GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006/12/23
Lardizabal, orain 150 urte euskal gramatika era didaktikoan aurkeztu zuen euskaralaria
Hizkuntzari dagokionez, hitz biltzaile izan zen Francisco Ignacio de Lardizabal. Besterik ez bazuen, harri gainean idazten omen zituen entzundako hitzak, papera ez baitzen orain bezain ugari. Baina guregana iritsi den bere irudi nagusia ez da lexikografoarena, idazle saiatu batena baizik. Hala ere, berea da euskal gramatika modu didaktikoan emateko XIX. mendean egin zen ahalegin nagusia. Ez zuen bide berririk ireki, lehendik egindakoak erabili baitzituen bere «Gramática vascongada»n. Horiek eta beste hainbat zertzelada eman zituzten atzoko aurkezpenean Mikel Zalbidek, Beñat Oiarzabalek eta Jose Antonio Mujikak.

DONOSTIA

Apaiz, hizkuntza-miresle, tradizioaren aldeko izan zen Lardizabal. XIX. mendearen bigarren erdialdea bete zuen zaldibiarrak. Lehen karlistaldiaren lekuko eta parte-hartzaile ere izan zen, Mikel Zalbidek aurkezpenean gogoratu zuenez. «Zenbaitek besterik pentsatzen bagenuen ere, euskal apaizak ez ziren blokean karlista izan. Zaldibian, esaterako, bost apaizetik bi liberal porrokatu ziren, beste bi karlista sutsu eta bosgarrena zain geratu zen gauzak zertan bukatzen ziren erabakia hartzeko», esan zuen.

Andriani gotzainaren esku-mutil izan omen zen Lardizabal eta Gipuzkoako moja komentuen ikuskari ere bai. «Bere ikuspegi sozio-erlijioso hori aintzat hartu gabe nekez koka daiteke Lardizabal bere lekuan. Gipuzkoak aldakuntza handiak bizi zituen garai horretan. «Bide-berritzeak ezagutu zituen, Donostia ingurua eta Oria edo Deba ibarrak tximinia luzedun fabrika berriz betetzen nola hasi ziren ikusi zuen. Trenbideak ez zituen martxan ikusi, baina trenbideak egiten bai eta eskolen zabalkundearen hasierako fasea ere ezagutu zuen. Orduan gazteenak irakurtzen zuen etxean eta familia osoak entzuten zuen. Gehienek ez zekiten irakurtzen. Foru-agintearen kontrako lehen zartadak ikusteko aukera ere izan zuen. Aldaketa horien aurrean jatortasun etonolinguistiko eta soziokulturalaren molde baten babesle ere izan zen», jarraitu zuen Zalbidek.

Euskararen gainbeherari aurre egiteko orduan bere aurretik Kardaberazek, Astigarragak eta Iturriagak bereziki eskola bidez antolatutako bidearen jarraitzaile izan zen herri-aginteek markatzen zituzten proiektuetan. Eskolak erabili nahi zituzten euskaldunak ziren haurrak elebidun bihurtzeko. «Jatortasun etnokulturalarekiko uztartze saioak ere orduan egin ziren Iztuetaren kantu eta dantzen bidetik», esan zuen Zalbidek. Giro horretan kokatzen da bere gramatika ere.

Euskararen aterpea

Beñat Oiarzabal euskaltzainburuordeak honakoa aipatu zuen: «XIX. mendeko euskal aditzaren azterketa frantses gramatikagintzaren hegalpean egin zen eta Iparraldeko gramatikariak aritu ziren gehienbat egiteko horretan. Mugaz hegoaldean XIX. mendean euskaralaritzan gauza gutxi egin da oro har. Mende hondarrera arte itxaron behar da Nafarroan Kanpionen gramatika ukaiteko. Bizkaian mendearen hastapenean Astarloaren lanak daude eta mendearen bukaeran Azkue gaztearen euskal ‘izkinde’ edo gramatika berezi hori dago. Horretaz kanpo ezer gutxi, Zabalak egindako bizkaierari buruzko azterkerta bat, 1848an argitarat eman zena. Baina lan hori ere Gipuzkoan argitaratu zen eta hemengo erakundeek lagundurik. Beraz, ageri da mende erdi aldera euskarak Gipuzkoan aurkitu zuela aterpe bat. Baina euskararen aldeko jarrera hori erabat pragmatikoa izan zen. Lan horietan ez dago gogoeta teorikorik. Eta bereziki eskolaz baliatu nahi izan zuten euskara sarrarazteko. Gramatika hau espiritu horretan egina da». Gramatika hori ez da, beraz, euskara ikasteko egina, euskaldunentzat egina baizik eta erdaraz adierazten du nolakoa den beren hizkuntza.

Jose Antonio Mujikak, azkenik, Larramendiren eta Lardizabalen arteko loturak aztertu zituen eta «aurreko gramatikariek esan zutena hartu eta modu didaktikoan aurkeztera» mugatu zela esan zuen, horixe baitzen Gipuzkoako irakasleek behar zutena. Larramendik markatu ziola bidea gaineratu zuen, nahiz eta Lardizabal, Larramendi ez bezala, «neurtua» zela nabarmendu. Gramatikaren erdia baino gehiago aditz taulak dira eta horretan egin zuen lan izugarriaz mintzatu zen Mujika.

Joxe Juan Gonzalez Txabarriren hitzekin abiatu zen, dena den, ekitaldia. Euskararen irakaskuntza orokortzeko asmoz eman ziola esan zuen Foru Aldundiak Lardizabali euskal gramatika bat egiteko agindua eta, ahaldun nagusiak gogoratu zuenez, eskoletan banatu ziren gramatikaren hainbat ale.

Ahaldun nagusiak Foru Aldundiaren «hegalpean» argitaratu ziren euskal obren aipamena egin zuen, Lardizabalenaz gainera, Larramendiren “De la antigüedad y universalidad del vascuence” eta “Diccionario trilingüe” edo Frai Mateo Zabalaren euskal aditzari buruzko lanak argitaratu baitzituen. «Topiko bat izan da euskarak ez duela erakundeen babesik izan eta Lardizabalen gramatikaren inguruan egin diren lanek topiko hori matizatu egin behar dela erakutsi dute», esan zuen Gonzalez Txabarrik.

Andres Urrutia laguntza eske

Joan den mendean Gipuzkoako Aldundiak euskararen alde izan zuen jarrera gogoratuz abiatu zuen Gonzalez Txabarrik ekitaldia. Beñat Oiarzabal euskaltzainburuordeak XIX. mende erdialdera euskarak Gipuzkoako erakundeetan aterpea aurkitu zuela frogatu zuen eta Urrutia euskaltzainburuak abagunea baliatu zuen “Euskal Gramatika Orokorra” atera ahal izateko ere laguntza eskatzeko. Irribarre batekin entzun zuten guztiek eskaria. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
El Gobierno español asegura que ya cumple todas las condiciones que le exige el PP
Jendartea
Encuentran sin vida al montañero de Zumarraga desaparecido en Avila
Mundua
Las madres de Beslan repudian el informe que exculpa a las autoridades rusas
Jendartea
La suerte deparó poco, pero muy repartido en Hego Euskal Herria
Kirolak
Futbolistas en activo reclaman pasos efectivos por la oficialidad
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss