GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Ekonomia 2006-12-11
Iñigo UNANUE | Elgoibarko Makina Erreminta Institutuko irakaslea
«Enpresek balio gehigarria eman diezaieketen langileak behar dituzte gaur egun»
Elgoibarko Makina Erreminta Institutuak Proiektuetan Oinarritutako Irakaskuntza (POI) izeneko metodologiari buruzko mintegia antolatu zuen duela gutxi. Hezkuntza esparru desberdinetako eta enpresa munduko 170 pertsona bildu ziren bertan, metodologia berritzaile hori nola aplikatzen den bertatik bertara ezagutzeko. Mintegiko koordinatzaile Iñigo Unanuek POIk ekar ditzakeen onurak azaldu zizkion GARAri.

Duela egun gutxi antolatutako mintegiaren koordinatzailea izateaz gain, Iñigo Unanue Elgoibarko Makina Erreminta Institutuko Prestakuntza Iraunkorreko irakaslea da. Hain zuzen ere, ikastetxe horretan Proiektuetan Oinarritutako Irakaskuntza (POI) izeneko metodologia berritzailea aplikatzen duen irakasleetako bat da. Hezkuntzan POI gisako metodoak erabiltzearen aldekoa da Unanue, nazioarteko merkatuan lehiatzeko orduan hezkuntza mota horrek enpresei «balio gehigarria» ekar liezaiekeelakoan.

­Mintegian Proiektuetan Oinarritutako Irakaskuntza (POI) aplikatzen duten erakundeen esperientziak azaldu zituzten, baita unibertsitatean, Lanbide Heziketan, Batxilergoan eta Lehen Hezkuntzan metodologia horrek duen erabilgarritasuna azaldu ere. Baina zer da POI?

Lanbide Heziketan proiektuekin lan egiten dugu. Beraz, POI proiektu batean oinarritutako irakaskuntza da. 2004. urtean hasi ginen metodologia hau aplikatzen. Bi ziklotan ematen dugu: Produkzio Mekanikoan eta Diseinuan. Helburua 2010. urterako Elgoibarko Makina Erreminta Institutu osora metodologia hau hedatzea da.

­Zertan datza zehazki?

Enpresa batera proiektu bat iristen denean, proiektu hori mahai gainean jarri eta lana banatzen da. Ikastetxean gauza bera egiten dugu, ikastetxea enpresa bihurtuz. Horrela, maila tradizionalean garatzen ez diren gaitasunak jorratzen ditugu. Adibidez, maila tradiziona- lean, hogei bat ikasle dauden gela batean era orokorrean ematen dira ikasgaiak. POIrekin, aldiz, hogei ikasle horiek mahai gainean jarritako proiektuan parte hartzea eta bakoitzak bere ardurak izatea lortzen da. Ardura horien bitartez autonomia, taldeko lana, ahozko komunikazioa, idatzizko komunikazioa eta era tradizionalean lantzen ez diren beste zenbait gaitasun garatzen dira. Hain zuzen ere, gaur egungo enpresek hainbeste eskatzen dituzten gaitasunak jorratzen dira. Azterketekin, esate baterako, ikasleak zenbat dakien jakitea bilatzen da. Kontua da irakaskuntza tradizionalaren tresna horren bitartez beste gaitasun batzuk ez direla lantzen, bai maila afektiboan eta bai maila emozionalean ere. Zer gertatzen da orduan? Enpresa batera doan ikaslea aditua izan daitekeela gai batean, baina komunikatzeko edo taldeko lana egiteko gai izan ezean, ikasleak dakien hori ez du transmititzen. Indibidualki lan egiteko gai izango da, bai, baina gaur egun taldeko lana eskatzen da. Beraz, POIrekin orain arte garatu ez diren gaitasunak jorratzeko aukera dago.

­Irakaskuntza metodo honek zer onura ekar ditzake?

Oso metodologia eraginkorra da, ikaslea bera motibatuta egotea lortzen baita. Irakaslea edo ugazaba etortzea itxaron gabe, ikasleak edota langileak badaki zer egin behar duen, lana planifikatuta baitauka. Eta planifikazio horren barruan autonomia dago, irakasleak edo ugazabak ipinitako legeen barruan. Mintegian, Aolborg Unibertsitateko (Danimarka) Ingeniaritza Fakultateko zuzendari Torben Rosenornek adibide polita jarri zuen: futbol zelai batean aritzen direnek bertako legeak badakizkite eta horien barruan jokatzen dute, baina jokalari batek baloia mugitzeko orduan berak ipintzen ditu legeak, bere gaitasunen arabera. Hori da autonomiaz jokatzea.

­Zer-nolako proiektuak gauzatu dituzue orain arte?

Enpresa asko inguruan ditugunez gero, saiatzen gara lantegiak bisitatzen eta hortik ideiak ateratzen proiektuak garatu ahal izateko. Proiektu moduan, adibidez, erreminta desberdinez osatutako kaxa bat garatu dugu, torloju buru desberdinak dituzten erreminta kit bat sortuz produktu gisa. Kasu honetan, bakoitzak bere ekarria egin du dagokion mailan. Batzuek kontabilitatean, beste batzuek diseinua egiteko orduan eta beste batzuek tornuaren aurrean. Bakoitzak badu zer ekarri, ikasgaia proiektura egokitzen dugu.

­Enpresen beharretara egokitzen zarete orduan. Eta enpresek, zein motatako langileak behar dituzte gaur egun?

XXI. mendean, enpresak behar duen langile-profila ez da orain dela urte batzuetakoa. XX. mendean, ekoitzitakoaren arabera baloratzen zen langilearen maila. Orain, berriz, enpresek beste motatako langilea eskatzen dute: ezagutzaren kudeaketarako eta hausnarketarako gaitasuna duen eta berrikuntzak egiteko gai den langilea, talde-lanean trebea eta sormena duena. Merkatuan lehiatzeko, enpresek balio gehigarria eman diezaieketen langileak behar dituzte gaur egun. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Kultura
Mejoran la asistencia de público y las ventas con respecto a la «floja» edición de 2005
Euskal Herria
Más del 85% apuesta por el derecho a decidir y por el diálogo sobre el marco
Kirolak
Eficientes en el instante más necesario
Kirolak
Mané cambia el signo del Athletic
Mundua
Fallece Pinochet sin que haya sido juzgado por los crímenes de la dictadura
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss