Nik sinisten dut ETAren eta Gobernu espainolaren artean zenbait konpromiso bazirela, egunkari honek argitara eman zituen konpromiso horiek egiantzekoak ez ezik, egiazkoak ere iruditzen zaizkidalako; alegia, haiek adostu izana zentzuzkoa iruditzen zaidalako eta senak hala esaten didalako.
Beste zenbait hedabidetan agertutako zenbait informazio, berriz, ez ditut sinisten, esate baterako, ETAren halako bileran su-etena haustea erabaki zutela, beste batean gertatu zena ia-ia kide bakoitzaren janzkera ere deskribitu ondoren, horiek ezin ditut sinistu, zentzugabeak iruditzen zaizkidalako eta Gobernu espainolak, nik baino askoz ere informazio gehiago izanda, ez zituelako sinistu.
Ez dut sinisten, ez dut sinistu nahi, elkarrizketa, konponbidea hautsi denik. Gobernu espainolak ezin dio esan euskal gizarteari ez dagoela hitz egiterik. Ezin digute esan ETAk gizarteari entzungor egiten diola Gobernuak edo Estatuak gizarteari entzungor egitea zuritzeko. Nork erabakitzen du prozesurik dagoen ala ez? Zergatik momentu latz eta gogor guztiak ez dira prozesua eteteko motibo? Zergatik alde batekoak bai?
Ez dut sinisten Estatuaren begietan heriotza guztiak berdinak direla. Eta ez Estatuarenetan bakarrik. Jende askoren ustez, preso bat hiltzea ez da lagun libre bat hiltzearen parekoa, biek heriotzaren aurrean eskubide berberak dituzten arren.
Ez dut sinisten abenduaren 30eko atentatuko biktimak etorkinak izatea nabarmentzen dutenen zintzotasunean, elkartasunean. Ez itsasertzean aldiro agertzen diren etorkinen gorpuek lerro bat ere, gogoeta bat ere merezi ez dietela. Sinisten dut haien hipokrisian eta maltzurkerian. Eta uste dut heriotza horiek guztiak ez direla mingarriak esan behar delako, ez baita esan behar, benetan direlako baizik.
Sinisten dut, sinistu behar dut, euskal gizartea, frustrazioa gaindituta, gai izango dela gauzak beren onera ekartzen, bera baita, izan beharko luke, edozein prozesuren protagonista. Badakit hau ez dela Irlanda, ez Hegoafrika, baina horietan, sufrimendu handiaren ondoren, elkarrizketak gainditu zuen gatazka bortitza eta parametro demokratikoetara sartu zuen, eta aldatu beharreko legeak aldatu ziren... Zenbat sufrimendu falta zaigu guri parametro horietara sartu bitartean? -