BAIONA
Beti kantuan aritu izan diren euskaldunak berriz kantuan jartzea eta aspaldi sortu eta abesturiko obrak ez galtzea; xede horixe izan du Lakak diskoa egiteko garaian. «Baigorrin maite ditugun kantak Euskal Herrian ezagutarazi nahi genituen», esanda azaldu zuen berriki Jean Louis Hariñordoki bertsolari eta kantariak ‘‘Elizatik plazara... Baigorriarren gisara’’ proiektuaren muina.
Lakak urteak zeramatzan egitasmoari buruan bueltak ematen, baina beti denbora falta izaten zitzaion. Azkenean, determinazioa baino instrumentu gehiagorik gabe disko bilakatu den egitasmoa aurrera ateratzea erabaki zuen. Hilabete gutxi batzuetan eta hainbat lagunen parte-hartzearekin auto- produkzioa aurrera ateratzea lortu du Baigorriko kantariak. Elkar argitaletxeak Euskal Herri guztian zabalduko du haren lana.
Berreskuratze xedez
Disko horrek bi helburu nagusi ditu: alde batetik,
gizarteari kantatzeko gogoa jarri nahi dio, orain arte euskaldunen artean
bizirik zegoen elkarrekin kantatzeko ohitura gal ez dadin, eta, bestalde,
galtzear diren hainbat kantu berreskuratu nahi ditu. «Badira hogeita hamabi urte
kantuz ari naizela Ibaigorri taldean tenore, eta oraindik ahotsa dudalarik
galtzera doazen kantu batzuk berreskuratzeko eta ezagutarazteko egin dut disko
hau». Hitz horiekin azaldu zuen kantari euskaldunak kaleratu duen lanaren xedea.
Kantu mota andana
‘‘Elizatik plazara... Baigorriarren gisara’’ laneko kantuen aukeraketa hainbat eremutan egin du Lakak: «Abestiak sailkatu ditut, asko herrikoak dira, eta Eñaut Etxemendik eginak baditu». Azken hori diskoak dituen kolaboratzaile andanaren artean dagoela esan zuen diskoaren sortzaileak: «Ideia izan eta gero jendearengana joan nintzen parte hartu nahi zuten jakiteko, eta pozik agertu ziren nirekin kantatzeaz. Eñaut Etxemendirekin erraza izan zen, zeren eta hark bere kantuak ditu eta berak atseginarekin eman ditu nirekin».
Baigorritik kanpokoak ere bai
Aspaldiko kanten artean denetarik dago. «Otsobi bertsolari eta apezak amari buruz idatzi zituen olerkiak eta amari eskaini zizkionak ‘Ama’ kantuan kantatzen ditut Erramun Martikorenarekin. Otsobi Erramunen etxean bizi izan zen bere sorterrira bueltatu aitzin», esanda diskoaren kutsu baigorriarra ezin hobe nabarmendu zuen Lakak. «Badira lau eliza kantu ere, bi Baigorrin bakarrik kantatzen direnak», esan zuen abeslariak.
Baigorritik kanpo heldu diren kantuak ere presente dira: «Badira kantu zuberotar batzuk, mezuak ez du deus berezirik, baina euskalkian emanak dira eta oso interesgarriak dira hizkuntza lantzeko».«Abesti andana ahots hutsez eginak da, garai batean kantatzen zen bezala. Beste kantuetan Baigorriko musikari batzuek lagundu naute», nabar- mendu zuen Lakak jaso dituen kolaborazioak eskertzeko.
«Kantua biziarazteko herriak kanta dezan»
Baigorriko abeslariak «kantatzeko gogoa» eragin nahi du bere diskoa entzuten dutenen artean. «Ez bakarrik besteek entzutea, baizik eta herria, lehen bezala, aktiboa izatea, kantatzea» bilatzen duela azaldu zuen Lakak. -