Espainiar eskuina sms bat zabaltzen ari da: «Monkloara atentatu bati esker iritsi zena beste atentatuaren bidetik aterako da». Haien ustez, Barajasen gertatutakoak balio behar du espainiar Estatuaren historia hurbilean salbuespen onartezina izan den uneari bukaera emateko.
Finean, hildakoak higadura estrategian erabiltzen dituzten aitzakiak besterik ez dira. Eskuin horrek bultzatu eta bultzatzen duen gerlak joan den urtean 12.000 zibil baino gehiago hil ditu Iraken; nork sinetsiko du eskuin hori hunkituta dagoela Barajasen hildako ekua- dortarrengatik? Uste al du norbaitek eskuin horrek sentsibilitatea daukala migratzen dutenekiko lan eta bizi baldintza hobeak bilatzeko?
Eskuin politiko-ekonomiko-mediatiko horrek botere lehiari ekin zion PPk 2004ko hauteskundeak galdu bezain laster Zapaterok Francok lotuta eta ongi lotuta utzi zuen trantsizio ereduaren marra gorriak pasatu ez zezan. PSOEren garaipena ez zegoen gidoian, eta eskuin faktikoak ez ditu horrelako ustekabeak maite. Beldurrak gauzatu ziren Zapaterok espainiar tropak Iraketik atera zituenean. Segituan antzeman zuten estatu ereduaren birmoldaketa zegoela gobernu lehendakari berriaren agendan, eta, geroago, zurrumurruak baieztatu eta prozesua hasi zelarik alarma gorri guztiak piztu ziren.
Zapaterok sortutako itxaropenak zapuzten joan diren arren, eskuinaren presioa areagotu egin da. PSOEk amildegira eraman du prozesua, eta orain zubiak erre nahi dituela dio. Hortzak erakusteaz hitz egiten du Falangearen nostalgia gainditu ez duen Bonok. Rubalcabak esan du hautsia, apurtuta eta likidatuta dagoela prozesua, eta halarik ere, hori ez da aski PPren buruzagientzat, betirako itxi nahi dituztelako konponbide politikoaren ateak, eta mezu argia helarazi nahi diotelako marra gorriak zapaltzeko tentaldia sentitzen ahal duen orori.
Espainiar Estatuan batzuek ulertu beharko zuten «euskal auzia» baino gehiago dagoela jokoan. Zapateroren Gobernuak Euskal Herriari begira eginen duena eta eskuin faktiko horrek luzatu dion erronkari emanen dion erantzuna txanpon bereko bi aldeak dira. «Irtenbide» polizialaren fikzioak bakea urruntzen du eta eskuinaren eskuetan uzten du politikagintza. Gatazkaren konponbide demokratikoa ez da aukera bat, aukera bakarra baizik. Hau bai energiak eta determinazioa erakusteko erronka! -