GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006/12/23
Arrasateko Santamasak
Baratze eta korta berezidun baserria
Santamas egunean bete-betean sartu ziren atzo arrasatearrak eta inguruko herrietakoak. Goiz-goizetik, jende andana ibili zen erdiguneko kale eta plazetan barrena, baserri batek dituen txokoezberdinez gozatzen. Seber Altube baratze bilakatu zen, eta bertoko fruta eta barazki ederrak izan ziren salgai. Metro batzuk aurrerago, jakitokia zegoen, ohiko eta Gabonetako produktuekin, eta Laubiden, baserriko izarra: ukuilua. Giro atseginak egun osoan iraun zuen.

Donostiaren eta Bilboren lekukoa hartu zuen atzo Arrasatek. Bertako kaleek eta enparantzek aitona-amonen bizimodua ekarri zuten gogora, erdigunea egun batez baserri erraldoi bilakatu baitzen, Santamas baserri, hain zuzen. Datozen egunei begira, amalurrak nahiz artisauek eskaintzen dizkiguten produktuak eskuratzeko aukera paregabea izan zuten hara bertaratu zirenek.

Seber Altube plaza baratze bihurtu zen, xehetasunez beteriko ortu. Egurrezko postuak koadro txuri eta gorriak zituzten mahai-oihalekin apaindu zituzten eta gainean, zumezko saskiak, denboraldiko fruta eta bazkari ederrak jarri zituzten. Mota eta kolore ezberdineko sagarrak izan ziren oparoenak. Prezioari dagokionez ere, beste horrenbeste esan daiteke. Kilo bakoitzeko zazpi euro ordaindu beharrekoak zeuden tartean. Talo goxoak egiteko arto-irina, bestalde, sei euroan zegoen. Adibideak baino ez dira horiek.

Baserriko jakitokia Biteri plaza berriztatua zen. Arrasatear askoren gustukoa ez den pergolaren azpian ­gasolina zerbitzugune itxura hartzen diote batzuek­, Euskal Herriko ehun bat ekoizle bildu ziren. Ohikoa den moduan, Idiazabalgo gaztak izan zuen harrerarik onena. Kiloa pasata zuen Oletako Atxeta gazta atsegina, adibidez, 16 euroan trukatu zuten.

Baserriko ogiaz eta euskal pastelaz gain, Gabonetan baino jaten ez diren gozoak zeuden salgai, hala nola, zapore ezberdineko turroiak. Itxura ederrari eutsi ezinik, etxera eraman edota kalean bertan zati bat probatzea erabaki zuten askok. Horretaz gain, datozen egunetan hainbeste kontsumitzen diren hestebeteak zein Nafarroako kontserbak ere ez ziren falta izan. Eguerdi-partean, saldutakoarekin nahiko gustura azaldu ziren ekoizleak.

Azpigorri eta sasiardi

Lauabide enparantza Santamaseko korta bilakatu zen. Edozein azokatan ikus daitezkeen behi, pottoka, orein edota astoak han izan ziren, haurren gozamenerako. Helduek, aldiz, ahuntz azpigorri eta sasiardien erakusketari egin zioten kasu gehiago, besteekin alderatuta dituzten ezberdintasunak bilatzeko asmoz.

Haatik, Igor Etxaniz azpeitiarrak, Kinttela-k, animaliak hezteko saio klasikoaren nahiz goi eskolakoaren erakustaldia egin zuen, eta txiki nahiz handien arreta erakarri zuen. Umeentzako zezentxoen bihurrikeriek, bitartean, Laubide plazan bildutakoen artean algarak eragin zituzten. Aspertzeko astirik ez zuten izan bertan.

Handik metro gutxi batzuetara, Jokin Zaitegin, Gasteizko zapatagintzaz, Arrasateko otarregintzaz zein bitxigintzaz, Gatzagako larrugintzaz edota Asteasuko beiragintzaz gozatzeko aukera egon zen.

Hainbeste ikusi ondoren, mokadua hartzeko garaia iritsi zen. Baina ez edozein motakoa. Txistorra Herriko plazan jarritako txosnetan nahiz Alde Zaharreko taberna gehienetan aurki zitekeen. Batzuek nahiago zuten, ordea, taloa erostea, sagardo botila ere ondoan zutela. Eskaintza horren zabala izanik, ziur bat baino gehiago apetiturik gabe joan zela indabak bazkaltzera.

Bestalde, aldarrikapenik ez zen falta izan. Abiadura Handiko Trenaren aurkakoak nagusitu ziren. “AHT gelditu!” zioten pankartez gain, azoka ezberdinen postuetan “Mila arrazoi daude AHT gelditu!” leloa zuten errotuluak ikus zitezkeen. Eguerdian, gainera, kalejira abiatu zen Arbolapetik. Seber Altube plazan, bestalde, dispertsioa arbuiatzeko elkarretaratzea izan zen. 12.00etan, adibidez, Gipuzkoako suhiltzaileak zeuden. Dudarik gabe, egun paregabea izan zen atzokoa, baserriko giroaz gozatzeko. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
El Gobierno español asegura que ya cumple todas las condiciones que le exige el PP
Jendartea
Encuentran sin vida al montañero de Zumarraga desaparecido en Avila
Mundua
Las madres de Beslan repudian el informe que exculpa a las autoridades rusas
Jendartea
La suerte deparó poco, pero muy repartido en Hego Euskal Herria
Kirolak
Futbolistas en activo reclaman pasos efectivos por la oficialidad
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss