GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006/12/23
Barrutiaren «Acto para Noche Buena»k hirugarren emanaldia du gaur Aramaion
Joan den asteburuan Arrasaten bi emanaldi egin zituzten. Aramaion izango dira gaur eta urtarrilaren 7an Agurainen arituko dira. Telebistarako ere egin dute beste emanaldi bat eta ez da gutxiagorako, Juan Inazioren «Acto para Noche Buena», dakigunez, euskarazko lehen testu dramatikoa baita. Jose Mari Velez de Mendizabalek hogeita hamar urte darama testu horrekin bueltaka.

ARRASATE

Aramaioko kultur etxean emango dute gaur, 20.00etan hasita, Juan Inazio Barrutiaren “Acto para Noche Buena” edo Gabon Ikuskizuna. Joan den asteburuan bi emanaldi egin zituzten Arrasaten. Hirugarren aldia da, beraz, euskaraz ezagutzen den lehen antzezlana agertoki batean ematen dutena eta, izan duen arrakasta ikusita, Aguraindik ere deitu diete eta urtarrilaren 7an izango dira bertan.

Joxe Mari Velez de Mendizabal izan da testua egokitu eta antzezlana ematera taldea animatu zuena. «Nire eskuetara iritsi zen lehen testua Arestik argitaratu zuena izan zen, jatorrizko bertsioa, alegia. Bere garaian Juan Karlos Gerrak aurkitu zuen testu hau Biguri izeneko arrasatear baten etxean. Biguri hori Barrutia familiaren testamentu betearazlea izandakoa zen. Eta Barrutia, berriz, XVI. mendetik aurrera herriko jauntxo indartsuena izan zen eta liburutegi handi bat zuen. Juan Karlos Gerrak bere amari entzun omen zion ikusia zuela horrelako testu bat eta hasi zen liburutegia arakatzen. Aurkitu eta Azkueri bidali zion», hasi zen Joxe Mari Velez de Mendizabal. Hogeita hamabost urte badira Eusko Ikaskuntzako idazkaria testu horrekin lanean ari dela eta xehetasun guztiak dakizki.

«Erdarakadaz josita zegoela ikusi zuen Azkuek eta goitik behera aldatu zuen. Euskaltzaindiaren idatz lehiaketa batera ere norbaitek aurkeztu zuen testu hau orraztu batzuekin eta lehen saria irabazi zuen. 1950. urte inguruan izan zen hori. Euskaraz ezagutzen dugun lehen euskarazko testua da eta inork ez zekien nonbait existitzen zenik ere», jarraitu zuen. Juan Inazio Barrutia 1759an hil zen eta baliteke testua hogei urte lehenagokoa izatea. «Nik arakatu ditut Arrasateko artxiboak eta ez dago inoiz taularatu duten aztarnarik. Antzezlanean agertzen diren pertsonaien berri bai aurkitu dut», esan zuen.

Arrasate Belen bihurtzen du

Plazan emateko ikuskizuna da. Erdi Aroko antzerki tradizionalaren egitura du, baina erabat modernista dela dio Velez de Mendizabalek, herriko pertsonaia eta giroa sartzen baititu Barrutiak. «Ońatiko unibertsitatean ikasiko zuen beharbada, ez dakit, baina izugarri ondo ezagutzen ditu antzerki teknika guztiak», esan zuen.

Arrasate Belen bihurtzen du eta Ama Birjina, San Jose eta haurra garaiko pertsonaiez inguratzen ditu. «Garai hartako arrasatearrak dira, izen eta goitizenekin. Hori ez da auto sakramentaletan ematen», jarraitu zuen.

Garaiko euskara darabil. Barrutiak Arrasatekoa ez ezik inguruetako euskara ere ezagutzen du, baina hitz jantziekin janzten du testua. «Eskribaua izan zen Arrasaten. Gaztelania nahasten du testuan, baina euskara ere oso ondo menderatzen duela ikusten da», adierazi zuen Barrutiaren ikerlariak.

Antzezpenerako, hala ere, egokitu egin du testua.



Hamabost laguneko taldea
J.A.
ARRASATE

Barrutiaren “Acto para Noche Buena”k balio antropologikoak eta etnografikoak ere baditu. «Gabonetako garaiko afariak, garaiko pertsonaiak eta garaiko gizartea deskribatzen ditu. Askotan esan dut Barrutia garaiko kronikagile ere bazela. Baina zati horiek kendu egin behar izan ditugu ikuskizunaren mesedetan eta hizkuntza ere zertxobait moldatu egin behar izan dut, gauza arkaikoren batzuk kenduz», esan zuen Jose Mari Velez de Mendizabalek. Atalak bereizteko kantuak erabiltzen ditu eta bi izan ezik besteak gaztelaniaz dira. Joan den asteburuan Arrasaten eman zuen ikuskizuna eta birritan bete zuten antzokia.

«Aspaldidanik nenbilen obra honek agertokira eramatea merezi zuela esanez eta orai bi urte konbentzitu nuen talde bat. Neu ere barruan sartu naiz aktore», esan zuen.

Arrasaten egindako bi emanaldiez gainera, telebistarako hirugarren bat egina dute, zein katetan emango den ez badakite ere. Hamabost aktore dira eta Arrasateko abesbatzako kide batzuk ere sartu dira.

Gaurko emanaldiaren ondoren Agurainen izango dira urtarrilaren 7an.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
El Gobierno espańol asegura que ya cumple todas las condiciones que le exige el PP
Jendartea
Encuentran sin vida al montańero de Zumarraga desaparecido en Avila
Mundua
Las madres de Beslan repudian el informe que exculpa a las autoridades rusas
Jendartea
La suerte deparó poco, pero muy repartido en Hego Euskal Herria
Kirolak
Futbolistas en activo reclaman pasos efectivos por la oficialidad
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss