Biarritzek beste urrats bat egin du atzerako bidean
·Lapurdiko taldea ez zen puntu bakar ere egiteko gai izan
BIARRITZ
Gaizki, oso gaizki doaz gauzak Lapurdiko taldearentzat. Atzoko partida hasi aurretik bosgarren postuan zegoen, finalerdiak jokatzeko lekuetatik at, eta atzoko partidaren ostean, oraindik atzerago daude. Okerrena, berriz, Bourgoin gerturatu zaiola, eta lau puntura jarri zaio orain.Emaitzak erakusten duen moduan, neurketa eskasa izan zen. Maila honetako norgehiagoka batean bederatzi puntu bakarrik ikustea oso zaila izaten da, baina atzo besterik ez zen egon. Horrelako norgehiagoka batetan, Biarritzek, gutxienez, puntu gehigarri bat atera behar zuen, defentsan lortutakoa, baina bederatzigatik galdu zuen, eta ezertxo gabe etxeratu behar izan zuen. Partida eskasa izan zen, baina lehen zatian gutxienez ikusi ziren puntuak. Bi taldeak errespetu handiarekin zelairatu ziren. Galtzeko beldurra sumatzen zen bietan, eta horrek jokalariak lotu egin zituen. Entseguak egiteko aukera bakar bat ere ez zen ikusi, eta horrelakoetan ostikoek erabakitzen dute partida, baina jaurtiketak izateko ere, jokaldiak egin egin behar izaten dira, eta horretan ere etxekoak gehiago izan ziren. Lehen zatian hiru zigor-kolpe izan zituzten alde, eta barrura sartu zituzten. Biarritzek, berriz, ez zuen aukera bakar bat ere izan, eta 9-0ekoarekin joan ziren jokalariak atseden hartzera. Garbi zegoen bigarren zatian gauzak aldatu beharra zegoela, Lapurdiko taldeak zerbait egin nahi baldin bazuen, baina ez zen ezer aldatu. Bourgoinekoek ez zuten ezer jakin nahi. Markagailuan aurretik ziren, eta baloiaren jabetza euskaldunei utzi zieten. Lapurtarrek, ordea, ezin zuten ezer egin, ez ziren gai ezer onik egiteko, eta Bourgoin eroso aritu zen. Minutuak aurrera zihoazen, eta Biarritz lehenean; nahi eta ezin. Etxekoak, berriz, lasai, betiere euskaldunen zain, baina atzo Ligako txapeldunak ez zuen ezer erakutsi, eta amaieran puntuak etxean geratu ziren. Partidako berririk txarrena, berriz, Harinordokik ikusi zuen txartel gorria izan zen.Dena gaizki atera zitzaien euskaldunei, eta ezinaren ondorioz, jokalari euskaldunak aldageletarako bidea hartu behar izan zuen denbora amaitu baino lehen, eta datorren asteburuan ezin izango du jokatu. Lecoulsek eta Brusquek ere ezin izan zuten atzoko partida amaitu, baina min hartu zutelako. Orain ikusi egin beharko da zer duten, eta ea datorren asteburuan jokatzeko moduan diren. Biarritzek atzoko partida ahaztu egin behar du orain, eta ahalik eta azkarren puntuak batzen hasi berriro, ezuste handiren bat hartu nahi ez badu behintzat. Biarritzi etxetik at irabaztea asko kostatzen
zaio
Ezin da esan Biarritz urte ona egiten ari denik. Europako Txapelketan multzoko lehen postuan doa, baina Ligan bosgarren da memento honetan. Biak irabazteko taldea egin du, baina orain arte ez du erakutsi. Izan ere, etxetik kanpo irabaztea asko kostatzen zaio, eta atzo ere garbi ikusi zen Agileratik kanpo bere mailatik oso aparte ibiltzen dela. -
|