GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Mundua 2007-01-17
Koldo SAGASTI (*)
Palestina eta balizko estatua
Condoleezza Rice eta Mahmud Abbas-en bileraoinarri hartuta, Palestinan balizko estatu bat eraikitzeko egon daitezkeen oztopoak aztertuditu Askapeneko brigadista Koldo Sagastik.Lurraldetasuna, mendekotasun ekonomikoaeta politikoa dira, bere ustez, zailtasunnagusiak, okupazioa bera ahaztu gabe, noski.

Condoleezza Rice-ren eta Mahmud Abbas-en bilkuraren irudi iraingarria ikusteko parada izan dugu egunotan. Lehenengoak, antza, mendebaldeko morroi leialari estatu bat eraikitzen utziko diola agindu dio, non eta zein baldintzatan zehaztu ez badu ere. Baina posible al da egun Estatu palestinarra AEBek eta Israelek onartuko lituzketen mugetan eta baldintzetan? Argi eta garbi, ez. Nor da Rice palestinarren geroaren gainean erabakitzeko? Eta, hauteskundeetan palestinarrek nabarmen zigortu zuten politikari ustela nor da herri oso baten ordezkaritza bere gain hartzeko, alderdi bozkatuenari nazioarteak boikota egiten dion bitartean?

Palestinan Estatu bat osatzeko lehen oztopo gaindiezina lurraldetasuna da. Palestinako Aginte Nazionalaren administraziopean dauden eremuak Palestina historikoaren %10 eskas bat baino ez dira. Horiek, gainera, jarraipenik gabeko lau ghetto bakartutan banatuta daude, hiru Zisjordanian eta beste bat Gazan. Ezinezkoa da jarraipen geografikorik gabeko Estatua eraikitzea Israelek onartuko lituzkeen eremuetan. Zein izango lirateke, orduan, AEBek «baimenduko» luketen balizko estatu horren eremuak? 1967ko eremuak, 1948koak?

Mendekotasun ekonomikoa

Bestalde, Estatu palestinarra eraikitze aldera, ezinbestekoa da errefuxiatuak kontuan hartzea. Munduan dauden 9 milioi palestinarretatik, 5 milioi errefuxiatuak dira. 1948an eta ondorengo okupazioetan, Israeldarrek erbestera bultzatu eta geroztik kanpamenduetan bizirautera behartu zituzten. NBEk eta nazioarteko legediak errefuxiatuen itzultzeko eskubidea aintzatesten dute.

Zisjordanian, Gazan, inguruko herrialdeetan eta mundu osoan barreiatuta dauden errefuxiatuei itzultzeko eskubidea onartuko balitzaie, nola sartuko lirateke denak hain eremu txikian? Fisikoki ezinezkoa dirudi.

Bigarren oztopoa mendekotasun ekonomikoa da. Egun ekonomikoki bideraezina litzateke oinarrizko azpiegiturak baliogabetu dizkiotelako. Okupazioaren ondorioz ez dago gutxieneko industria azpiegiturarik ezta ganorazko garraio sarerik ere. Nazioarteko erakundeek gobernuz kanpoko erakundeen bidez bideratutako diru laguntza kontrol politikorako arma eraginkorra bihurtu da.

Hamasek hauteskundeetan Gobernuaren gehiengo nabarmena eskuratu zuenetik, nazioarteko erakundeek kontrol ekonomikoa erabili dute gobernu zilegi hau boikoteatzeko. Azken hilabeteotan eta nazioarteko komunitateak diru laguntzak eten dituenetik, milaka funtzionario soldatarik jaso gabe bizi dira, bizi-baldintzak biziki okertu dira, oinarrizko gaiak ere (elikagaiak, botikak...) gero eta eskasagoak dira, bestela esanda, gizartea kolapso ekonomikora bultzatu dute eta egoera jasanezin honek palestinarren arteko gatazkak piztu ditu. Baliabide ekonomikoak kanpoko eskuetan izanda, ezinezkoa dirudi estatu bat eraikitzeak.

Mendekotasun politikoa ere aipatzekoa da. Ikusitakoaren arabera, AEBek eta Israelek beren mesedera dagoen gobernu txotxongilo bat ezarri ezean, ez dute inolaz ere baimenduko estatu bat Palestinan.

Hamasek mendebaldeko joko arauak onartu, hauteskundeetan esku hartu, eta gehiengo nabarmena lortu duenean, emaitza ez da «anaia handiaren» gustukoa izan, eta Gobernu demokratikoa boikoteatu du. Ministroak eta Legebiltzarreko kideak atxilotu eta erakunde politikoen egoitzei eraso diete; funtsean, erakundeen funtzionamendua oztopatu dute. Horri okupazioa gehitu behar zaio.

Banaketa geografikoak, esaterako, legebiltzarkideen mugikortasuna oztopatzen du (Gazako diputatuak, adibidez, ezin dira Ramallahko Parlamentura joan eta bilerak bideokonferentziaz egin behar dituzte).

Egungo baldintzetan, AEBek eta Israelek onartuko luketen estatu normalizatua eraikitzeko trabek gaindiezinak dirudite. Orduan, zer dago Rice-ren eta Abbas-en arteko argazkiaren atzean? Zer ari dira negoziatzen eta noren izenean? Beste hainbatetan egin duen bezala, beste atzerapauso bat emango al du Abbas-ek? Beste traizio bat horrenbeste urtez sufritzen ari den herri zigortuari?

Tamalez zaila da jakitea ea etorkizun itxaropentsua geratzen zaien palestinarrei eta, are zailagoa, asmatzea nola bukatuko den kanpoko interesek piztu duten barne guda hau. Espero dut jakin dezatela bideratzen etsipena eta amorrua, bat eginda komuneko etsaiari aurre egiteko hobekien dakiten bidean, bizirauten. -

(*) Koldo Sagasti: Askapeneko brigadista Palestinan 2004tik 2006ra.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
Ampliar la perspectiva
Jendartea
El metro conectará desde el sábado a 50.000 portugalujos a la metrópoli
Euskal Herria
Lakua dice que el pacto no debe apoyarse en la ilegalización y la actual política carcelaria
Ekonomia
Fallece un operario atrapado por una máquina en Lezo
Mundua
34.452 civiles, una media de 94 al día, murieron en Irak durante el año 2006
Kultura
«Death of a President» filmak zabalduko du FIPAjaialdia datorren urtarrilaren 23an
Kirolak
Sólo un gran Saviola frena a un Alavés en franca mejoría
Euskal Herria
Etxerat tocará «todas las puertas» para exigir la liberación de De Juana
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss