Urtzi Urkizuk «Beta» liburuan bildu ditu lehendik idatzitako narrazio eta olerkiak
1998-2001 urte bitartean idatzitako narrazioak zein 2001-2006 bitartean idatzi olerkiak bildu ditu Urtzi Urkizuk bere bakarkako lehen liburuan. Testuek egilearen «nortasunaren zantzu litzatekeen harremanetarako iaiotasuna» eta «askatasun zantzua» ere agerian uzten dutela aipatu du Asier Sarasolak. Urkizu aita-semeen bloga ere sarean dago jada.
DONOSTIA
Urtzi Urkizu kazetari eta zinema kritikariak bakarkako lehen liburua du “Beta”, aurretik hainbat liburutan parte hartu izan duen arren. Nolanahi ere, autoedizioaren bidetik kaleratu berri duen lan horrek «hamar urteko ibilbide oparoa» biltzen duela aipatu zuen Donostian egin aurkezpenean Asier Sarasola hitzaurrearen egileak.Hain zuzen ere, azken horrek honakoa adierazi du liburuaren hasierako orrialdean bertan: «Aurkituko duzue, hemen, lagunok, egilearen lerrootan, gazteria baten erretratua. Frankismoaren amaierarekin hasi zen belaunaldiaren gaztaroko bizipenak, Urtziren begietan». Bestalde, Sarasolak hitzaurrerako olerki bat ere idatzi du. “Beta”ren lehenengo atala (Ipuinak A-tik Z-ra), 1998tik 2001era bitartean idatzitako narrazioek osatzen dute. Emakumezkoak dira idatzi labur horietako pertsonaia nagusiak. Eta, Urkizuren lagun den Sarasolak esan zuenez, ipuin askotan ikusten da «Urtziren nortasunaren zantzu genukeena. Oso irekia da bera, eta harremanetarako iaiotasun hori ageri da».
Maitasun istorioak... Oro har, gehienak maitasun istorioak direla argitu zuen gero idazleak, testuinguru eta estilo ezberdinetakoak baina. Gau bateko istorioak, eternalak, sexuz beteak edo sexu gabeak, sentiberak, surrealistak, amodioak eta desamodioak... aurki ditzake irakurleak, estilo zuzen eta irakurterrazean idatzitakoak.
Poemei dagokienez, aldiz, 2001-2006 urte bitartean idatzitakoak ere A-tik Z-ra banatuta bildu ditu, “Kakatuatik haratago” izenburupean. Aurkezpenean, gainera, Urko Menaia musikariak bi abesti kantatu zituen gitarrarekin, “Beta”n jasotako olerkien hitzekin sortutakoak.Libururako hautatu izenburuaz, bestalde, Urkizuk gogorarazi zuen informatikan beta faseak programaren lehen ber- tsioa adierazten duela. «Ezegonkorra, bezero gutxi batzuei zabaldu nahi zaiena. Liburu honek tirada txikia izango du hasieran behintzat, nahiko mugatua autoedizioan», aipatu zuen. Hori bai, kontzeptu hortaz harago, alfabeto grekoko hizki hori gustuko zuela erantsi zuen. Urtzi bere aita Patri Urkizurekin izan zen prentsaurrekoan, aita-semeek sormen blog berria osatu dutela-eta.“Urkizuk Patri&Urtzi” delakoa www.urkizuk.org helbidean bisita daiteke, eta bertan aspaldi idatzitako testuak sartuko dituzte, tartean, aitona Patrizioren bertsoren bat edo besterekin. Lan berriak formatu ezberdinetan ezezik, irakurleen ekarpenak jasotzeko prest ere badaude bi idazleak. Euskararekiko maitasuna ezezik, idazteko grinak ere izan du bai lekurik Urkizutarrengan. Patrik esan bezala, «katea ez da eten», arlo horretan behintzat.
|