Haritz Larrańaga - Mikel Larrańaga presoaren anaia
Senideen isilpeko latza
Estatu indarkeria eta honi erantzuteko erabiltzen den indarkeria parekatzen dituzte, eta erantzunezkoa krudelagoa, bortitzagoa dela sinestarazteko eskura dituzten tresna guztiak erabiltzen dituzte. Jendeak autobus bat erretzea indarkeria dela eta De Juana ohe bati biluzik lotuta hiltzen uztea indarkeria ez dela pentsatzeko arrazoia horixe da, erretako autobusaren irudia sopan ere agertuko zaiela eta, aldiz, De Juana ohe bati lotuta torturatzen ari diren irudirik ez dutela ikusiko. Horixe da Estatuaren indarkeriarekin gehienetan gertatzen dena: ez dela ikusten.Ez da gure asmoa pena ematea. Ez da gure estiloa, ez doa gure kulturarekin bat. Gu ez gara sufrimenduaren monopolioaz bizi. Baina gu ere sufrimenduaren parte gara, eta hori lotsarik gabe aldarrikatu behar dugu, bestela, hemen, gatazkaz bizi direnek soilik sufritzen dutela baitirudi. Preso baten senideen gorabeherak ezagunak dira nahi duenarentzat: Bidaia luzeak, gastu handiak, kanpotik lagundu nahiak suposatzen duen lan handia, huskeriak bideratzeko tramite burokratiko amaigabe eta alferrikakoak, presoaren osasun arazoei aurre egiteko trabak, ikasketetarako trabak, bisitetarako trabak... Egunero 22 ordu 1,5x3 metroko luzera duen ziega batean, jaterako ere ateratzen ez dituztela. Lainoa dagoen egunetan, berriz, 24 orduak lau hormen artean. Kolore berde edo urdineko arroparik ezin jantzi, astean bi bider soilik dutxatzeko aukera, korreoa hilabeteetan erretenitua, barroteez gain argia sartzen uzten ez duen zulo txikidur errejilla leihoan, argi eskasa, telefono deiak egiteko eskubiderik ez, bis a bisik ez, eta abar. Esan bezala, ordea, kontu hauen berri jakin nahi duenak jakin dezake. Mikel orain urtebete atxilotu zuten, baina ordurako hiru urte baino gehiago zeramatzan sasian, eta horren berri bai jakiterik ez dagoela. Hor isil-isilik sufritzea besterik ez da geratzen. Zer esan behar diozu psikologoari edo sendagileari? Nola esan azken urteotan zehar gurekin izan zaretenei zelatan aritu zaizkizuela? Alferrikako salaketa bat ere jarri genuen, jazarpena eta egoera jasangaitza zenean. Hori da ikusten ez den terrorismoa. Gurasoentzat oso gogorra da: «Zure se-meak edo alabak ihes egin behar izan du, eta ez duzu gehiago ikusiko kartzelan edo hilkutxan ez bada». Errealitateak belarria irratian jarrita bizitzera behartzen zaitu, tentsio etengabean bizitzera, artega, beldurtuta, baina batez ere isiltasunera kondenatzen zaitu. Ezin ezer inorekin hitz egin, ezin anaiaren izena aipatu, «bestea» izatera igarotzen da, eta bera present egon daitekeen kontakizunak ekiditen dituzu, «badaezpada ere». Etxean ez da ia haren argazkirik. Aitak negarrari ematen dio haren koadrilakoak afaltzen ikusten dituenean. Amak egunero esaten dio egunon haren ohe hutsari. Lagunen batek «bestea» agertzen den argazki bat oparitzean hunkitu egiten da, eta bere egoera berean dauden beste ama batzuetan aurkitzen du babesa. Eta nik, beti gorrotatu izan ditudan musuak eta besarkadak ematen ikasi behar izan dut. Jendarmeengandik ihesi zihoan gazte bat hil da auto istripuz Frantzian. Ez dute izenik ematen. Ez dadila «bestea» izan. Egoismo miserablea. Inguruko lasaitasun inozentea. Gutxi batzuek pentsatzen dute hil- dakoa nire anaia izan daitekeela, eta beti eskertuko diedan begirada konplizearekin hurbiltzen zaizkit. Ez nago erotuta, ez dira nire paranoiak, ez naiz txarrenean pentsatzen ari den bakarra. 