GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Mundua 2006-12-11
Katalana ere jan du frantsesak
Joan-Lluis Luisen liburua ikusita eta haren hitzak entzunda, katalana larri dagoela nabaria da. Generalitateko hizkuntz teknikari horren ustean, Estatu frantsesa «mitoez» baliatu da eta «benetako asimilizazioa» lortu du. «Herritarrek ez dute, oro har, beren hizkuntza eskubideak urratzen dizkieten usterik», dio.

Baionan izan da berrikitan, duela lau urte katalanez idatzi zuen «Nire zakurrarekin solasean Frantziaz eta frantsesetaz» liburuaren euskarazko itzulpena aurkezteko.

Joan-Lluis Lluisek sekulako kritika egiten dio Estatu frantsesari liburuan, «bere burua giza eskubideen sortzailetzat hartuta, lurralde hoberena dela sinestarazi eta sekulakoak eta bi» egin dituelako. Ez du zalantzarik, gainera, «Frantzia gezur handia» dela esateko.

Gatuzain argitaletxearen eskutik Edurne Alegriak euskaratutako liburuaren izenburuak dioen bezala, bere zakurrarekin halako elkarrizketa xelebreak irudikatzen ditu. Lluisek berak dioenez, nahiago izan zuen zakurra izan solaskide, bere haurrei zuzendu izan balitzaie, haien xalotasuna urratzeko beldur baitzen.

Iraultzaren mitoaz, kolonizazioaz eta arrazakeriaz gain, Ipar Katalunian Generalitateko ordezkaritzan lan egiten duen hizkuntz teknikariak katalanak baita bertako kulturak ere mendeetan jasan duten txikizioa hizpide ditu. Galdetzen zaionean, Lluisek aitortzen du «Frantziak, zoritxarrez, benetako asimilizazioa» lortu duela:«Herritarrek, oro har, ez dute bere hizkuntz-eskubideak urratzen dizkieten usterik».

Haurrei erakusteko prest

Laurehun mila biztanle dituen lurraldean, %37k nola hala ezagutzen dutela agertu zen Generalitatek orain urte gutxi egindako galdeketan. Lluisen ustean, ordea, «datu oso subjektiboa da, ez baitzen inolako kontrasterik egin ezagutza hori neurtzeko». Egiaz, katalanaren erabilera oso eskasa dela dio.

Hala eta guztiz ere, berrikitan egindako beste inkesta baten arabera, biztanleen %65ek bere haurrek katalana ikastea nahiko lukete. Lluisen ustez, horrek izugarrizko mentalitate aldaketa adierazten du, eta Estatu espainolaren pean dauden Kataluniako gainerako lurraldeen eraginak aldaketa horretan zer ikusi handia duelakoan dago:«Bartzelonako eta Hego Kataluniako aberastasunaz asko hitz egiten da eta horrek, nolabait, prestigioa eman dio hizkuntzari, baita kulturari ere».

Alta, gurasoek erakutsi duten borondate hori benetan gauzatu dadin, erakundeek ez dutela bitarteko nahiko jartzen adierazi du idazleak. Areago, «herritarrek berek ere ez dute adore asko jartzen eskakizun horiek aitzinarazteko».

Bere lurraldean katalana galbidetik ateratzeko, «Estatuko gainerako hizkuntz gutxituak bezala, kataklismoren bat gertatu beharko litzatekeela» uste du Lluisek, erdi etsita. Izan ere, egiten diren urratsak ez dira, ez, nahikoak egoerari buelta emateko. Parisek Hizkuntzen Karta onartu eta ofizialtasuna aitortuko balie ere, berreskuratzea «oso zaila» izango litzateke bere aburuz.

Euskal Herria, eredu

Alor juridikoan nolabait aitortzeko, hizkuntz gutxituen alde dauden senatariek eta diputatuek ekimen parlamentario komun bat egin dezaketela dio Lluisek, baina aukera hori ere ilun samar ikusten du, «alderdikideek ez dietelako babesik emango». Nazioartetik eta Europatik Estatu frantsesari egin diezaioketen apikazko presioan ere ez du itxaropen handirik Lluisek.

Hala eta guztiz ere, Euskal Herrian egiten diren antzeko ekinbideak abian dira han ere, esaterako, herriko etxeetan katalanaren erabilera sustatzeko ‘Bai euskarari’ bezalako label batekin hasiko dira lanean datorren urtetik goiti.

Katalana berreskuratzearen alde ari diren eragileen ustez, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan euskara sustatzeko egiten den lana «aitzindari eta interesgarria» da. Berrikitan sortutako Euskararen Erakunde Publikoa tresna baliagarritzat jotzen dute, baina Ipar Katalunian horrelakorik sortzea oso urrun ikusten du Lluisek «hemen gauzak askozaz mantsoago doazelako». -

BAIONA


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Kultura
Mejoran la asistencia de público y las ventas con respecto a la «floja» edición de 2005
Euskal Herria
Más del 85% apuesta por el derecho a decidir y por el diálogo sobre el marco
Kirolak
Eficientes en el instante más necesario
Kirolak
Mané cambia el signo del Athletic
Mundua
Fallece Pinochet sin que haya sido juzgado por los crímenes de la dictadura
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss