AIZIRITZE
Agerre eta Lasserre proiektuaren bultzatzaileak ez dira ongi etorriak Nafarroa Beherean, eta herritarrei horixe jakinaraztea erabaki duela eman zuen atzo aditzera Leia elkarteak. Joan den abenduaren 30ean Donapaleun bildutako 5.000 lagunak ikusita, adierazi zuen mobilizazio horrek argi utzi zuela tokiko herritarren gehiengoa Pirinioez gaindiko bide proiektuaren aurka dagoela.
Halaber, ekitaldi horrek bilduriko jendetzaren ondotik Jean Jacques Lasserre Kontseilu Nagusiko lehendakariak eta Barthelemy Agerre kontseilariak proiektua sustatzeko bilkurak egiten jarraitzeak «errespeturik ez» dutela erakusten duela eta «erasoa» dela argitu zuen Daniel Olzomendi elkarteko lehendakariak.
Agerre ordubete kanpoan
Izan ere, Barthelemy Agerre, Donapaleuko auzapez eta kontseilaria, bide proiektua aurkeztekoa zen atzo FDSEA laborantza sindikatuko nekazari multzo bati Aiziritzeko Lur Berri lantegiaren egoitzan.
Leiak bilkura hori egingo zutela jakitean, bertaratu egin zen. Hasi aurretik ehun eta hogeita hamar bat lagun zeuden bertan, eta ez zioten Agerreri bilkuran parte hartzen utzi.«Bilkurak bai, baina, Agerrerekin ez», bota zuten Leiako kideek. Donapaleutik abiatuta Arnegi arte egitasmoaren «oposizioa» etengabe indartzen ari zela argitu zuen Leiak, eta Agerrek herriaren iritzia ez zuela errespetatzen argi utzi zuela nabarmendu zuen.
«Agerrek izandako jarreran argi ikusi da ez duela demokrazia errespetatzen, eta denak erosten ahal dituela uste duela. Jakin izan dugu pertsona batzuk bilkuretara gonbidatu dituela. Manifestazioa joan den larunbatean eginik, proiektua sustatzeko Aiziritzen agertzea errespeturik ez izatea da guretzat», gaitzetsi zuen Olzomendik.
Barthelemy Agerre bi alditan saiatu zen atzo hamar bat laborari bildu zituen bileran sartzen, baina aldi oro bidea moztu zioten Leiako kideek.
Jean Urrutiagerre LurBerriko lehendakari eta FDSEA sindikatuko kidea Agerrekin zegoela, pasatzen utzi zioten. Baina kontseilaria ordubetez autoan itxarotera behartu zuten, bilkurak iraun zuen bitartean, hain zuzen.
Jean Jacques Lasserreri ere ongietorririk egin ez bazioten ere, Barthelemy Agerreren jarrera salatu nahi izan zuten bereziki elkarteko kideek. «Hasieratik gezurrak baizik ez ditu erran», argitu zuten.
Eta atzo Aiziritzeko bilkuran egin zuen bezala, ondoko egun eta asteetan ere proiektuaren bultzatzaileek Nafarroa Beherean antolatuko dituzten bilera guztietan egoteko asmoa agertu du Leiak. Agerrek eta Lasserrek bileretan parte hartzea oztopatuko dutela jakinarazi zuen Olzomendik. «Manifestazioan 5.000 lagun zeuden. Donazaharren egindako izenpetze kanpaina batean 750 izenpetze bildu dira. Gainera, hautetsi asko eta asko egitasmoaren aurka daude», ekarri zuen gogora Daniel Olzomendik aurkako iritziak gero eta gehiago zirela nabarmentzeko.
Baina orain arte antolatu dituzten ekimenez gain, urtarrilera arte Nafarroa Behereko herriko etxe guztietan egingo dituzten bide egitasmo horri buruzko bilerak nabarmendu zituen elkarteko lehendakariak.
Deliberoak
Bertan, herriko etxeak proiektuaren aurkako «deliberoak» bozkatzekotan direla-eta, herritarrek beren hitza entzunarazi behar dutela gehitu zuen Olzomendik.
«Herriko etxeetako hautetsiak estutu behar dira, deliberoa bozkatzerakoan herritarren iritzia kontuan har dezaten. Hilabete hau garrantzitsua izango da, eta ahal bezainbat herritan egitasmoaren aurkako deliberoak hartu behar dituzte», erantsi zuen.
Daniel Olzomendiren ustez, urtarrilaren bukaeran herrietan egingo dituzten mobilizazioen ondotik, Pirinioez gaindiko bide proiektua behin betiko baztertu beharko dute.