- CFA
Inor ez da gai Aviron lehen postutik kentzeko
LUZENAC 0 AVIRON 1
BAIONA
Avironek sailkapeneko lehen postuan jarraitzen du, eta aurkariei gero eta alde handiagoa kentzen die. Herenegun ere ez zuen partida handia egin Luzenacen zelaian, baina puntuak etxeratzeko modua egin zuen, eta horrek balio du.Lehen minutuetan Luzenac saiatu zen Boueten ate ingurura gerturatzen, baina zuri-urdinen atzealdea sendo agertu zen, eta arazorik gabe eutsi zion etxekoen erasori. Apurka-apurka, euskaldunak partidaren kontrola hartzen joan ziren, baina golik egin gabe joan ziren atseden hartzera. Bigarren zatian, Aviron nagusi izan zen, eta horren gakoa hamaikagarren minutua izan zen, Luzenac jokalari bat gutxiagorekin geratu baitzen. Lau minutu geroago, Avironek lehen gola egin zuen, eta hortik eta amaierara bitarte, partida beti kontrolpean izan zuen.
Genetsek ere irabazi
Aviron ez da N1era igotzeko borrokan dabilen euskal talde bakarra, mailan dagoen bestea, Genets, asmo horrekin ari baita. Atzo 3-0 menderatu zuen Stade Toulosain, eta bosgarren postuan jarri da; Avironek sei puntu kentzen dizkio.Partida horretan gauza bitxi bat gertatu zen.Neurketa herenegun gauerako iragarrita zegoen, baina azkeneko egunetako eguraldia dela-eta, epaileak zelaia jokatzeko moduan ez zegoela erabaki zuen, eta atzo arratsaldera pasatu zuen. Euri gehiago egin zuen, ordea, larunbat gauean, eta atzo goizean zelaia ez zegoen hobeto, baina neurketa jokatu zuten, eta puntuak Angelun geratu ziren.
|