IRUÑEA
Soziedad Alkoholika, Habeas Corpus, Gatibu, Anestesia eta Piperrak taldeek parte hartuko dute heldu den urtarrilaren 13an Berriobeitin egingo den 8. Hatortxurock-en.
Errepresaliatuen aldeko kontzertuaren antolatzaileak gustura agertu ziren atzo jaialdian izango diren taldeekin eta batez ere, Piperrak eta Anestesia taldeen itzulera nabarmendu zuten.
Jaialdia gaueko 21.30ean hasiko da Berrobeitiko Plazaola Industrialdean. Sarrerei dagokionez, antolatzaileek aditzera eman zuten, Iruñeko ohiko lekuetan egongo direla salgai eta kontzertua hasi aurretik ere izango dela horiek eskuratzeko aukerarik.
Jaialdiaren antolatzaileek nabarmendu zuten espetxe politikari dagokionean, amaitu berri den urteak aldaketa gutxi ekarri dituela eta, gauzak horrela, Berriobeitikoa hitzordu garrantzitsutzat jo zuten «musikarekiko eta ez daudenekiko elkartasuna» adierazteko.
Kontzertuaren gaineko informazio gehiago eskuratu nahi duenak eskuragarri du www.hatortxurock.org web orrialdean.