- Liga Federala
Puntuen premia handiarekin itzuliko dira euskal taldeak
BAIONA
Gabonetako oporraldiaren ostean, puntu premia handiarekin itzuliko dira euskal taldeak. Donibane Lohizune bigarren fasea jokatzeko itxaropenarekin; eta Nafarraoa eta Maule, berriz, mailari eusteko asmoarekin.
Bosgarren multzoan, Maulek ez du neurketa erraza izango Blagnacen zelaian. Zuri-gorriek azkeneko partida irabazi zuten, eta indar horrekin ekingo diote neurketa horri. Garaipen batek aurrera urratsa egiteko balioko die. Galtzen badute, berriz, gauzak okerrago izango dituzte.
Maule baino hobeto dago Nafarroa, baina horrek ere ez dauka lo geratzerik, bestela, beheko postuetan sartuko baita. Vaurenneren zelaian jokatuko dute hori-gorriek, eta garaipena behar dute lasai jarraitzeko. Azkenaldian, ordea, badirudi Nafarroa Behereko taldeak beherantz egin duela, eta horrek kezka apur bat sortu du zaleen artean.
Seigarren multzoan, Donibane Lohizunek ere irabazi beharra dauka, baina horrek bigarren fasea jokatu ahal izateko. Gorri-berdeek Cahors taldea hartuko dute, eta etxean ezin dute hutsik egin. Amaieran lehendabiziko postuetan amaitu nahi baldin badu, ezinbestekoa da etxeko puntuei eustea. Aipaturiko hiru norgehiagokak etzi jokatuko dituzte, 15.00etan.
|