Maixabel eta Lierni ELORTZA | «Zegama, Urbia eta Aizkorriko artzaintza» liburuaren egileak
«Artzainek kontu asko daukate esateko, baita kontatzeko beharra ere»
Liburuak miatu eta artzain txaboletan hizketan ordu luzeak eman ondoren egindako lana da Maixabel eta Lierni Elortza ahizpena. «Zegama, Urbia eta Aizkorriko artzaintza» izenburuko liburu mardulean, izen-abizenez idatzitako istorioek sustrai indartsuak dituen ofizio baten historia marraztu eta etorkizunari buruzko arrastoak eskaintzen dituzte.
Zegamako Udalaren Xabier Azurmendi bekaren bidez
argitaratu dute Segurako bi ahizpek “Zegama, Urbia eta Aizkorriko artzaintza”
liburua. Inguru horietako artzaintzaren historia mardula eta artzainen jakituria
zabala biltzen duen tamaina bereko lana da.
Nolatan abiatu zineten lan honetan? Zegamako Udalak beka hori atera zuenean bigarrenez, lehen aldian lortu zuenak atzera egin zuelako, proiektua aurrera ateratzeko adina material bagenuela ikusi genuen, bai bibliografia aldetik eta bai kontaktuen aldetik ere, jakituria gutxi baina kontaktuak nahikoa eskura baikenituen. Hartara, proiektua aurkeztu genuen eta onartu egin zuten.
Zer topa dezakegu lan mardul honetan?
Artzaintzaren filosofia eta artzainaren bizibidea lanbide bat baino gehiago baita islatu nahi izan dugu. Lan hau egiterakoan artzaintzaren inguruan genituen zenbait estereotipo hautsi egin zaizkigu. Artzainak pertsona bakartiak eta isilak direla uste genuen, eta guri ateak zabaldu dizkigute erabat lehenengo egunetik. Gainera, bizibide duten ingurumenarekiko jakinduria oso aberatsa dutela erakutsi digute eta batez ere ofizioa maite dutela.
Harritzeraino maite dute gainera, ezta?
Beren “lan-tresnak” ardiak baldin badira ere, ez dituzte tresnatzat, laguntzat dituzte. Oso garbi islatzen dute hori. Artzain batek esaten du ardiei arima bakarrik falta zaiela pertsonak izateko, eta egia da artzainek hala tratatzen dituztela. Izenekin ezagutzen dituzte, ardi bakoitzaren nortasuna ezagutzen dute, baita jatorria ere. Duela 40 urteko argazki batean gutxi gorabehera zein ardi diren azaltzen eta haien ondorengoen historia kontatzen dute. Maite dute eta bizi dute egiten dutena. Hori ezusteko polita izan da. Artzaintzarekiko duten lotura berezia islatu nahi izan dugu.
Artzainen esanak ere asko biltzen ditu liburuak.
Garrantzitsua iruditu zaigu haiek esanak biltzea eta literalki eta beren euskalkia gordez egin dugu. Horrela erabaki genuen konturatu ginelako euskara batura pasatuta indarra eta naturaltasuna galtzen zutela.
Historia liburua edo egungo egoeraren gainekoa?
Artzaintzaren bilakaera biltzen duena dela esan daiteke. Garbi ikusi genuen proiektua egitera orduan artzaintza lehen eta orain, biak bildu behar genituela. Baina lanean hasi orduko konturatu ginen artzaintzak orain oso une aberatsa bizi duela, erabateko trantsizio garaia bizi duelako. Une honetan, artzain hauen artean, garai batean artzaintza egiten zen modu bertsua topa dezakegu; ardiak mendira eraman, ekarri, txabola justuarekin, teknologia berrietan batere sartu gabe, eskuz gazta gutxi batzuk egiten... Beste artzain batzuk, berriz, ia hasi dira teknologia berrietan sartzen, berrikuntza batzuk egin dituzte, baina tradizioa ere mantentzen dute. Eta beste artzain batzuk badaude teknologia berri guztiak erabat ezagutzen eta erabiltzen dituztenak. Artzaintzaren lehengoa eta gaurkoa biltzen saiatu gara horregatik.
