Sudango Gobernuak Nazio Batuetako tropak Darfurren hedatzea onartu du
Sudango Gobernuak men egin dio nazioarteko presioari, eta azkenean NBEko militarrak Darfurren hedatzea onartu du. Hala ere, Nazio Batuen hasierako asmoa samurtzea lortu du. Atzerriko soldaduen kopurua hasierakoa baino txikiagoa izango da, eta, gainera, Afrikako Batasuneko misioaren agindupean egongo dira.
JARTUM
Sudango Gobernuak Nazio Batuen Erakundeko (NBE) tropak Darfurren hedatzea onartu zuen atzo. NBEko soldaduak dagoeneko bertan dauden Afrikako Batasuneko (AB) indarrak laguntzera joango dira. Datorren asteartean akordioa zelan eta noiz martxan jarriko den erabakitzeko batzartuko dira Sudango Gobernuko ordezkariak eta Nazio Batuetakoak, Sudango Atzerri Ministerioko iturriek jakinarazi zutenez.
Jartumgo Gobernuak nazioarteko presioari men egin dio, baina NBEko hasierako egitasmoa samurtzea lortu du. NBEko Segurtasun Kontseiluak Darfurren nazioarteko tropak zabaltzeko agindu zuen, baina Jartumek uko egin zion atzerriko soldaduek barne gatazkan esku hartzeari. Hala ere, Darfurren bortizkeria jaun eta jabe zela ikusita, Nazio Batuek eta bereziki Ameriketako Estatu Batuek (AEB) presioa areagotu dute azken boladan.
NBEren asmoa Darfurrera 20.000 soldadu bidaltzea da, horiek Afrikako Batasuneko 7.000 ordezkatzeko. Jartumen oniritzia bereganatzeko, baina, tropak murriztea onartu du, eta, gainera, Sudango Gobernuari laguntza teknikoa eta ekonomikoa emango dio. Horrez gain, NBEko soldaduak ABko misioaren agindupean izango dira, Jartumek eskatu duen legez, eta militarrak afrikarrak izaten saiatuko dira.
Nolanahi ere, Jartumen jarrera aldaketa nabarmena da, orain arte NBEko zibilak baino ez dituelako onartu. Dena dela, NBEk nahi dituen 20.000 soldaduen kopurua ezbaian dago. Jartumek ohartarazi zuen atzo hori negoziatu beharko dutela.
Darfurreko gatazka 2003an hasi zen. Sudango mendebaldeko eskualde horretako gehiengoa Saharaz hegoaldeko populazioa da, eta kexu ziren Gobernu arabiarrak diskriminatzen zituztelako. Bertako matxinoek armak hartu zituzten, baina janjaweed milizia arabiarrek euren kontra jo zuten. Matxinoek salatu dute Gobernuak janjaweedi laguntza ematen diola, baina Jartumek behin eta berriro gezurtatu du.
|