Aurrera begira zer?» galdetuta, honakoa erantzun du Osak: «Inoiz ez bezala entzun dut nik aurten azokaren fetxen inguruan hausnarketa egin behar dela, hau da, ea jai-zubi hau egokiena den, gero eta jende gehiagok kanpora joateko joera duela kontuan izanik. Nik ez dut hain argi, eta ez dut egunak aldatzen premiazkoa denik ikusten. Baina, esan bezala, aurten bati baino gehiagori entzun diot kezka hori».
«Anormalizazio prozesua»
Alfontso Martinez Lizarduikoak adierazi duenaren arabera, Gaiak-en standean ere gauzak gutxi gorabehera iaz bezala joan dira. «Gu berdintsu gabiltza. Denetatik pixka bat saltzen dugu, eta hori ona da guretzat, betiere gutxi irakurtzen dela kontuan izanik». Susako standean, gauzak «urtero bezala» joan dira, «ondo, alegia», esan du Gorka Arresek. «Hona datorrenak dirua dakar eta espresuki erostera dator. Eroslea ez da tontoa eta, nire ustez, nahiko informatua dator. Beraz, zure standean erosten ez badu, zerbaitengatik izango da. Zer eskaintzen duzun ondo komunikatzen baduzu eta zer hori haren interesekoa bada, jakina, zure standetik pasatuko da; bestela, ez. Urteetan egin dugun lanagatik, jendeak badaki gu helduentzako literatur argitaletxea garela, eta, alde horretatik, erosle fidel samarrak ditugu eta, ondorioz, salmenta ere seguru samarra dugu. Urte jakin batean puntako idazle baten liburua badakarzu, salmentak gora egingo du, noski, baina hurrengo urtean, idazle hori gabe, ez baduzu aurrekoan bezainbeste saltzen, ezin zara krisia dagoenik esaten ibili». Gorka Arrese, salmentekin baino gehiago, azken urteotan sumatu duen azokaren «anormalizazio prozesua»rekin dago kezkatuta. «Erdarazko liburuak gaina hartzen ari zaizkie euskarazkoei, eta hemendik aurrera prozesu hori areagotuko dela uste dut adierazi du Susako editoreak. Aurten, erdarazko eta euskarazko liburuen presentzia helduentzako liburuez ari naiz ia-ia berdindu egin da. Eta laster erdarazkoak euskarazkoei gailenduko zaizkie. Ez zen hau, nire ustez, Euskal Liburu eta Disko Azokaren helburua. Lehen ere baziren liburuak ele bitan plazaratzen zituzten argitaletxeak, baina kontua da gaur egun ia ez dagoela euskaraz eta euskaraz bakarrik plazaratzen dituen argitaletxerik». «Kontzientzia makaltze» bat sumatzen du Arresek. «Erdarazko liburuari ere euskal liburua esaten ari zaio. Eta batez ere euskaldunengan eragin handia duten ETB-2 edo Radio Euskadi erdarazko medio ikus-entzunezkoek euskaldunari erdal liburua euskal liburutzat pasarazten diote». Horrela jarraituz gero, gauzak aldatu ezean, Durangoko Azokan ere «euskal liburua zokorago joango da uste dugun baino bizkorrago», Arreseren iritziz. Izan ere, «anormalizazio prozesua abiatuta dago, eta hemendik lau urtera ikusi beharko». -
DURANGO
|