Diskriminazioa salatu du Hendaiako LABek
HENDAIA
Tokiko batzordea eratu zutenetik ia bi urte igaro dira, baina Herriko Etxeak ez du oraindik beste sindikatuak bezala tratatzen Hendaiako LAB.Ordezkari eta afiliatuekin batzartzeko lokala eskatu zion LABek Udalari. Hilero alokairu baten truke lokala utziko ziola erantzun zion, baina CGT, CFDT eta FO sindikatuek ezer ordaintzen ez dutenez gero, baldintza berberak exijitu zituen sindikatu abertzaleak. Lokal librerik ez zegoela-eta, gainerako sindikatuei tokia egiteko eskatuko ziela agindu zien orduan Kotte Ezenarro auzapezak. LABen ustez, «gezur handi bat» besterik ez da izan, gero jakin baitu auzapezak ez diela ezer esan. Jarrera hori biziki kritikatu du LABek, eta ordezkatzen duena gogorarazi dio Ezenarrori. Izan ere, 2002ko Prud’Hommes Kontseiluko hauteskundeetan hirugarren indar sindikala izan zen Hendaian; Baionako barrutian botoen %9 lortu zituen eta, geroztik, kontseilari bat du bertan.
Bi aldeetan
Gainera, Bidasoaren bi aldeetan presente dagoen sindikatu bakarra dela nabarmendu dio «mugaz gaindiko harremanak oso garrantzitsutzat jotzen dituen» auzapez sozialistari.Horiek hala, bereizketa egiten amaitu dezatela eskatzeko, bihar, 16.00etatik 18.00ak arte, Hendaiako herriko etxearen barruan edozein aholku eta argibidetarako bulegoa jarriko dute. Afiliatu eta, oro har, langileei bertaratu daitezen dei egin die.
|