- Berezkoen Superprestigioa
Ezkurrak finalerdietarako txartela eskuratu du
·Waltarik Sorhueti ez zion inolako aukerarik eman
WALTARI 40 SORHUET
8
EZKURRA II 40 OZAFRAIN 39
DONIBANE GARAZI
Paxkal Ezkurra da Superprestigioko finalerdiak jokatzeko sailkatu den lehenengoa, atzo Patrick Ozafrain menderatu baitzuen. Dudarik gabe, atzo arratsaldeko bi partidetatik hori izan zen onena, oso orekatua izateaz gain, biek maila handia eman baitzuten.Hastapenean, Ezkurra II.a nagusi izan zen; bost tanto inguru beti aitzinetik izan zen, eta hamarreko aldea ere eskuratu zuen (35-25), baina Urruñakoa aurretik egindako lanaren ordaina jasotzen hasi zen, eta Ozafrainek gorantz egin zuen. Emeki-emeki, markagailuan gerturatzen joan zen, eta 39-39n adostu ziren. Bankako atzelariak zailena egin zuen partida berdinduta, baina ezin izan zuen bere erreakzioa berak nahi bezala amaitu; izan ere, azkeneko kintzea Paxkal Ezkurrak egin baitzuen, eta horrela lapurtarrak finalerdiak jokatzeko txartela lortu zuen. Datorren astelehenean gertatzen dena gertatu, multzoko lehenengoa izango da. Ozafrainek Muskarditzen aurka jokatuko du, eta irabazlea joango da finalerdietara. Lehendabiziko multzoan, atzo Waltarik ez zuen izan inolako arazorik Sorhuet menderatzeko. Kubatarra bere buruarekin haserretuta bezala kantxaratu zen, joan den igandean Etxetorekin galdu baitzuen, eta hendaiarrak nozitu behar izan zuen amerikarraren erasoa. 22-2 aitzineratu zen. Hortik amaierara bitarte, kubatarra bakarrik izan zen kantxan, Sorhuetek ezin izan baitzuen ezer egin. Hendaiarrak amaieran egin zituen adierazpenek garbi uzten dute kantxan zer gertatu zen. «Berak asko jokatu du.Nik pilota ikusi ere ez dut egin, eta horrela gauza gutxi egin daiteke», esan zuen Sorhuetek. Atzo garaitu ostean, finalerdietan sartzeko urrats handia egin du Waltari kubatarrak, nahiz eta multzoko lehenengoa izatea oso zaila izango den. Datorren astelehenean Etxetok eta Sorhuetek jokatuko duten neurketan, inor gutxik uste du egungo txapeldunak hutsik egingo duenik.
|