- Desafioa
Lasak Txapartegiren aurka jokatuko du
DONOSTIA
Jexuxmari Lasak atzoko egin zuen apustua egiteko deia, eta azkenean izan du erantzuna. Luix Txapartegiren aurka neurtuko ditu indarrak ekainaren 17an.
Legorretako aizkolariak joan den igandean bota zuen desafioa. 14 kana-erdiko aizkoran moztu, eta ordu eta erdi segan aritzeko prest agertu zen, Olasagasti eta Erasun kenduta, beste edozeinen aurka. Egia esan behar bada, legorretarrak ez zuen erantzun faltarik izan, hiru kirolari agertu baitziren atzo Tolosako Kantabriko tabernara. Iristen lehenengoa, ordea, Txapartegi izan zen, eta harekin egin du apustua.
Hasieran botatako desafiotik, ordea, aldaketa batzuk egongo dira. Aizkoran, lau oinbiko eta sei kana-erdiko moztu beharko dituzte, eta gero ordu eta erdi segan egin. Hasierako lanetik aizkoran izango da aldaketa, hamalau kana-erdiko izatetik sei izatera pasatuko baitira, baina tartean oinbikoak ere sartuko dira. Enbor txikiak Lasak plazaratuko ditu, eta handiak, berriz, Txapartegik. Lekua zehazteke geratu zen, belardi batean izan beharko baitu, eta lekua hemendik aurrera bilatu beharko dute. Alde bakoitzak 6.000 euro jokatzen ditu dirutan. Bi kirolariak orain arte aizkoran bakarrik aritu dira, eta desafio horretan arituko dira plazan lehen aldiz segan.
Hala ere, atzo Kantabrikon batu zen jendea aurten tankera horretako apustu gehiago izango delako susmoarekin etxeratu zen, han agertu baitziren Ormaetxea eta Etxebeste ere. Biak ere apustua egiteko asmotan joan ziren, eta ez litzateke harritzekoa izango beste desafioren bat ere hortik sortzea. Hori, ordea, denborak esango du.
|