GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Euskal Herria 2006-12-24
Bixente VRIGNON | Kazetaria
«Gutxiagotasun ustea izatetik harrotasun sentimendura igaro dira abertzaleak»
1968tik hasita, Zuberoan, Lapurdin eta Nafarroa Beherean hogei urtean abertzaletasunak izan duen bilakaeraz idaztea ez zaio, askotan, erraza egin, kalapita ugari izan zelako abertzaleen artean. Baina jakin behar den historia dela uste du. Egungo abertzaletasunera iristeko egin den bidea eta urte horietan gertatutakoa jakitea biziki garrantzitsua dela deritzo, batez ere, gazteentzat.

Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan abertzaletasunaren sorreraz eta bilakaeraz bigarren liburua inprentan sartzeko atarian duela hitz egin du GARAk Bixente Vrignonekin Baionan. Orain bost urte argitaratu zuen lehena ­“Les annees oubliees” (‘‘Urte ahaztuak’’)­ eta bertan, 1968-1978ko hamarkada aztertu zuen. Hurrengo hamarkadako gorabeherak aste batzuk barru irakurtzeko aukera izango da.

­Zergatik aukeratu duzu “Les annees oubliees” izenburua?

Bazirudielako denek ahantzi zutela urte horietan gertatutakoa, nahiz eta gerora norbaitek erran zidan nahi delako ahanzten direla gauzak. Nik, bederen, ez nuen deus entzun garai hartaz. Zergatik? Alde batetik, abertzaleek beti akzioan direnez, ez dutelako sobera astirik atzera begiratzeko, eta are gutxiago gutxi direnean; Ipar Euskal Herrian, adibidez. Eta bestetik, kalapita eta enfrenta- mendu politiko gogorrak izan direlako abertzaleen artean, eta ez da atsegina izaten hori guztia astintzea.

­Hamarkada bakoitzean zein izan zen, zure ustean, gertakari nagusia?

Lehenean (1968-1978), Ipar Euskal Herrian abertzaletasuna piztea edo berpiztea; eta bigarrenean, hiru lurraldeetan mugimendu abertzalea luzerako markatu duen Iparretarrak (IK) erakundea sortzea.

­Askotan, Hego Euskal Herrian izandako gerra zibila eta frankismoa aipatzen dira egungo abertzaletasunaren jatorri bezala. Ipar Euskal Herrian, berriz, Hego Euskal Herria. Horrela izan al da edo bada Ipar Euskal Herrikoari dagokionez berezko faktorerik?

Nik uste dut lurralde bakoitzak bere berezitasunak izan zituela. Gipuzkoan edo Araban abertzaletasunak ez zuen Sabino Aranak Bizkaian eraikitako bide beretik sortu eta, zer esanik ez, Nafarroakoak. Lurralde bakoitzak bere bidea egin du eta hemengoak ere bai. Gero esan behar da azken hogei urteetako abertzaletasuna ez dela berdina. Gaur guztiak ‘zazpiak bat’ helburuarekin bat datoz, baina 1977an edo lehenago, lurraldetasunaren kontzientzia ez zen horren garbia, ezta ETAko militante askorentzat ere. Gehienak hona etortzen zirenean «Frantziara» zetozen eta, halaber, hemengoak ere, Biriatu pasatuta, «Espainiara» joaten ziren. Horretan aldaketa asko izan da.

­Hain zuzen ere, hango abertzaleak, hemengoak... Gaur egun Euskal Herrian abertzaletasuna bat eta bakarra dela esatea ausartegia al da?

Bai. Alde politikotik desberdintasun asko dago. Bada ezker abertzalearen abertzaletasuna; eta hemen, gainera, ABeta Batasunean banatuta; bada EArena eta EAJrena; eta Ipar Euskal Herrian beste mugimendu bat zentrista-eskuin frantsesa baina euskaltasuna bultzatzen duena. Azken horiek kenduta, gutxi gorabehera denak Euskal Herri batua eta euskalduna izatearekin ados dira baina bakoitzaren bideak desberdinak dira.

­Abertzaletasun kontzientzia-zioan IK-k eragin handia izan zuela esaten da. Azken urteetan erakunde horrek ez du jardun jakinik izan. Gaur egun nola hartzen du kontzientzia hori, esaterako, gazte batek?

