Eskubideak berma daitezen urrats berria eman nahi du Justizia Euskaraz elkarteak
Euskal Herrian dauden hiru justizia administrazioetan egiten den hizkuntza eskubideen urraketari aurre egiteko beste pauso batzuk eman nahi ditu Justizia Euskaraz elkarteak eta, horretarako, txosten juridikoa kaleratuko du udaberri aldera. Bertan, euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatzeko legeak zelan jaso beharko liratekeen azalduko dute, besteak beste. Ere berean, eskubide horien urraketari aurre egiteko estrategia zehatzak planteatuko dituzte.
BILBO
Justizia Euskaraz legelari euskaldunen elkarteak Euskal Herrian dauden hiru justizia administrazioetan beste pauso ba- tzuk eman nahi ditu hizkuntza eskubideak berma daitezen eta, helburu horrekin, txosten juridikoa ari daprestatzen. Esteban Umerez elkarteko lehendakariak GARAri azaldu dionez, txostena amaitu eta elkarteko kide guztien artean eztabaidatu ondoren, horren gainean erabaki zehatzak hartzeko asmoa daukate. Txostenak hiru ardatz nagusi izango ditu: euskaldunek zer-nolako hizkuntza eskubideak dituzten; legeak horiek nola jasotzen dituen;eta hizkuntza es- kubide horiek benetan bermatzea nola jaso beharko litzatekeen. «Egoerari buruz egiten dugun diagnostikoa plazaratu nahi dugu eta, horrekin batera, baita hizkuntza eskubideen urraketari aurre egiteko hartu nahi ditugun estrategiak ere», zehaztu du Umerezek. Horretarako, praktikan dauden «arazoak» ikerketa horren arabera aztertuko dituzte, itzultzaileen erabilpena edota epaitegiek hizkuntza eskubideei ematen dieten tratamendua, besteak beste, eta neurri zehatzak proposatuko dituzte horri aurre egiteko. Izan ere, Justizia Administrazioan euskaldunen hizkuntza eskubideak «etengabe urratzen» direla salatu zuen Umerezek eta eskubide horiek betearazteak Estatu espainolaren zein administrazioen «betebeharra» izan behar duela nabarmendu du.
Udaberri aldera Legelari euskaldunen elkarteak udaberri aldera plazaratu nahi du txosten juridikoa eta, horri begira, hizkuntza eskubideei eta Justizia Administrazioari buruzko jardunaldiak antolatu zituen aurreko ostiralerako, Bilboko Bizkaiko Bazkun Ohoretsuan, ikuspuntu ezberdinak jasotzeko asmoz.
Bertan izan ziren, Umerezekin batera, Kepa San Pedro abokatua, Edorta Josu Etxarandio epailea, Paul Bilbao Behatokiko zuzendaria, Anna Maria Pla i Boix Gironako Unibertsitateko irakaslea eta Merce Teodoro Valentziako abokatua.Jardunaldien ondorioen ar- tean, parte-hartzaileek nabarmendu dute Estatu espainoleko legediak ez dituela bermatzen Madrilgo Gobernuak Europako ituna sinatzerakoan hizkuntzari buruz hartutako konpromisoak. Horren adibideen artean, nazioarteko itunaren lehendabiziko esaldia aipatu du. Bertan esaten denez, herritar batek eskatuta, prozedura judiziala berak aukeratutako hizkuntzan egingo da, baina Estatu espainolean «itzultzailea erabiltzea nahikoa» dela ekarri du gogora elkarteak. «Azken finean prozesu judiziala bera ez da bermatzen. Zergatik? Ia epaile guztiak erdaldunak direlako eta jurisprudentziak beti esaten duelako epaileak ukaezinak direla», esan du orduan Umerezek. Datu bat emateagatik, bakarrik Araban, Bizkaian eta Gipuz- koan 200 epaile daudela aipatu zuen eta horietatik 12 besterik ez direla euskaldunak gaitzetsi du. «Epaile horiek euskalduntzea estatuen eginbeharra da, baina ez dago horretarako borontate politikorik», esan du. Horren gainean, jardunaldietan Quebec, Belgika edota Suitzako kasuak aipatu zituzten, gutxiengoan dagoen hizkuntza bat dagoen lekuan hizkuntza hori jakitea epaileentzat betekizuna baita, eta herritarrek eskubidea dute prozedura hizkuntza horretan tramitatzeko. «Estatu espainolean eta frantsesean diskriminatu egiten gaituzte euskaldunak euskara erabili nahi dugunean, oztopoak jartzen dizkigute eta kartzelara bidaltzen gaituzte», salatu du Esteban Umerezek eta jarrera hori berriz ere Europako itunaren kontra doala agerian utzi nahi izan du.
Behatokia: «Justizia beltzune handienetako bat da hizkuntza eskubideen urraketan»
M.M.
BILBO Gaur egun, Euskal Herri osoan, hizkuntza eskubideen urraketan «beltzune handienetakoa» Justizia- ren eremua dela ziurtatu zuen Behatokiko zuzendari Paul Bil- baok, Justizia Euskaraz elkarteak Bilbon antolatutako jardunaldietan. Auzitegi Konstituzional espainolak itzultzaileak erabiltzearen alde duen jarrera gogor gaitzetsi zuen Bilbaok eta Behatokiaren ustez, «defentsa-eskubidea eta babes judizial eraginkorrerako eskubidea ere Euskal Herriko epaiketa gehienetan urratzen» dira. «Interprete-bidezko epaiketetan bereizkeria sortzen da euskaraz deklaratzen dutenen edota defentsa euskaraz egiten dutenen eta gaztelaniaz egiten dutenen artean. Ez dute baldintza berberetan jarduten batzuek eta besteek», salatu zuen. Izan ere, epaitegietan euskaraz egin nahi duenak bere arazoari «beste arazo bat gehitu behar» diola ziurtatu zuen eta, horien artean, atzerapenak eta kontrako iritziak aipatu zituen. Adibide zehatzak Epaitegietan euskara erabiltzearen alboko kale-ondorioen adibide batzuk ere jarri zituen Bilbaok. Adibidez, iaz Gernikako epaitegian euskaraz deklaratu zuen herritar bat kalera bidali zuen epaileak, baina 15ean behin sinatzera joan behar zuenik ez zion esan eta ofiziozko abokatuari esker jakin behar izan zuen betebehar hori herritar horrek. Beste herritar batek, aldiz, abokatu euskalduna eskatu zion Doako laguntza Juridikoaren Batzordeari. Hala ere, ez zioten eman, eta berak euskaraz aurkeztutako idazki guztiak itzuli egin behar izan zituen abokatuak uler zitzan.
|