Mikel LABAKA | Euskal Futbol Selekzioko jokalaria
«Oztopoak gainditzeko borondatea eskatzen dugu»
Euskal selekzioko jokalariak ere busti egin dira, eta ofizialtasunaren bidean pauso gehiago eman behar direla aldarrikatu dute.
Isilik geratu ordez, ausardiaz jokatu eta eztabaidan parte hartzea erabaki duzue. Isilik egotea hor dagoen aukera da, baina kezka
geneukan, eta horrek bultzatuta eman genuen prentsaurrekoa. Nahiz eta oztopo
legalak daudela badakigun, sentsazioa daukagu ahal den guztia ez dela egiten
ari. Azken finean, sentitzen genuena esateko gogoa geneukan. Selekzioaren parte
gara jokalariak, eta horregatik iruditzen zitzaigun garrantzitsua zela gure
iritzia ematea.
-Erantzunik jaso duzue? Federazioa harremanetan jarri da irakurritako manifestua dela-eta? Nik dakidanez ez, behintzat. Federazioarekin egin
genuen bilera hartan argi eta garbi esan genien guk beharra ikusten genuela gure
iritzia emateko, eta zer pentsatzen genuen ere azaldu genien. Gutxi gorabehera
bazekiten zer esateko asmoa geneukan.
-Federazioko lehendakariak orain dela gutxi egindako agerraldi batean esan zuen ez zitzaiola gustatzen futbolariek beren iritzia ematea, bere ustez futbolean jokatzeaz soilik kezkatu beharko zinatekete-eta. Norbere iritzia ematea ezin zaio inori ukatu.
Gure sentimenduak adierazi ditugu soilik. Euskaldunak garela, euskal jokalariak
garela eta euskal jokalari gisa jokatu nahi dugula nazioartean. Gutxiengo batzuk
dira, eta sentimendu hori azaldu baino ez dugu egin. Agerraldia gure partetik
ekarpena egiteko da. Alde batetik, euskaldun sentitzen garela eta euskaldun gisa
jokatu nahi dugula futbolean, eta, bestetik, pausoak emateko beharra ikusten
dugula eta gure aldetik prest gaudela. Hala ere, badakigu alde askotatik egin
beharko dela lan.
Federazioak dio bere gainean soilik jartzen dela ofizialtasunaren zama, eta legeek ez diotela gehiago egiten uzten.
Guk badakigu lege aldetik gauzak nola dauden, baina hori ezin da aitzakiatzat erabili beste pauso batzuk ez emateko. Euskal Herriko selekzioaz hitz egiten ari gara, eta badakigu federazioa hiru lurraldetakoa dela. Horregatik, norabide bat markatu behar da: federazio nazionalez hitz egiten hasi, egituraz eta abar. Eskatzen dugun bakarra oztopoak gainditzeko borondatea da.
-Erabiliak sentitu zarete, edota kontuan hartu zaituzte orain arte Federaziokoek partidak antolatzerakoan? Hori norberak bakarka eduki dezakeen sentsazioa
da. Ikusten ari ginen Gabonetako partida asko jokatzen ari direla selekzio
autonomikoekin, eta kezka hori geneukan. Gure ustez, nazio gisa funtzionatzen
hasteko unea da, gure borondatearen arabera dagoelako. Horri dagokionean,
Federazioarekin ez dugu harremanik izan orain arte. Partidak jokatu eta kito.
Baina Bartzelonan gertatutakoarekin haserrea sortu zitzaigun, Federazioak ez
zigulako ezer esan. Prentsaren eta ESAITen bidez enteratu ginen bakearen aldeko
leloa jarri zutela ofizialtasunaren aldeko partida izan behar zuena estali
nahian. Hori berriro gertatu ez dadin jarri ginen harremanetan.
Kataluniaren kontrako partida izan zen abiapuntua, orduan.
Gu deialdietara joaten garenean, ofizialtasunaren bidean pausoak emateko
sentimenduarekin joaten gara, eta bide horretan ekarpenak egiteko. Baina
Bartzelonan bakearen aldeko leloa inposatu nahi izan zuten, eta, noski, bakearen
alde gu ere bagaude, baina ofizialtasunaren aldarria izan behar zuen partidak.
Horregatik jokalarien artean hitz egin eta pankarta ateratzea erabaki genuen.
Federaziokoek Kataluniakoarekin ez ateratzea adostu zutela esan ziguten, baina
guri inork ez zigun ezer esan joan aurretik, eta jakinaren gainean egon beharko
genuen gero partida jokatzera joan edo ez erabakitzeko. Hori dela-eta atera
genuen pankarta aldarrikapenarekin.
Hitza eman dizuete, ESAITi ere bi alditan eman
diote, baina gero ez dute bete. Beldur hori duzue? Hor dagoen aukera da. Badakigu ESAITekin izan
dituzten harremanetan zer gertatu den, baina guk printzipioz baikorrak izan nahi
dugu eta sinistu edo gutxienez margen bat eman lan egiteko. Gu gauzak argi
esaten ari gara, eta espero dugu haiek ere zintzotasunez jokatuko dutela. Hitza
ez badute betetzen, erabaki bat hartu beharko genuke.
ESAITekin gertatutakoaz zer iritzi duzu? Ofizialtasunaren alde lanean ari da ESAIT, eta
badirudi jende horrek molestatu edo traba egiten diola Federazioari. Denborak
esango digu pausoak emateko borondaterik baduten. Gu prest gaude ekarpenak
egiteko, eta alde guztiek izan behar dute borondatea eta ekarpenak egiteko
aukera.
Kalean galdetzen al dizute San Mamesera joan behar den asteazkenean?
Bai, jendeak galdetzen dit, baina erabakia norberak hartu behar du. Zaletu gisa ulertuko nuke zenbait zaletu haserre egotea ESAITen eta Federazioaren harremanak ez direlako behar bezalakoak izan. Bestalde, urtean partida bat jokatzen dugunez positiboa izango litzateke San Mames betetzea. Badirudi kontraesana dela esaten ari naizena, baina ulertuko nuke zenbait zale partidara ez joatea ere.-
|