«Kaleratuak berriz hartu arte hemen izango gaituzte»
Dornierreko, hau da, Iruñeko gune urdineko kontzesioa duen enpresako langileak ia berrogeita hamar egun egin dituzte lanuzte mugagabean. Hitzarmen duin bat eskatzen dute, eta protestaldia hasi zutenetik enpresak kaleratutako bost lankideak berriz hartzea ezinbestekotzat jotzen dute.
IRUÑEA
Iruñeko gune urdinetako kontrolatzaileek azaroaren seian hasitako mugagabeko lanuzteak aurrera jarraitzen du, eta oraingoz, behintzat, ez dute bertan behera uzteko asmorik. «Udalak eta Dornierrek ezer egiten ez duten bitartean jarraituko dugu», esan du UGTko ordezkari Blanca Caballerok.Are gehiago, joan den astean enpresak bost lagun kaleratu dituela jakin ostean. «Langileak oso tinko daude hasieratik, baina azken kaleratzeek indarra eman diete. Kaleratuak berriz hartu arte eta gure egoera hobetu arte hementxe izango gaituzte», agertu du LABeko Rosa Garcia ordezkariak. Izan ere, joan den astean egunero-egunero 12.30ean Iruñeko Udalaren parean «Gune urdina greban, hitzarmen duin baten alde» lemapean elkarretaratu ziren langile horiek, eta ez diote alderdi politiko eta eragileekin biltzeari, ezta komunikabideetan euren iritzia emateari ere utzi: «Udalak eta enpresak ez dute ezer egiten, beraz guk egin beharko dugu», gaineratu du Garciak. Guztira 188 bat lagunek egiten dute lan Dornierren, Iruñeko gune urdineko kontzesioa duen enpresan. Horiek lau lan taldetan banatzen dira: kontroladoreak, talderik jendetsuena 100 bat langilerekin, garabi zerbitzua bigarrenik, hogei bat langilerekin, kobratze zerbitzua eta bulegoak, azkenik. Greba batez ere kontrolatzaileak ari dira egiten, izan ere, garabi zerbitzuetan ezarritako gutxiengo zerbitzuak «ia %100ekoak» dira LABeko Garraiolaritza Aholkularitzako arduradun Alberto Juradok esandakoaren arabera, eta ondorioz «langile bakoitzak oso greba egun gutxi egin ahal ditu», salatu duenez. Kobratze zerbitzuetan ere arazo berbera dute. Elkarretaratzeetako batean esan zutenez, «fronte» askori egin behar diote aurre orain, hitzarmenaren negoziazio latza gutxi balitz, kaleratzeak, mehatxuak eta zigorrak jasan behar dituzte-eta lanuzte mugagabearengatik.
Kaleratzeak «Lanuztearekin hasi ginenetik bost kaleratze izan ditugu, hain zuzen parkimetroak boikoteatu dituztela esaten duelako enpresak. Beste hamaika espediente ere ireki ditu gainerako langileen lanerako eskubidea errespetatu ez dutela egotzita, eta egin ditugun protestaldi guztietan udaltzaingoen presioa oso gogorra izan da, atzetik izan ditugu era bortitzean uneoro», esan du Caballerok.
«Lankide batek zioen bezala, egun hauek lapurretak egiteko oso egokiak izan dira, Iruñeko udaltzaingo gehienak eta Polizia Nazionala ere gure atzetik izan baititugu», erantzun du Garciak. Gaur-gaurkoz euren egoera ez da batere erraza, batez ere Eguberriak gertu daudela kontuan hartuta. «Joan den hilabeteko soldataren lehen bost egunei dagoekien soldata ez dugu kobratu, beno, egia esan, bitan banatuta eman digute eta gaizki gainera. Batzuek hiru euro bakarrik kobratu dute, beste batzuek 90 euro. Nola biziko gara diru horrekin?», galdetu du UGTko kideak. Udaletxe parean elkarretaratuta zeudela langileek euren artean hitz egiten zuten eta Eguberri hauek beste batzuk baino «izorratuagoak» izango direla zioen batek baino gehiagok. «Eskerrak behintzat gaur bertan Eguberrietako aparteko ordainsaria kobratu dugula, bestelaŠ», zioten. Hori bai, jada ez dira inorekin fidatzen, eta Garciak itxaroteko esaten zien: «Lehenengo ordainketa ondo egin duten ala ez ikusi behar dugu, ez dadila aurreko hilabeteetako gauza bera pasatu».
Udalaren pasibotasuna Langileek adierazi dute Dornierrekin akordio batera iristea oso zaila dela; azken bileretan ez dute aurrerapauso bat bera ere eman, eta diru igoera oso urriak planteatzen dizkiete. Juradok azaldutakoaren arabera, azken proposamena urteko bost euroko igoera izan zen, eta «beste tontakeria baten bat. Adibidez, aitatasun eskubidearena, berez legeak agintzen duena».
