Gabonetako zenbait erregalu oraindik gogoratzen ditut. Gogoratzen dut behin nire ahizpa oporretan joan eta bueltan kalean erositako txotxongilo sinple-sinple bat ekarri zidala gabonetarako: pottoki bat kartoizko kono baten barruan, makilatxo batekin mugitzen zena gora eta behera. Erregeek ekarritako beste jostailu guztiak alboratu eta horixe izan zen egunero esku artean erabiltzen nuena.
Ez dut uste umeak, berez, asko aldatu direnik. Txiki-txikitatik berdin da zelako jostailuak erosten dizkiegun, askotan jostailuen kutxekin, arropak eskegitzeko kakoekin, kolonia poto hutsekin edo lehengusu nagusiaren panpina birziklatuarekin askoz gehiago entretenitu eta istorio askoz hobeak asmatzen dituzte. Gu geu gara aldarazten ditugunak. Esan gura dut, gu geu garela hainbat eta hainbat jostailurekin bonbardatzen ditugunak, azken puntakoak, azken modakoak, azken txilioa... ez dadila nire umea izan gutxien daukana. Klasekoek bi dauzkate? Nireak hiru!
Eta momentua heltzen da ume horrek eskatzen besterik ez dakiela. Eta ez edozer. Lehen «zer nahi duzu?» galdetu eta «kotxe bat» eskatzen genuen. Orain, edozein kotxe ez da nahikoa, Fernando Alonsoren Renault R-26a izan behar da. Baina errua ez da eurena. Edo akaso sei urteko ume batek jakin behar du nor ote den Fernando Alonso hori. Zenbat ordu ematen ditu telebista aurrean kalean jolasten egon beharrean?
Umeentzako telefono mugikorrak ere atera dituzte, hori aurrerapena! horrek engatxatuko ez balu legez, horrek beste gastu bat «normal eta beharrezko» ikustera bideratuko ez balitu legez. Aita batek horrela zioen lehengo egunean: «nik ondo ikusten dut telefono horrena, ez da besteak bezain arriskutsua eta modu bat da umea kontrolatuta edukitzeko». Bai jauna! umeak momentu oro kontrolatuta, pertsona bihurtzeko formarik onena! «Eske, gainera, eskatu egiten dute». Eta, jakina, azken belaunaldi aldaketan ezetz esaten ahaztu zitzaigun, traumatizatuko ote ditugun beldurrez.
Ume hiper-erregalatuak, gainez eta bonbardatuta alde guztietatik. Eta zer egiten dugu? Gehiago bonbardatu. Gure bizitza hutsak gauzekin betetzen ahalegiten garen bezala, euren bizitzak ere hustu egiten ditugu apurka-apurka. Eta hori bai dela trauma bat, eta gainera bizitza osorakoa.
Arratsalde bat eskuak pinturaz zikintzen eta atzamarrekin margotzen ahizparekin batera. Horixe nire txikitako oparirik onena. -