Lan istripuen inertzia arriskutsua
Igaro berri den urteak balantze ikaragarri negatiboa utzi du lan istripuei dagokienez. Balantze tragikoa. Datu ofizialek zenbaki handiak agertzen dituzte, baina datu errealek handiagoak zenbatzen dituzte, langile autonomoak eta istripua gertatu eta zenbait egun geroago hildakoak ere biltzen dituzte-eta. Euskal Herrian izandako 127 hildakoek kezkatzeko moduko kopurua osatzen dute; Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan, datu ofizialen arabera izandako 120.000 istripuak horien erdiek baino gehiagok langileari gaixo-agiria ematea ekarri zuten lanpostuetako arrisku handiaren erakusgarri dira. Eta urte berriak ez du eten joan den urteko inertzia tamalgarria. Atzo eraikuntzako bi langile hil ziren Corellan in itinere auto istripuan; herenegun, berriz, kamioilari nafar bat Asturiasen. Urte berria joan den urteko estatistika beltzari eutsita hasi da. Lan istripuen kausak argiak dira, eta behin eta berriz salatu izan dituzte sindikatuek: lehenik prekarietate handia, eta ondoren, azpikontratazioak. Horiekin batera, enpresari gehienek lan arriskuei aurrea hartzeko dagoen legedia aintzat ez hartzea. Izan ere, legedia egon badago, baina ez du eragin nabarmenik. Herri Administrazioaren orain arteko politikek arlo horretan ez dute emaitza onik ekarri, ezta hurrik eman ere. Eta permisibitate hori ez da onartezina; aitzitik, arazoa horren larria izanda, zorroztasun handia erakutsi beharko luke. Zorroztasuna prekarietateari aurre egiteko eta enpresaburuei legea betearazteko. Datuen zurrunbiloan eta istripu hitzaren atzean, ahaztu egin liteke lan osasuna eskubidea dela, ez kontratuak jaso edo enpresaburuak eman dezakeen pribilegioa; ez da ezin saihets daitekeen ezbeharra. Legediak agintzen duenaren arabera, enpleguek seguruak eta osasungarriak behar dute izan, eta gauza nabaria da legedi hori ez dela betetzen. Bada garaia arazoari benetan heltzeko, premia gorriko eginbeharra da. Baliabide gehiago eta eraginkortasun handiagoa behar dira, baina, batez ere, borondatea. Langileei, bestalde, istripuei aurre egiteko egitasmoetan parte hartzeko aukera eman behar liezaiekete, eurek izaten baitituzte istripuak. Lan ezbeharren kopurua lehen mailako arazoa da; beraz, ezin da agenda politikoaren bigarren planoan zokoratu, herri Administrazioaren lehentasuna izan behar du, urte hasi berriaren bukaeran joan denak utzi dizkigun estatistikak errepikatzea nahi ez badu. -
|