Ehun eta hogeita hamazazpi egun. Ehun eta hogeita hamazazpi egun gose greban. Ospitaleko ohatzeari larruzko lokarriekin lotua. Zure borondatea plastikozko hodiz bortxatua. Hilik bizitzera kondenatua. Komunikabideek bakartua; isolatua. Baina hala ere ez ahaztua.
Mila aitzakia, mila hitz huts, mila (e)ta bat heriotza prozesu, berriz zuretzat nire kantua. Berriz zuretzat nire besarkadarik beroena, nire elkartasun eta animo guztia. Zuretzat nire ohorea, nire muxurik goxoena. Aupa, Iñaki! Eutsi goiari!
Badirudi itzali dela tunel beltzaren bukaeratzat dugunaren urruntasunean ikusten zen argia. Lurpean argirik balego bezala! Kontsumoa den espiral eroaren barrunbeetan argi izpi bat inoiz sartu izan balitz bezala! Urriaren hamabia den erietxeko izaren arteko tristura desitzaltzen duten goizeroko eguzki printzek inoiz ezer argitu balute bezala! Izen hori duen erietxea ez balitz bezala kartzela!
Batzuetan komunikabideek ahaztarazten digute zuk preso jarraitzearen motiboa. Idaztea, Espainian, delitua. Eta nork idazten duenaren arabera, terrorismoa. Jokatu ahala arauak aldatzen dituen rol jokoa da demokrazia, joko arraroa. Edo hau, espainiar modalitatean bakarrik gertatzen da?
Ehun eta hogeita hamazazpi egun gose greban. Zure giza eskubideak urratuak, zure duintasuna hankapetua, torturatua. Aski ozen egin zuen zaunka Eusko Jaurlaritzak urte amaieran. Non dira giza eskubideak zuetakoak zaretenean? Deabruaren teilatuetan?
Non daude beraien zorroztasun eta sendotasuna, Garzon-en aginduak betetzerako orduan hain muturreraino eramaten dituztenak? Non beraien benetako gatazka konpondu nahia? Eta hauek bezala, asko zo- ritxarrez.
Baina badakit eta herriak badaki itxaropena zure kaleratzetik igarotzen dela eta hor, hor, ez dut uste herriak, berriro, huts egingo duenik. Sentsazio berezi bat arnasten da aterako zaituguna, beraz, eutsi! Kemena eta indar apartekoak erakutsi dituzu urte luzeetan, ea bada herriak ere dohain berak uztartzen dituen zure Etxegarate igarotako lehen jakiak on egin diezazun.
Bueno, Iñaki, te dejo, que estas del GARA estarán ya de mala ostia esperando mis letras, y si no espabilo cualquier día de éstos me dan el finiquito. Ya sé que es una carta un poco rara, pero me ha salido así, qué le vas a hacer. Tampoco te voy a contar mi vida sabiendo lo que sé de la tuya, ¿no? Un fuertísimo abrazo y mi más sincera admiración. -