BILBO
Bizkaiko hiriburuak zinema edo iragarkietarako agertoki izateko eskaintzen dituen aukerak haizatzeko helburua du Bilbao Film Commissionek. Hala bada, Estatu Batuetara bidaia egin zuten bere arduradunek joan den abenduan, hango profesionalekin harremanak bultzatzeko xedearekin.Jon Sanchez zinegotziarekin eta Ernesto del Rio Zinebiko zuzendariarekin batera, Ibaia ekoizleen elkarteko eta EAEko Ikus-entzunezkoen Klusterreko ordezkariak abiatu ziren New Yorkera.
Abenduaren 14tik 18ra bitartean bisitatu zuten Big Apple edoSagar Handia. Bi helburu nagusi zituzten: Bilbo zinema lanak zein publizitatea filmatzeko toki bezala erakustea eta, bestetik, ikus-entzunezkoen euskal sektorearentzat AEBetan kontaktuak ahalbidetzea.
Euskal Herritik New Yorkera joandako ordezkaritza Film Academyrekin batzartu zen. Zinema ekoizle independenteak biltzen dituen elkarte batekin izan zituen kontaktuak, eta era berean, Robert de Niro aktore ezagunak babesten duen Tribecako Zinemaldiaren eledunekin elkarrizketatu zen. Bilbao Film Commissionek aholkulari bezala aurkeztu du bere burua New Yorkeko profesionalen aurrean.
Hogeita hamar lan 2006an
2006an hogeita hamar bat lan filmatu dituzte Bilbon. Bi film luze, hiru film labur, 16 iragarki eta telebistako 6 saiotarako irudiak jaso ziren hiriko hainbat bazterretan. Horien artean, Indiako “Sivaji: The Boss” filma nabarmendu daiteke. Zubi Zuri eta Salbe zubiak, Guggenheim Museoaren inguruak eta Euskalduna Jauregiaren kanpoaldea aukeratu zituzten produkzio hori filmatzeko. 60 pertsonaz osatutako lan-talde bat, 40 dantzari tartean zirela, Bilbon izan ziren maiatzean, Bollywood izeneko Asiako zinemagintza gune nagusiko produkzio handi hori filmatzeko.
Nazioarteko antzezleak dituen nerabeentzako “Open graves” film beldurgarria urriaren hasieran filmatu zuten Zorrotzaurreko Erriberan, Alfonso Txurruka kaian eta Bizkaiko kostaldeko zenbait lekutan. Publizitate iragarkiei dagokienez, Botxoan filmatutako irudiez baliatu dira H&S International, Amamaren Botika dendak, Bimbo, BMW eta Honda markak.
Musikarien artean, Kepa Junkera izan da Bilboko kaleei probetxurik gehien atera diena. Oskorrik eta Kukubiltxok Kasillan eman zuten azken kontzertua grabatu zuten.
Telebistarako ekoizpenari dagokionez, ugari izan dira Bizkaiko hiriburuan irudiak grabatu edo zuzenean emititu dituz- ten kateak, hala nola, ETB, La Sexta, IB3-Televisió de les Illes Balears eta zenbait ekoiztetxe independente. Umorezko saioek, eta bereziki ezkutuko kameraz grabatutakoek, Bilboko kaleetan zehar dabiltzan oinezkoen artean hautatu dituzte batzuetan beren «biktimak».