Nerabeek 110 euro jasotzen dituzte sari gisa, Interneteko inkesta baten arabera
22 estatutako 42.000 neraberi baino gehiagori galdetu die Sulake Corporation-ek hilabeteko sariaren gainean. 110 euro jasotzen dituzte batez beste, baina kopuru hori nabarmen jaisten da Europako iparraldeko estatuetan. Gazteen erosteko ohiturak ere aztertu ditu «www.haboo.es» guneko arduradunak.
DONOSTIA
Munduko toki batzuetako eta bertzeetako nerabeen hilabeteko sarien artean 130 euro baino gehiagoko aldea dago, www.haboo.es gazteentzako gunearen arduradun Sulake Corporationek kaleratu berri dituen datuen arabera. 22 estatutako 42.000 laguni baino gehiagori galdegin die ematen dieten diruaren inguruan. Batez beste 110 euro jasotzen dituzte gazteek hilabetero, nahiz eta zenbaki hori askoz baxuagoa den Europako iparraldeko estatuetan. Finlandiarrek, erraterako, 54 euro dituzte gastuetarako; norvegiarrek, 57; eta brasildarrek, 195. Inkestaren egileek kontuz aztertu dituzte emaitza horiek, parte hartu dutenen bizi maila, kultura eta adina aintzat hartuta. Adibidez, Brasil ikerketako herrialde txiroenetakoa bada ere, enpresakoekin mintzatu diren bertako gazteak dezente aberatsagoak dira norvegiarrak baino. Sulake Corporationek aurkitu du datu bitxi horren arrazoia: Norvegian, ia nerabe guztiek dute Interneten ibiltzeko aukera, baina Brasilen, familia aberatsekoek bakarrik. Nerabeek erosteko zein ohitura dituzten ere jakin du www.haboo.es helbideko arduradunak. Inkestan parte hartu dutenen erdiak baino gehiagok aurreztea maite dutela baieztatu dute; %37k luxuzko markak dituzte gogoko, eta %30ek nahiago dute herrialdeko produktuak kontsumitu. Azterketaren emaitzek diotenez, hamar nerabetik lau ingurumena zaintzeaz arduratzen dira erosketak egitean, eta ia %80 jabetzen dira ingurua babestu beharraz. %23k izaten dituzte kontuan balio etikoak, nahiz eta gehienek balio horiek betetzen dituzten produktuak zein diren ez jakin. Teknologia berriak ere izan ditu aztergai Sulake Corporationek, eta ia nerabe guztiek tresna digitalen bat dutela jakin du. Ia-ia denek dute euren telebista edo Internet konexioa, eta galdetutakoen %85ek DVD irakurgailua eta telefono mugikorra ere badituzte. Hamar gaztetik zortzik dute beren ordenagailua, eramangarria %40k soilik baldin badute ere.
|