BAIONA
“Euskal Herrian aske ikasi, lan eta bizi” leloari tinko eusteko, Segi gazte mugimenduko 20 bat lagun elkartu ziren atzo Baiona Ttipiko Pontricq plazan bertan dagoen etxe hutsa berriz irekitzeko.
Txalapartaren doinuak lagun, mailua eskuetan zutela jendea bertan sartzea oztopatzeko atean jarritako pareta hautsi zuten, eta lau solairuko etxe huts horretan sartu ziren.
«284.283 etxe huts EuskalHerrian» eta «Zure eskubideak eskuratuz» zioten bi banderatxo zintzilikatu zituzten etxeko leihoetatik. Atzoko ekimena, beraz, Estatu frantsesak eta espainolak etxebizitza duin eta eskuragarri bat ukatuz alor horretan egiten duten estrategia salatzeko egin zuela jakinarazi zuen bukatzean Segik.
Era berean, azken garaiotan etxe hutsen egoera salatzeko egiten aritu diren ekintzak ekarri zituen gogora: «Erantzuleak identifikatu ditugu, orain arte higiezinen agentziak eta Lapurdiko hainbat etxe huts tindu laranjaz markatu ditugu».
Orain arte eramandako borroka hori ez zutela bertan behera utziko nabarmendu zuten gazte mugimenduko kideek, eta etxe hutsak markatzen jarraituko zutela erran zuten.
«Estatu frantsesak turistifikazio eta desertifikazio politikaren bidez bere helburuak lortu ditu: etxebizitza eskuragarria ukatea zailtasun bilakatzea, euskaldunak gure herrian gutxiengoa izatea eta frantses aberatsak hona bidera- tzea eta haien kultura eta nortasuna inposatzea», gaitzetsi zuen.
Egoera hori ikusita, beraz, «iraultzeko» bide bakarra antolakuntza eta borroka zela nabarmendu zuten azkenik mugimenduko kideek.