Harri-zulatzea da gehien indartu den herri kirola
Dudarik gabe, harri-zulatzea da gehien indartu den herri kirola. Ia mende bat egon da desagertuta, eta orain dela zortzi urte berreskuratu zuten Ortuellan. Hasieran, hiru talderekin abiatu ziren, baina gaur egun 10 talde daude, eta 100 lizentziatik gora dituzte. Hasieran, Enkarterriko taldeak bakarrik ziren, baina gaur egun Gipuzkoatik bat ere bada, gauzak ongi eta serio ari baitira egiten.
Harri-zulatzaileak ez dira gaur goizekoak. Liburuetan begira hasiz gero, aspaldiko kontua dela ikusten da. Garai batean, bai Bizkaian baita Gipuzkoan ere sona handia izan zuten. Badirudi, garai hartan, aizkorak eta segak zuten ospearen parekoa zuela kirol horrek. Gero, ordea desagertzen joan zen, eta ia ehun urte egon da ezkutuan, orain dela zortzi urte Ortuellan berreskuratu zuten arte.«Euskararen inguruko eguna antolatu genuen Ortuellan, eta zerbait egin nahi genuen. Gallartako meatzaritzako museoaren laguntza izan genuen, eta liburuetan eta entzundakoaren arabera ezagutu genuen kirol hau bazela aspaldi, indar handia zuela, eta euskararekin nolabaiteko lotura bazuenez, aurrera egitea erabaki genuen», esan du Javier Santamariak, kirol horren bultzatzailerik nagusietakoak. Izan ere harri-zulatzeak izan duen gorakada sekulakoa izan da. Zortzi urte geroago, 100 lizentziatik gora ditu; gaur egun herri kirol munduan lizentziarik gehien duena ez bada ere, ez da oso urruti geratuko. Urtean, Euskal Herriko taldekako liga bat jokatzen dute, eta gero binakako eta banakako Euskal Herriko txapelketak ere bai. «Lehen saiakerak merezi zuela ikusi genuen, eta jarraipena ematea erabaki genuen liga batekin. 99an izan zen estreinakoa, eta hiru talde bakarrik izan ziren lehian, baina ikusi da gorantz egin duela», azaldu du Santamariak.
Independenteak
Harri-zulatzaileek beren elkartea sortu zuten, eta hor ari dira lanean, Euskal Herriko herrialdeetako federazioek ez baitiete kasu handiegirik egiten, ez eta EuskalHerrikoak ere: «Saiatu gara, baina uste dut ez gaituztela aintzakotzat hartzen. Ez dakit arrazoia zein izango den. Akaso, berriak garelako, edo gu nahiko independenteak garela ikusten dutelako, baina oraingoz gure kasara gabiltzala esan daiteke. Datorren denboraldirako beste saiakera bat egin nahi dugu», esan zuen. Harri-zulatzaileen talderik gehienak Enkarterri ingurukoak dira, baina elkarteak beti esan izan du taldeak Euskal Herri osoan zabaltzea gustatuko litzaiokeela, eta Gipuzkoan lehenengoa atera da. «Horrek beste ate bat zabaldu digu. Talde oso indartsua etorri da; beste kiroletan ibilitako jendea izan da, eta aurten jaun eta jabe izan dira. Ona da, betiko ingurutik aparte, talde onak ere izan daitezkeela ikustea. Gainera, Gipuzkoan beste talde bat izateak ate gehiago zabaltzen ditu. Herrialde horretan kirol hau ezagutzeko aukera ere ematen du, baita han lehiaketak eta erakustaldiak egiteko ere», adierazi zuen Javier Santamariak. Izan ere, herri kirol munduan horrek bezainbeste lehiaketa antolatzen duen kirol gutxi dago. Aurten, gainera, enpresa bat arduratu da beretaz, eta Santamariaren ustez, aurrera begira, kirol munduan etorkizuna hortik dator: «Garbi dago enpresak beharrezkoak direla. Federazioen lana, nahiz eta borondate handikoa izan, oso mugatua da. Aizkora, esaterako, nondik eta zergatik indartu den garbi dago. Hor enpresa pribatu bat agertu da, eta hark bultzada handia eman dio. Gu ere aurten enpresa baten babesean aritu gara, eta gauzak oso ongi joan dira. Aurrera begira kirol bat indartu behar bada, beharrezkoa da. Haiek hortik bizi dira, eta haiek gu baino baliabide gehiago dituzte lan hauek egiteko. Ez da gauza bera gu gure lanetik atera eta honetan jartzea, edo pertsona bat egun guztia horretarako bakarrik izatea, asko nabaritzen da», esan du Santamariak. Izan ere, zortzi urte hauetan asko aldatu omen da kirol hau: «Hasieran lagunarteko zerbait zen. Dena elkartearen bidez egiten zen, baina gaur egun klub bakoitza mundu bat da, eta berek beren behar guztiak beren taldeen bidez lortzen dituzte. Gainera, hasieran, barrenak ez ziren gaur bezalakoak; asko hobetu dira. Harriak ere ahal zen lekutik ekartzen zituzten, batere landu gabe. Gaur egun, harriak enpresetatik ekartzen ditugu, eta landuta datoz. Taldeek ere prestakuntza handia egiten dute. Hilabete asko pasatzen dute entrenatzen; urtetik urtera serioagoa da». Badirudi amaitzear den urte honetan bere garaian horrenbesteko ospea izan zuten apustuak ere hasi direla jokatzen. Aurten bi jokatu dira. -
DONOSTIA
|