Hemen, baita Hego Euskal Herrian ere, gutxiagotasun ustetik harrotasun sentimendura pasa gara, hau da, euskaldunak garela onartzera. Ipar Euskal Herrian zailagoa zen zeren abertzaletasuna errefuxiatuen be- gietatik ikusten zen eta «anaia tipiaren» halako konplexua zegoen. IKren aportazio bat izan da, hain zuzen ere, hemengo abertzaleak anaia tipiaren uste horretatik ateraraztea. Hutsak eta urrats faltsuak izan ziren? Bakoitzak bere erantzuna izango du. Ez dakit beharrezkoa zen edo ez uste horretatik ateratzea baina seguru dena da bide zaila izan zela, hilak izan zirela, zauri asko izan zirela eta baita enfrentamendu gogorrak ere ETAren eta IKren artean. Azken finean, Hego Euskal Herriko politikariak baita ETA erakundea ere behartuak izan ziren beren planteamenduak berrikustera IKren sorrerarekin eta berak azaleratutako arazoekin.

­60-70eko hamarkadan eztabaida politiko-teorikoa orain baino sakonagoa zela esan ohi da. Zuk aztertu duzun dokumentazioaren arabera, egia al da hori?

Bai, biziki sakona zen. Hasteko, karrikako jendeak ez zuen formazio politikorik. Jauntxoek bakarrik zuten formazioa. Garai hartan heziketa politikoa garatzen zen baina, askotan ikusten da, eguneroko bizitzatik asko apartatzen zirela. Aski da ezker muturreko hainbat dokumentu irakurtzea. Iraultzaz edota herri-langileriaz esaten dutenak, ez dakit Hego Euskal Herrian, baina hemen behintzat, ez zuen deus ikustekorik gizarteak bizi zuen errealitatearekin. Laborantzan bazegoen mugimendurik, baina Ipar Euskal Herrian zegoen industria (altzairutegiak, zimentugintza, Hazparneko eta Mauleko zapatagintza, arrantzaren inguruan zegoen kontserbagintza...) desagertzen hasia zen 1970ean. Gainera, kontuan izan behar da azterketa teoriko horretan jende kopuru oso txikia ibiltzen zela, gerora haien eragina besteengan hedatzen bazen ere, jakina.

­Gaurko egoerari helduta, Estatu frantsesak bat egin du espainolarekin abertzaletasunaren kontrako errepresioa globalizatzerakoan. Eremu horretan, bederen, nazio bat bezala hartzen dute Euskal Herria. Alta, bake-prozesua eraikitzen ari den honetan, Parisek eta hainbat politikari eta alderdik diote ez du- tela zer ikustekorik. Nola aztertzen duzu jarrera hori?

Frankismotik aitzina mugaz bestaldeko gertakariei sekulako oihartzuna eman ohi zaie. Atentatu bat izaten delarik, ez da besterik entzuten, eta azkenean, hainbeste aipatzearekin, jendeak esentziala denaren zentzua galdu egiten du. Ipar Euskal Herrian, aldiz, dena ilunean geratzen da; ez da apenas argitara ematen; beste aldera begiratzen da. Baina, finean, emaitza bera da:jendeak ez daki zer gertatzen den. 1978tik joera hori konstante bat da. Alderdien jarrerari dagokionez, alderdi frantsesak beti anbiguoak izan dira eta oso ondo dakite «jesuitismoa» erabiltzen. Batek txuri esaten du eta besteak beltz, eta hori alderdi berean ere gertatzen da. Azkenean, alderdien linea nondik doan ikusten da, baina ez dute argi esaten zein den linea hori eta hemengo gorabeherekin hori gertatzen da.

­1988tik gorako hamarkadaz beste libururen bat egiteko asmorik ba al duzu?

Ez. Nire asmoa 1968-1988 tar-teaz idaztea zen, hau da, Enbataren sorreratik IKren militanteen atxiloketaraino. Gainera, liburu batean nahi nuen egin baina, azkenean, bitan banatua izan da. Herri taldeak eta IK- ren historia ezagutaraztea inportantea da, batez ere, gazteentzat. Ni ez naiz historialaria, baina norbaitek, egun batez, aztertu beharko luke. Halere, zaila da jende gutxi bizi den lurralde murritza baikara eta, gainera, kalapita biziki gogorrak izan dira. Ikusi behar da bi hamarkada horietan zein harreman txarrak izan ziren errefuxiatuen eta IK inguruko jendearen artean. Egun aipatzen ez badira ere, zauriak ez dira desagertu. IK-koek ez dute oraindik ezer erran; ez da haien analisirik ezagutzen eta ez da kasualitatea. Gainera, gaurko garaietara zenbat eta gehiago hurbildu, orduan eta zailagoa da jendea mintzaraztea. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Jendartea
La Policía Municipal interviene en los actos de Olentzero
Euskal Herria
El PSE reconoce que el momento político es «complicado»
Ekonomia
2006 deja ya 126 trabajadores fallecidos en Euskal Herria
Kirolak
Carbón para Bruesa y liderato para el Baskonia
Mundua
EEUU logra sanciones contra Irán del Consejo de Seguridad de la ONU
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss