BILBO
Mokauak doinu elektronikoak eta akustikoak nahasten ditu. Hip-hopetik eta musika elektronikotik gertu dago kaleratu berri duen diskoa.Berrogeita hiru minutuko iraupena du lan honek. Ordenagailu bitarteko lanak izan dira nagusi laukotearen ibilbidean. Oraingoan interpretazioari eman diote garrantzia, ahotsari. Euskaraz dira abesti guztiak, eta gizarte, kultura zein politika gaiei buruz mintzo dira kantetan.
«Orain arte irudiarekin harremanetan egin izan dugu musika. Arlo musikala bereizi nahi izan dugu eta kantuak sortu CD euskarrian.CD-Rom eta DVDak kaleratu izan ditugu, baina inoiz ez CDrik», azaldu dio GARAri Ander Garaizabalek.
Musikari dagokionez, makina bidez sortu dituzte oinarri erritmiko batzuk, baina tresna errealak ere sartu dituzte. Gitarra eta baxuaren presentzia oso nabaria da.
Eurek sortutakoak dira abesti guztiak. Diskoa Arriola antzokian grabatu zuten iragan udan. Arrasateko Shot! estudioan nahastu eta Logela Multimediak jarri du kalean. «Autoekoizpen honetarako gertuko bitartekoak eta gertuko espazioak erabili ditugu», aipatu dute.
Gorka Molero (gitarra, teklatuak, konponketak), Karlos Gomez (baxua, kontrabaxua) eta Imanol Garaizabal (diseinua, bideoak eta bideo-jockeya) dira Ander Garaizabalen (ahotsa, hitzak, sekuentziak, bateria) bidaialagunak abentura honetan.
Otsailean taula gainera
Logela Multimedia lan honetan oinarritutako ikuskizuna prestatzen ari da, eta otsailetik aurrera taularatuko du. Korrika Kulturalaren egitarauaren barne egongo dela iragarri dute. Urte bukaerarekin batera kaleratutako CDan eta DVDan bildu dituzten edukiekin eta beste zenbait elementurekin sortutako emanaldia izango da. Elorrioko Arriola Kultur Aretoan estreinatuko dute ikus-entzunezko kontzertu hori.
Bien bitartean, kalean diren diskoa eta DVDa Elkar etxearen dendetan zein Internet (www. logela.org) bidez eros daitezke.