GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-12-11
Jon IRAZABAL | Azokako zuzendaria
«Kanpotik jendea etortzen zaigu gure azokaren eredua aztertzera»
Udaletxe idazkari lanean ari zela hasi zen Azoka antolatzen. 1982tik aurrera egiten du lan antolakuntzan. Hogeita lau urte horietatik mordoxka bat koordinatzaile izan zen. Azken dozena bat urteetan zuzendari da eta oso gertutik ezagutzen ditu, ondorioz, haren gabeziak eta bertuteak. Bietatik aipatzen du elkarrizketa honetan, bertuteak ere asko baititu azokak. Zerbaitengatik datoz kanpotik eredua aztertzera.

Joan da 41. edizio ere, eta Gerediaga Elkarteari iritsi zaio, urtero egiten duen bezalaxe, hutsegiteak atzeman eta datorren urtekoa hobetzeko hausnarrean egiteko ordua. Jon Irazabalekin mintzatu ginen komunikabideen aurrean aurtengo balantzea egin eta berehala.

­Ehun eta gehiago kazetari akreditatu ditu aurtengo edizioak. Lehen ez zuen oihartzuna al du gizartean?

Hori egia da. Komunikabideetan gero eta jarraipen hobea du azokak. Lehen, euskarazko komunikabideek eta hizkuntza bikoek egiten zuten jarraipena. Azken urteotan, eta bereziki aurten, erdarazkoak ere gainean egon dira eta poztekoa da.

­Azokari begira jarri eta erdarazko liburugintzak gero eta leku handiagoa ote duen ematen du batzuetan.

Erdarazko nobedade batzuek gaina hartzen diete euskarazkoei. Oraindik euskal nobedadeak gehiago direla uste dugu. Baldin eta etorkizunean erdarazko liburuen presentzia hori euskararen kaltetan dela ikusiko bagenu, erabakiren bat hartu beharrean egongo ginateke, baina epe laburrera ez dago asmorik gisa horretako erabakirik hartzeko. Salduenen kopuruei begiratuz gero, zoritxarrez erdarazkoak dira nagusi, baina erdal merkatua beti izan da askoz ere zabalagoa. Euskarazko nobedadeak ere lehen baino gehiago saltzen direla uste dut. Joseba Jakak esaten zuen juduek ez dutela kulturan etorkizunik, feniziarrek bakarrik, juduek dena negozio bezala hartzen dutelako; eta feniziarrek, berriz, saldu eta erosi egiten dute, baina kultura zabalduta. Negozioa egin behar dugu, baina kultura zabalduta, kulturan inbertituta. Eta kultura zabaltzeko, erakundeen laguntza behar dugu.

­Hiru egun onak eta bi eskasagoak izan direla esan duzue. Zergatik izan da horrela bai iaz eta bai aurten? Zer eragin du eguraldiak?

Euria da txarra. Eguraldi onegia egiten badu, jendeak alde egiten du, azokara etorri gabe. Euria egiten badu, haurrak dituzten familiek bereziki etxean geratzea erabakitzen dute. Guretzat eguraldi onena hotz eta ateri egitea litzateke.

­Aurten, diasporan ekoitzitako film baten aurkezpena egin duzue.

Diasporarekin lokarriak estutu nahi genituzke. Ez dugu Durangoko Azoka zazpi lurraldeetako mugetara zertan errenditu. Diasporan egiten dituzten lanen berri emateko oso leku egokia da azoka, baina hori baino gehiago izan behar du. Frankfurtera doazen editoreak beren nobedade handienen eskubideak saltzera joaten dira, eta guk ere saiatu behar genuke lurralde jakin bateko profesionalak ekarri eta harremanak egiten. Euskal kultura ezagutzera gonbidatu behar genituzke, baina, aldi berean, horrek merkataritza ondorio batzuk ekarri behar lituzke, guk haiei eta haiek guri eskubideak salduta. Euskal idazle batzuek ondo frogatu dute kanpoan ere funtzionatzen dutela, eta zabalkunde hori indartzen saiatu behar genuke.

­Esloveniarren bisitak ez du merkataritza-alderdirik izan.

Harreman kultural soila izan da, eta hori, noski, oso garrantzitsua da eta aurrera begira harreman horiek ere zabaltzen saiatu behar dugu. Aurten bezala, bisita hitzaldi batera mugatu beharrean, beharbada bisitan datorkigun herrialde horretako literaturaren antologia txiki bat prestatu beharko genuke edo beste zenbait ekintza aurrera eraman.

­Leku aldetik gaur azokak duena nahikoa dela uste al duzue?

Eskari gehiago daude eta etorri diren eskari guztiei minimoak ematen saiatu izan gara. Eskaera guztiei erantzun ahal izateko, bigarren areto baterako jauzia egin beharko genuke. Badauzkagu aukerak. Ondoko plaza erabiltzeko aukera ere izango genuke beharbada. Etengabe joan beharko dugu arazo horiek guztiak arakatu eta hobekuntzak sartzen. Askotan egin ditugun hobekuntzak ez dira ikusten, baina hor daude. Askotan hobekuntza txikiak dira. Azokan 500 bat langile ari dira lanean egunero, eta eguneko 10 ordu sartzen dituzte. Eta guk horiei lana erosoagoa egiteko lurrean moketa bat jartzen badiegu, hori ez da ikusten, baina langileak eskertu egiten du.

­Zer irudi du azokak kanpoan? Eredugarria al da?

Edizio honetan bi talderen bisita izan dugu: bata Galiziatik etorri da, eta bestea, Almeriatik. Lehenek Salon del Libro Gallego izeneko azoka antolatu nahi dute, eta bigarrenek ere gisako zerbait, eta lehen urtean Euskal Herria gonbidatzeko asmoa zutela esan ziguten. Lehengo azukre fabrika zahar bat dute kulturgune moduan antolatuta, eta han egin nahi dute lau bat eguneko azoka. Orain hiru urte Britainiatik etorri ziren eta harrituta geratu ziren hemen genuen antolakuntzarekin. Hau ikusi zutenean haien azoka garaje batean sartzeko modukoa zela esan zuten. Alde horretatik, harro egoteko moduko azoka dugula esan behar da. Gure data beretan Feria del Libro Aragones ere antolatzen da. Telefonoz harreman handia izan dugu antolatzaileok elkarrekin, baina ez diogu inoiz elkarri bisitarik egin. Aurten elkartzeko asmotan gara.

­Ba al du asmorik azokak katalogo orokorrak egiten jarraitzeko?

Arazo informatikoak izan genituen, baina berriro katalogo orokor hori bultzatzeko asmoa dugu, eta erakunde batek lan hori babesten digun neurrian aurrera jo nahi genuke. Seguru asko urte batean urteko nobedadeen katalogoa aterako genuke, eta hurrengoan, orokorra. Orokorra egokitzen den urtean CDan aterako genuke informazio osoa, eta nobedadeen katalogoa egokitzen denean, paperezko euskarrian. CD horretan, urteko ekoizpena agertuko genuke eta edizio guztietako liburuen zerrenda. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Kultura
Mejoran la asistencia de público y las ventas con respecto a la «floja» edición de 2005
Euskal Herria
Más del 85% apuesta por el derecho a decidir y por el diálogo sobre el marco
Kirolak
Eficientes en el instante más necesario
Kirolak
Mané cambia el signo del Athletic
Mundua
Fallece Pinochet sin que haya sido juzgado por los crímenes de la dictadura
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss