GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak 2007-01-17
Rebeka Ubera eta Nekane Perez - Aralarreko Hezkuntza lantaldeko kideak
Eskolak (berak bakarrik) ezingo du euskaldundu

Aniztasunaren trataeraz hitz egin beharko genuke hizkuntza ereduez bainoago. Integrazioa, kohesio soziala helburu izango duen aniztasunaren trataeraz. Hizkuntza komunikatzeko tresna bat baino gehiago delako, giza komunitateon izatearen, nortasunaren ezaugarri funtsetakoa. Ondorioz, hizkuntza ereduen gaineko eztabaidari ikuspegi zabalago batetatik oratu behar zaio, alor, esparru guztietara hedatuz, auzo eta herri normalizazio proiektuetan txertatuz, orain arte ikastetxeek belaunaldi berriak euskalduntzeko eta euskararen normalizazio prozesuan oro har jasan duten gehiegizko zama, beste antolamendu eta gizarte eragileekin banatuz. Euskararen normalizazioa gizarte osoaren zeregina da.

Hizkuntza ereduen gaineko proposamen berririk egin behar bada, ezin da etorri proiektu politiko zehatz bati lotuta. Guztion artean ezingo da, baina ahalik eta eragile sozial eta politiko gehienen adostasunez egin beharko da proposamena, segurtasun juridiko oinarrizkoaren gerizan, lege baten babespean alegia.

Oraindik indarrean dauden hizkuntza ereduak ezin dira gutxietsi. Ezin da ukatu bete duten funtzioa, ia guztiz erdaldundutako hiri guneetan euskarari arnas guneak eta berreskuratzeko oinarriak eskainiz; edota euskara desprestigioak jota egon den nekazaritza inguru euskaldunetan, herritarrei euskaldun izateko harrotasuna itzultzen lagunduz eta euskaldun alfabetatuen belaunaldiak sortuz. Hala ere, ereduok ez dituzte eman partez baizik, hasiera batean aurreikusi ziren emaitzak. Epealdi horretan, hezkuntza munduak eta bere- ziki irakasle gehienek egin duten ahalegina izugarria izan da. Ez dago beste sektore profesionalik euskaraz gaitzeko antzeko ahaleginik egin duenik. Ereduoi esker lortutako emaitzek ekarri dute egoeraren aldaketa eta sistema baldintza berrietara egokitu beharra.

Eta hemendik aurrera zer?

Etorkin berriek eta mundu globalizatuak dakartzaten exijentziek garai berrietara egokitzea eskatzen digute. Aralarrek Euskal Herri osorako proiektu bat nahi du, baina egungo indar banaketari eta gizartearen nahiari erreparatzea aski da, konturatzeko Euskal Herria egun banatuta dagoen eremu administratibo ezberdinetan (Trebiñu eta Villaverde ahaztu barik) aurrerapausoak ematen ahalegindu beharko dugula, baldintza desberdinetan eta erritmo desberdinetan. Eta, horrez gain, lurralde bakoitzaren barruan ere, oso errealitate desberdinekin egiten dugu topo. Horregatik, errealitate desberdinei aurre egingo dien sistema finko baina malgua behar dugu. Habe sendoak oinarri, egoera desberdinetara egokituko dena, azken xedea begi bistatik galdu gabe: belaunaldi berrien heziketa eta euskalduntzearen oinarriak bermatzea eta gizartearen kohesiorako zutabeak ezartzea, desberdinen arteko errespetutik abiatuz.

Euskararekiko harreman afektiboa landuko dela bermatu behar da. Horrekin batera, ikastetxearen jardun hizkuntza euskarak izan behar luke; hortaz, erabilera planak abiarazi beharko dira ikastetxe guztietan.

Euskaraz eta gaztelaniaz ikasteko eta erlazionatzeko maila nahikoa izan behar dute ikasle guztiek, derrigorrezko eskolatze aldia bukatuta, hortaz, gune erdaldunduetan bereziki, euskarazko eskaintza nahikoa bermatu behar zaie haur eta gaztetxoei, euskarazko gaitasun nahikoa erdietsi dezaten eta euskara atsegin dituzten jardueretan ere erabil dezaten.

Nazioarteko hizkuntzari edo hizkuntzei dagokienez, lan munduan eta arlo akademikoan nahikotasunez jarduteko maila eskuratu behar lukete ikasleek.

Ikasle etorkinari berezkoa duen kultura aitortu eta errespetatu behar zaio eta ikastetxeak ikasle horien gurasoak animatu behar lituzke euren herriko hizkuntza etxean erabiltzera eta seme alabei transmititzera.

Herrian eta auzoan ondo txertatua behar du ikastetxeak, eta dagokion gune soziolinguistikoaren egoeran oinarritutako egitasmoa abiarazteko autonomia nahikoa izan, gutxieneko maila bermatzeko curriculumetik aurrera. Eskolaz kanpoko kirol eta aisialdi eskaintzaren jarraipena eta egokitzapena oso lehentasunezkoak dira, noski.

Kanpo ebaluazio sistema baten bidez lagundua, emaitzen jarraipen estua eginez, aurrez etapa bakoitzerako zehaztutako helburuak lortzen direla bermatzeko.

Hezkuntza sailaren eta tokiko administrazioaren laguntza izango duena, baliabideak ziurtatuz, bai pertsonal mailakoak bai materialak ere. Borondaterik onenarekin ere, baliabide egokirik gabe gutxi baita egin daitekeena ikaste- txean nahiz herrian.

Jauzia ez da egun batetik bestera emango eta gaurdanik urratsak egin beharko dira sistema berriari heldu ahal izateko baldintzak erdietsi ditzaten zentro guztiek. Ahalegin berezia egin beharko da, premiaz, gizarte talderik ahulenetatik datozen ikasleak pilatzen diren zentroetan: batetik, irakasle askoren euskarazko gaitasuna hobetu eta sendotu beharra dago. Bestetik, tokiko euskalkien erabilerarako irizpideak hedatu, euskalkiak bizi-bizirik dauden inguruetan bereziki. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
Ampliar la perspectiva
Jendartea
El metro conectará desde el sábado a 50.000 portugalujos a la metrópoli
Euskal Herria
Lakua dice que el pacto no debe apoyarse en la ilegalización y la actual política carcelaria
Ekonomia
Fallece un operario atrapado por una máquina en Lezo
Mundua
34.452 civiles, una media de 94 al día, murieron en Irak durante el año 2006
Kultura
«Death of a President» filmak zabalduko du FIPAjaialdia datorren urtarrilaren 23an
Kirolak
Sólo un gran Saviola frena a un Alavés en franca mejoría
Euskal Herria
Etxerat tocará «todas las puertas» para exigir la liberación de De Juana
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss