EAJk eta EAk Gipuzkoako aurrekontuak onartu dituzte PSEren abstentzioarekin
Gipuzkoako aurrekontuak onartu zituzten atzo EAJk eta EAk. PSE abstenitu egin zen, eta PPk, Ezker Batuak eta Aralarrek, berriz, kontra bozkatu zuten. Datorren urterako kontuak 840 milioi eurokoak izango dira. Joxe Joan Gonzalez de Txabarrik oso balorazio positiboa egin zuen, bere hitzetan, onartu diren aurrekontu «onenak» baitira. Gainonerako talde politikoak, aldiz, ez dira iritzi berekoak, eta argudio desberdinekin gogor kritikatu zituzten.
DONOSTIA
Gipuzkoako Batzar Nagusiek datorren urterako aurrekontuak onartu zituzten atzo EAJren eta EAren botoekin. Bi talde horiek osatzen dute Gober- nua. 840 milioi euroko aurrekontuak dira. Ahaldun nagusi Joxe Joan Gonzalez de Txabarriren esanetan, orain artean onartu diren «onenak» dira. Plazaratu zuenez, «berrikuntza, azpiegitura eta gizarte politikaren ataletan, Gipuzkoak behar duen lurralde politika estrategikoari erantzuten diote». Era berean, Aralarren jarrerak harridura sorrarazi diola helarazi zuen. «Osoko bilkura egin aurretik jarraitzen den prozeduran abstenitu egin zen. Aralarri beste taldeei baino emendakin gehiago onartu zaizkio, eta, orain, kontra bozkatu du. Ez da ulergarria», adierazi zuen Gonzalez de Txabarrik. Aralarreko batzarkide Rebeka Uberak zera helarazi zuen: «Agerian gelditu da ez ditugula lehentasun berberak». «Gobernuak ez du aurrekontuakhobetzeko beharrik ikusi. Argi dago bik ez dutela hitz egiten batek ez badu nahi eta horixe izan da aurtengo kasua», esan zuen. Onartu berri diren aurrekontuen gabezien artean, Tolosan zahar etxe berririk ez dela egingo eta Ordizian eguneko zentrorik ez dela egongo aipatu zuen. Horrez gain, tratu txarrak pairatzen dituzten emakumeen arretarako «oso diru gutxi» bideratu dela eta zaborren arazoaren konponbidean «jauzi kualitatiboa emateko urrezko aukera galdu» dela gaineratu zuen Uberak. PSEko taldeko bozeramaile Miguel Buenek «beste urteetan ez bezala», Gobernuak «negoziatzeko borondate eza» erakutsi duela nabarmendu zuen. Bere ustez, aurrekontu horiei «garraio publikoen, gazteentzako babestutako alokairuzko etxebizitzan eta ongizatearen alorrean ausardia falta zaie». Buenen iritziz, «beste aurrekontu batzuk posible» dira Gipuzkoan. PSEk, dena den, ez zuen kontra bozkatu. «Egungo une politiko garrantzitsu honetan, Gipuzkoako herritarrak batzera zuzendatutako politikak eta adostasuna nagusitu behar dira. Horregatik abstenitu gara», azaldu zuen Buenek. PPko bozeramaile Regina Otaolak Arantzazuko Baketik zentroari 100.000 euro eman izana gogor kritikatu zuen. Bere hitzetan, Jonan Fernandezek zuzentzen duen proiektua «nazionalismoan doktrinatzeko gunea» da. «Non zeuden ETAk hiltzen zuenean? Zergatik orain eta ez lehen?», galdetu zuen. EAko eledun Ińaki Galdosek Frantziskotarrei «errespeturik ez» izatea leporatu zion. Ezker Batuko kide Patxi Coirak aurrekontuekin bat ez datorrela azaldu zuen osoko bilkuran. «Beste behin ere ez dituzte herritarren arazoak konpontzen», nabarmendu zuen. Buenek adierazitakoaren ildotik, Coirak ere negoziazio prozesua kritikatu zuen. Haren hitzetan, «kalitate eskasekoa eta oso azkarra» izan da. «Ez da negoziatzeko borondaretik egon», gaineratu zuen.
Gabeziak nabarmendu eta bazterketa salatu du AuBk
DONOSTIA AuBk Leire Ereńori, Batzar Nagusietako lehendakariari, plataformaren ordezkaritza errespetatzeko eta aurrekontuen eztabaidan parte hartzen uzteko exijitu zion. Eskaera ezerezean gelditu da. «Hiru urte luze hauetan, bazterketa erabatekoa izan da. Gipuzkoako aurrekontuak onartzeko EAJ eta EA ilegalizazioaz eta ‘apartheid’ak ematen dien gehiengo osoaz baliatu dira. Berriro ere, 65.000 gipuzkoarren iritzia baztertu dute», salatu zuen. «Bazterketari bere horretan eusteak» egoera «okertu» besterik ez duela egiten aditzera eman zuen. Aurrekontuei dagokienez, «menpekoak eta baztertzai-leak» direla plazaratu zuen. «Gipuzkoak 516 milioi euro emango dizkio Estatuari, aurten baino 92,6 milioi gehiago, besteak beste, Auzitegi Nazionala, Errege-etxea, polizia, tortura eta abar ordaintzeko», helarazi zuen AuBk. «Politika soziala eskasa da. Eredu iraungaitza bultzatzen dute. Iraunkortasuna nahiko trakets gelditzen da, errepide sailaren aurrekontua ikusita; 447 milioi errepideak egiteko eta 10,5 bizikletentzako bideak egiteko. Autoaren aldeko apustua eta iraunkortasunaren aurkakoa argi gelditu da», esan zuen. Oro har, aurrekontuak «ilunak» direla aditzera eman zuen. «Herritarrek informazio zuzena edukitzea ezinbesteko baldintza da eztabaida soziala bultzatzeko eta aurrekontu parte-hartzaileak egiteko. Erabat eskandalugarria da Gipuzkoako lehen erakundeak informazioa ezkutatu eta manipulatzen jarraitzea», mahaigaineratu zuen plataformak.
|