Zein metodologia erabili duzue? Nola egin duzue lan?
Lehenbizi bibliografia bildu genuen, zegoena miatu genuen. Gure eremu honetan partzuergoak hartzen du pisu handia eta horren gaineko informazio dezente ere bildu genuen. Behin informazioa bildu genuenean, artzainekin hitz egitera joan ginen eta ikusi genuen artzainek ikaragarri zeukatela esateko. Hori guztia bideratu egin behar zela erabaki genuen eta hainbat inkesta etnografiko hartu eta horiek oinarri hartuta, geurea prestatu genuen. Inkesta mordoa egin dugu eta grabazio ordu mordoa bildu dugu. Artzainekin hizketan hasi eta beti daukate kontu mordo bat esateko eta, gainera, oso nabaria da horiek esateko nahia daukatela, transmititu nahia daukatela. Teknologia berriei irekita dauden honetan, pena pixka batekin hitz egiten dute, tradizioa bukatzen ari ote den beldur baitira. Pena bakarrik ez, kezka ere nabari zaie. Atentzioa eman digu horrek.
Inguru horietako artzainen familia zuhaitz bat ere osatu duzue.
Bai, eta hori egiten ari ginela konturatu ginen gaur egungo artzain gehienak arbasoetatik dakartela artzaintza. Horregatik odolean daramaten zerbait da artzaintza. Askok diote berea “debozioa” dela. Izugarria da aurrekoekiko daukaten oroitzapena, oso-oso presente dute lehengoa gaur egun.
Nabaria da lan hori oso hunkigarria eta interesgarria izan dela zuentzat.
Benetan hunkitu egin gaitu eta nolabait baita katigatu ere. Oraindik ere elkartzen garen bakoitzean, eta bukatu genuenetik denbora dezente pasatu bada ere, badugu artzaintzaren inguruan zerbait esateko. Gainera, jarraitzen dugu datuak biltzen eta jendeak ere jarraitzen du informazioa eta argazkiak ematen. Jende multzo zabala bildu zaigu inguruan, aintzakotzat hartu dute gure lana eta oso esker ona jaso dugu.
Lan hori egin beharra zegoela sentitu al duzue?
Guk ez genuen batere gure burua horretan kokatzen, baina behin eginda dagoelarik, konturatu gara harrera oso zabala izan duela. Oso gauza pertsonalak daude idatzita, izen-abizenekin. Uste genuen liburuan aipatzen diren familia horietatik aparte ez zela asko zabalduko, eta uste baino askoz harrera zabalagoa izan du azkenerako. Orain ari gara konturatzen artzaintzak gutxienez lan hori egina duela eta poz erantsia ematen digu horrek.
Zein etorkizun du artzaintzak?
Artzainak ere oraindik kokatzen ari dira. Urte gutxitan artzaintza aldatzen ari da; legedia, egiteko modua, lan kopurua eta lan filosofia ere bai. Lehen tresnak ia-ia ez ziren existitzen eta orain makinak sartzen ari dira. Artzainak esaten dute hori egin beharrekoa dela, baina kexu dira administrazioak eskatzen dizkienak betetzeko zailtasunak dituztelako. «Lehen morroia behar genuen ardi lanetarako eta, orain, idazkaria lanetarako behar dugu», esaten dute. Paperena ez da beren mundua eta horrek kezkatu egiten ditu. Beste aldetik, gazta inoiz saldu ez duten bezala saltzen dute, eta etorkizun ona ikusten dute alderdi horretatik; gainera, artzaintza bera profesionalizatzen ari da. Baina, kokatze prozesu batean sartuta dago artzaintza, eta kezkaz bizi dute egoera. -
|