HONDARRIBIA-IRUN 72
CSKA SOFIA
63
HONDARRIBIA
Aurrera egiteko borondatez gainezka, Hondarribia-Irun garaile atera zen atzo arerio gogorraren kontra.
Azkeneraino maldan gora eduki zuen kanporaketa. Alabaina, joko bikainari, defentsa zorrotzari eta Iziane Castroren eta Hlederen puntuei esker, buelta eman zion Txingudiko badiako taldeak final-hamaseirenetako kanporaketari eta Women Eurocupen aurrera egitea lortu zuen, Sofiako CSKAren aurrean 72-63 irabazi eta gero.
Hiru ziren buelta eman beharreko puntuak zortzi egun lehenago 69-66 galdu ostean. Dena den, bulgariarrak uste baino etsai askoz gogorragoak izan ziren atzoko partidan. Cirov hegalekoari eta Byears eta Johnson piboten barruko jokoari esker, Europa ekialdeko taldeak 14 puntuko aldea ere izan zuen lehenengo erdian, 25-39, hain zuzen. Bestalde, Txakartegirenek hiruko jaurtiketetan eta jaurtiketa libreetan huts gehiegi egin zituzten eta, hori gutxi balitz, erreboterik gabe ibili ziren. Hala, gipuzkoarrek atsedenaldian dena galduta zutela zirudien, 29-41 baitzen nagusi Sofiako CSKA.
Hondarribia-Irun, ordea, bihotz oso handiko taldea da. Sekula ez du amore ematen eta aurrean ezin bada, atzean ematen du daukan guztia partida irabazi ahal izateko. Defentsa oso zorrotza egiten hasi ziren Txakartegirenak eta bigarren erdi osoan 22 puntu besterik ez zituzten saskiratu bulgariarrek.
Bestetik, Iziane Castroren ohiko saskiratze zaparradak Hlederen ezohiko laguntza izan zuen. Bien artean 44 puntu egin zituzten. Hala ere, azken laurdenera zazpi puntu atzetik iritsi ziren, 47-53.
Azken laurdenean, halakoren baten Hondarribia-Irunekoak hirukoak sartzen hasi ziren. Horretaz gain, Byears galdu zuten bulgariarrek faltak zirela-eta. Mujanovic eta Pagek etsai latza galdu zuten. Bost minuturen faltan 63-62 aurreratu ziren etxekoak, eta 11-0eko partziala osatu zuten. Beste bi punturen abantaila behar zuten oraindik, baina Hlederi eta Castrori esker iritsi zen. Ikaragarria.