2005eko abenduaren 28an, atxiloketak izan dira Frantzian. Horrelakoetan izan ohi den bezala, irratiari adi gaude. Urtezaharretako prestaketetan gabiltzala hitz egin dit amak: «Erosketak egiten konpainia izan diat. Ea pentsatzen duten ‘bestea’ Gabonak direla-eta etorriko dela». Abenduaren 29an ematen dituzte izenak. Bat «bestea» da, eta bestea Arnaltz Gisasola bizkaitarra. Agudo zabaldu da berria herrian. Hormak kartelez josita daude. «Bestea» berriz ere Mikel izatera pasatzen da. Bere izena erabil daiteke, existitzen da, bere argazkia ere ikus daiteke berriz jaio izan balitz bezala. Pertsona bat oso urduri eta triste hurbiltzen zaizu. Ez du zure lasaitasun miserable hori ulertzen, zuk ordura arte haiena ulertu ez duzun bezala. Benetan asko maite duzun jendea da, asko maite zaituztela badakizun jendea, baina batzuetan mundu desberdinetan bizi garen sentsazio paranoiko hori sentiarazten dizuna. Batzuek politikaz, gatazkaren errealitateaz, ezer ez dakiten aitzakian inozentzia mingarri horretan jarraitu nahi dute, eta ahalik eta gehiena ekidingo dute inozentzia hori hautsi dezakeen edozer, «inozentzian» bizitzen jarraitzea haientzat bitarteko ez ezik helburu baita. Horregatik eskertzen dugu gutxienez atxiloketa egunean geureganako erakutsi zuten babesa, bai baitakigu horrelakoetan guregana hurbiltze hutsak zen- baitentzat zer suposatzen duen. Besteek, inozentzia faltsua kolokan jartzera ere ausartu ez zirenek, egunero ikusten ditugunek, Mikel betidanik ezagutzen dutenek, telebistan haren aurpegia ikusi eta ezer ere komentatu ez zigutenek, ino- zentzia helburu izatearen makurra erakutsi ziguten. Ikasgai ederra eman ziguten: zuzen gabiltzala, alegia.
Eta ordutik hona? Lehenik, inkomunikazioa. Atxiloketa uneko jipoia, lau egun ezer jan eta edan gabe. Lau egun hitz bat bera ere esan gabe. Inkomunikazioaren ostean, isolamendua. Otsailaren 1a arte ez daukagu anaiaren berririk. Lehen bisita otsailaren 11n da, Villepinten, Zarauztik 1.000 kilometrora. Hendaian trena hartu, Parisen metroa, gero beste tren bat, eta azkenik autobusa. Lehen bisitak oinak lurrean jartzeko balio lezake: halako bidaia luzea egin eta anaia ikusi gabe buelta. Presoa ez ezik, senideak ere kartzelarien mende gauden ikasgaia. Eta azkenik, lehen bisita iristen da. Anaia oso argal. Inkomunikatuta zegoela zortzi kilo galdu zituen, eta isolamenduan berreskuratzeko aukerarik ezean are gehiago argaldu zen. Aldatuta aurkitzen dut. Euskara batuan hitz egiten dit. Ia ez dut ezagutu ere egiten, eta hala ere badirudi atzo bertan elkarrekin egon ginela.
Eta gaur? Jendea hurbiltzen zait. Batzuek ea dagoeneko kanpoan dagoen ere galdetzen didate. Beste batzuek Parisera doazela eta ea zerbait eramaterik nahi dugun, kartzelaren sarrera Notre Dame katedralaren sarrera balitz bezala. Beste batzuek zer egin dezaketen ere galdetzen digute... Sentitzen dut askorentzat erantzuna gustukoa ez izatea, baina egiteko bakarra kalera ateratzea da, mobilizatzea, antolatzea, borrokatzea. Karitatea, iraingarria ez ezik, alferrikakoa da. Beraz, badakizue: segi antolatzen, segi borrokatzen eta segi maitatzen. -
|