- Frantziako Kopa
Aviron eta Lyon urtarrilaren 7an neurtuko dira
BAIONA Avironek eta Lyonek urtarrilaren 7an igandea jokatuko dute Frantziako Kopako bederatzigarren kanporaketa, Jean Dauguer zelaian. 17.45ean hasiko dute norgehiagoka.Avironek urtarrilaren 5ean nahi zuen jokatu partida hau, 6an ezinezkoa baita. Egun horretan errugbi partida dago Aviron eta Stade Françaisen artean, eta lehendik data jarrita dagoenez, ezinezkoa zen aldatzea, eta horregatik, 5a aukeratu zuen Avironek. Hasiera batean Lyonek ez zuen aitzakiarik jarri partida hilaren 5era aurreratzeko, eta bazirudien Frantziako Federazioak ere ez zuela jarriko, baina gero, Lyonek atzera egin zuen, Gabonetako oporrak pasata, urtarrilaren 2an itzuliko baitira entrenamenduetara, eta partida prestatzeko egun gutxiegi zutela argudiatu zuten. Hori dela-eta, urtarrilaren 7an jokatzea besterik ez zen geratzen. Avironen kezka, ordea, zelaia da. Errugbi partida baten ostean, ez da egoerarik onenean geratzen, eta horregatik nahi zuten norgehiagoka horren bezperan jokatu. Gainera, eguraldi txarra egingo balu, egoera oraindik eta txarragoa izango litzateke, baina zelaiaren arduradunek behar bezala zaintzen saiatuko direla agindu omen diete. Bestetik, Jean Dauguerren 14.000 ikusle pasa sartzen dira, eta Avironek ez du uste Federazioak zaleen sarrera kopurua hortik behera jaitsiko duenik, atzo Manu Merin Avirongo presidenteak GARAri jakinarazi zionez: «Ez dut uste. Orain dela bi urte segurtasun neurriak zirela medio, uste dut 2.000 lagun gutxiagorentzat izan zirela sarrerak, baina ordutik harmailak berritu dira, eta orain denak eserita egoten dira. Beraz, uste dut 14.000 sarrera saltzeko moduan izango garela», esan zuen. Sarreren salmenta, berriz, urtarrilaren 2an hasiko dute, eta Jean Dauguer zelaiko harmailak gainezka izango diren zalantzarik ez dago.
Gaur, Liga
Koparen aurretik, ordea, Liga dago, eta hori da Avironen erronka nagusia, helburua N1era itzultzea baita. Gaur, 19.30ean hasita, Les Herbiers taldea hartuko dute Didier Deschamps zelaian.Frantziarrak sailkapeneko azken-aurreko postuan daude, eta orain arte bi partida besterik ez dituzte irabazi. Avironek, ordea, etxean izaten ditu lanik handienak. Kontraerasora jokatzea du gustuko, baina kanpotik datozen taldeak, berriz, itxi egiten dira, eta zuri-urdinei asko kostatzen zaie beren jokoa egitea. Dena dela, gaurko partida irabazi beharrekoa da. Baliteke honako hau izatea partida horretan zelairatuko duen hamaikakoa: Bouet, Lespiaucq, Lestage, Estrade, Degoul, Bidegain, El Hajjam, Louit, Van de Bruwenne, Comets eta Bouzena. Genets ere maila berean dago, baina gaurko jardunaldiko partida aurreratu zuten. Halaber, 1-2 irabazi ere egin zuten eta orain oporraldi luzeagoa izango dute.
|