-Berezkoak (Superprestigioa)
Etxeto eta Ezkurra II.a dira faboritoak
BAIONA
Gaur 16.00etatik aurrera jokatuko dira Garat trinketean, Donibane Garazin, Superprestigioko bi finalerdiak. Bi norgehiagoka horiek ikusteko dagoen ikusmina sekulakoa da.
Hasteko Etxeto, egungo txapelduna, eta Ozafrain neurtuko dira. Lehenengoa da oraingo txapelduna, eta bera izango da gaurko partida hau irabazteko faborito nagusia. Final-laurdenetako ligaxkako bi neurketak aparteko arazorik gabe irabazi ditu. Waltari eta Sorhuet ez dira aurkari gogorregiak izan, baina berak sekulako maila eman du, eta hasiera batean faborito nagusi bezala agertzen ez bazen ere, bi partidak ikusita, aurten berriro ere txapeletik oso aparte ez dela geratuko erakutsi du.
Ozafrainek, berriz, bere multzoko lehen partida galdu egin zuen Ezkurra II.arekin, baina Muskarditz menderatu zuen, eta finalaren atarira heldu da. Azkenaldian lehen zuen joko hori apur bat galduta ibili da, baina berriro ere gorenera iritsi nahi du torneo honetan. Dudarik gabe zaleen ikusminik handiena piztu duen partida bigarrena da. Bertan Ezkurra II.a eta Waltari neurtuko dira. Askoren ustez, horixe izango zen finala, baina ez da horrela izango. Waltarik ezer gutxi egin ahal izan zuen Etxetorekin, baina Sorhuet erabat zapaldu zuen, eta jendeak gaurkoan ere bere mailarik onena itxaroten du.
Ezkurra II.a da, dudarik gabe, lehiaketa honetako faborito nagusia. Gaur egun dagoen pilotaririk onena bera da, baina fisikoki oraindik ez dago bere onenean. Ligaxkako bi partidak irabazi egin ditu, baina bietan soberakinik gabe heldu da amaierara. Hala ere, Waltariri asko kosta behar zaio Urruñako atzelari gaztea menderaztea.
|