Udalaren pasibotasuna ere salatu dute langileek. «Berez Dornier azpikontrata bat da, eta irabazien %2 soilik eskuratzen du, gainonerakoa Udalarentzat da. Beraz, gure ustez Udalaren papera honetan guztian oso garrantzitsua da», esan du Juradok. Baina, salatu dutenez, UPNk ez du berekin bildu nahi, eta CDNk ere ez, orain egun batzuk arte. «Orain gutxi alderdi politikoekin bilera bat izan genuen, baina CDN ez zen azaldu ere egin. Zuzenean berei deitu ostean bilera bat lortu dugu, baina ez dugu uste ezer eraginkorrik egingo duenik», azaldu du UGTko Caballerok. LABeko Juradoren eta Garciaren eta UGTko Caballeroren ustez, «azpijoko eta adiskidekeria asko» dago. «Egiaz ez dakigu zer erlazio dagoen Udalaren eta Dornierren artean, baina zerbait badago, seguru. Dornier Ferrovial taldekoa da, hain zuzen Iruñeko lurrazpiko aparkaleku ia guztien gaineko kontzesioa duena. Orain ere egingo dituzten aparkalekuak haientzako izango dira ia seguru. Ez da batere onargarria Udalak diru publikoa Ferrovial enpresa pribatura bideratzea», esan du Caballerok. Enpresa komitea ELAko hiru ordezkarik, UGTko eta LABeko bik eta CCOOko batek osatzen dute, eta haiek adierazitakoaren arabera, mugagabeko lanuztea bertan behera uzteko, lehenik eta behin kaleratutako bost langileak berriz hartu beharko dituzte eta ondoren hitz egingo dute hitzarmenaren gainean. Enpresa komiteak horri dagokionean bi urteko (2006-2007) iraunaldiko hitzarmena eskatzen du, eta urteko lanaldiko hamar orduko murriztapena. Soldatei dagokienez, urteko 50 euroko igoera eskatzen du eta plusetan KPI gehi puntu bat.
Arriskuak Horrez guztiaz gain, 40 euroko «penalizazio» plusa ere eskatzen du; izan ere, LABeko Garraiolaritza Aholkularitzako ordezkariak agertu bezala, «bederatzi ordu eta erdiz kalean egin behar dute lan, eta arrisku asko izaten dituzte: klima bera, erasoak, mehatxuakŠ». Horixe da negoziaketetan arazo gehien sortzen ari den puntua, gainera: «Dornierrek ez du horretaz hitz egin ere egin nahi. Bere ustez, ez dute inolako arriskurik pairatzen eta ez da beharrezkoa. Baina, adibidez, kontrolatzaile batek zigor proposamen bat egiten duenean eta onartua izateko udaltzaingoengana iristen denean, bertan kontroladorearen izen eta abizenak azaltzen dira, ez toki gehienetan bezala koderen bat, eta, beraz, ondoren telefono-aurkibidean helbidea aurkitu eta etxeetan ere erasoaldiak jasan izan dituzte. Dornierren ustez, ez da horrela gertatzen, baina era berean eta aurreko hitzarmenean horrela hitzartu zelako, enpresak abokatu bat jartzen dio horregatik edozein salaketa jasotzen duen langileari, kontraesana da, erasoak eta arazoak izateko arriskua dute, ala ez?», galdetu du Juradok. Ezin da ukatu 2006. urtean 18 erasoaldi salatu dituztela langileek.
Dornierrek, berriz, hitzarmenaren iraunaldiaren bigarren urtean lau orduko lanaldiaren murriztapena eskaintzen du, eta 35 eta 40 euro bitarteko soldata igoera. Era berean, hiru urteko iraunaldiko hitzarmena defendatzen du, eta hirugarren urterako 50 euroko igoera. Enpresa komitekoek hitzarmenaren negoziaketa gelditzea salatu dute. «Ez dugu oraingoz bilera gehiago egiteko deialdirik. Dornierretik Madriletik etorri zen orain gutxi pertsona bat eta gauza asko esan arren, bete, ez du ezer bete. Eta inork ez du ezer egin hori gelditzeko», esan du LABeko komiteko ordezkariak. Dornierrek zabaldutako azken berria da 72 langilek sinatu dutela hitzarmena «banako bezala», eta bere esanetan baliteke ondorengo egunetan kopurua igotzea. Baina oraingoz lanuzteak aurrera jarraituko duela diote langileek.
Udalaren ardura Alberto Juradoren esanetan, udalak «zeresan handia» du horretan, azken finean irabazien %98 jasotzen du. «Baina, hala ere, ez du ezer egin, jendeari barre soilik. Gune urdina jartzean, gizartearen onarpenik ez duen neurria hain justu, oso beharrezkoa zela zioten, baina orain ia bi hilabetez langileen lanuztearen ondorioz geldirik dagoenean, ez du inporta, eta ez dute ezer egin arazoa konpontzeko. Ez dugu ahaztu behar, gainera, Bertakoentzako Txartela dutenak direla kaltetuenak. Itzuli egingo al diote greba egunen dirua? Ez dugu uste, izan ere, jada pasatu diete datorren urtekoa ordaintzeko oharra, ez dute lotsarik», gaineratu du.
Langileek diotenez, Eguberriak ahal duten ondoen pasatuko dituzte, «opari askorik gabe seguruenik, baina lagunartean». Orain arte aurreztutako dirua erabili beharko dutela esan dute, batez beste 1.000 euroko soldatetatik aurreztutakoa. «Akordio batera iristen ez bagara, une latzak pasatu beharko ditugu». Cada empleado ha perdido 30 euros por día
Para los trabajadores de Dornier está siendo duro permanecer en huelga. Según sus cálculos, cada empleado en huelga ha perdido durante el último mes alrededor de 30 euros por día. El mes pasado la plantilla sólo cobró la nómina correspondiente a los cinco primeros días, ya que la huelga empezó el seis de noviembre. Además, según asegura la delegada del sindicato LAB en la empresa, Rosa García, algunos sólo cobraron tres euros, «los más afortunados cobraron unos 160 euros, pero hubo de todo. Tendremos que apretarnos el cinturón estas Navidades». -
|