GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2007-01-19
Hamar euskal diskoetxek hartuko dute parte Canneseko MIDEMen
MIDEM, Europako musika azokarik garrantzitsuena, igandean hasi eta hilaren 25ean bukatuko da. Bost egunez, munduko manager eta diskoetxe handi eta txikiek beren produktuak eskainiko dituzte Canneseko Jaialdi Jauregian atondutako ehunka erakusmahaitan. Euskal musika aurten ere presente egongo da MIDEMen, Lakuako Gobernuarekin lankidetzan sortutako «Basque Music» programaren itzalean. Guztira, hamar izango dira azokara ordezkariak bidaliko dituzten enpresak, zehatz-mehatz, Agorila, Brixton, Elkar, Errabal, Etxe-Ondo, Gaztelupeko Hotsak, Goi Music, Oihuka, Munster eta Morgan.

DONOSTIA

Iaz hamabost izan ziren Cannesen ordezkatuta egon ziren euskal enpresak. Aurten, berriz, hamar baino ez dira joango. Seigarren aldiz, “Basque Music” erakusmahaian aurkituko dute aterpe. Han managerrekin, diskoetxeekin, jaialdiekin eta, oro har, musika alorreko era guztietako agenteekin kontaktuan jarri eta bilerak egiteko lekua izango dute. Erakusmahaian, “Basque Music” pro- gramaren eta diskoetxeen material promozionalak banatu eta pantaila handi batean euskal musikarien eta musika taldeen bideoklipak erakutsiko dituzte.

Funtsean, enpresak bi helburu ditu: musika merkatua nola dagoen ikustea (teknologia berriak, joera nagusiak eta beste) eta, jakina, saltzea, euskal musika esportatzea, alegia. Ez da langintza erraza, ordea.

«MIDEMeko korridoreetan gehien entzuten den galdera ‘erosi edo saldu egiten duzu?’ da; gehien entzuten den erantzuna, berriz, ‘saldu egiten dut’. Izan ere, oso jende gutxik erosten du». Horrela mintzo da Anjel Valdes, Euskal Herriko Diskoetxeen Elkarteko lehendaka- ri eta Elkarreko arduraduna. Canneseko ferian eskarmentu handien duen euskaldunetako bat da, ez baitzen alferrik orain dela hamar urte joaten hasi, “Basque Music” programa sortu baino lehen, alegia.

«Kanpoko diskoetxeek ­jarraitu du Valdesek­ denetatik eskaintzen dute, eta merkatu orokor horretan gure aukerak oso eskasak dira. Beraz, besteek egin ezin duten eskaintza egin behar dugu. Zein? Euskarazkoa. Hala uste dugu, behintzat, ‘Basque Music’ sustatzen ari garenok. Mundu zabalean, euskararen eskaera txikia izan daiteke, ados, baina eskaera baldin badago, ez dago guk baino hobeto asebeteko duenik».

Euskal musika esportazioak ez duela salbatuko argi eta garbi ikusten du Valdesek. Hala ere, Cannesera joan beharra dagoela uste du, urtero, gainera. «Iraunkortasun asmoarekin lan egin behar dugu. Urtero-urtero joan, produktu berriekin; ikus gaitzaten, ezagut gaitzaten. Ez da erraza, stand pilo bat dago eta gu txiki-txikiak gara, baina horrela bakarrik lortuko ditugu emaitzak».

Elkar euskal diskoetxerik garrantzitsuenetako bat da, ezbairik gabe. Aspaldi hasi zen Cannesera joaten eta, hala ere, esportazio maila apala du. «Guk batez beste 750 erreferentzia ditugu katalogoan, baina 20-25 baino ez dira mugitzen». Zein dira horiek? «Hain justu, diferentzia etnikoaren isla direnak, nolabait esateko; trikitia, alboka, txalaparta... ez baita begi-bistatik galdu behar kanpoan ez dugula nahi duguna saltzen, erosi nahi dutena baizik».

Aurten Kepa Junkera izango da Elkarreko izarra Cannesen. «Europako zerrenda garrantzitsuenen aurreneko postuetan dago, eta horrek asko animatzen du. Beste batzuetan erosle bila joan izan gara eta oraingoan, berriz, eroslea etorri zaigu bila». Junkerarekin batean, Etxart aita-semeak eta Larrandaburu koinatuak grabatutako “Eperra” izango da protagonista Elkarreko eskaintzan. Disko horrek harrera ona eta aipamenen bat ere lortu du Estatu frantsesean».

Negozio txikiak

Gaztelupeko Hotsak eta Errabal aurten ere Cannesen egongo diren diskoetxeetako bi dira. «Guretzat, oraingoz behintzat, industria nola dagoen bertatik bertara ikusteko aukera ona da ­esan du Joxe Felix Azkarate arduradunak­. Gogoan dut orain dela hiru bat urte, lehen aldiz joan ginenean, euskarri fisikoak, CDak gehienbat, oraindik nagusi zirela. Iaz, berriz, hainbat esparrutan, den-dena digitala zen».

Gainerakoan, Gaztelupek eta Errabalek beren produkzioa eskaintzen dute... folka, bluesa, jazza... «Orain arte negozio txiki-txikiak egin izan ditugu. Japoniako banatzaile batek, esaterako, 200 ale erosi zituen, Tapia eta Leturia-eta, probatzeko. Eskubiderik-eta ez dugu inoiz saldu», zehaztu du Azkaratek.

Gor da hainbat urtetan Cannesera joaten ibili ondoren, aurten huts egin duen diskoetxeetako bat. «Ez gara joango, batez ere arazo ‘tekniko’ batengatik ­argitu du Blanka Izkuek­. Izan ere, azken urteotan gure izenean joan den pertsonak aurten ez du joaterik izango. Cannesek asko emango baligu, nola edo hala joateko esfortzua egingo genuke, noski, baina, gure esperientziaren arabera, feria ondo dago kontzertu antolatzaileentzat-eta, ez hainbeste diskoetxeentzat, eta gurea diskoak dira».



Morgan, lehen aldiz
Cannesera joango diren hamar enpresetatik bederatzik errepikatzen dute; Morgan Creativos da lehen aldiz joango den bakarra. Berez, filmak-eta ekoizten dituzte Morganekoek, baina badute Cannesi ondo egokitzen zaion produktu bat. «Musika Hamabostaldiak ­adierazi du Asun Lasartek­ Berliozen ‘Sinfonia fantastikoa’ laguntzeko film bat eskatu zigun 2003an. Geroztik, film horrek bere bidea egin du. Sidneyko Opera Housen ere proiektatu zuten. Banatzaile bila joango gara Cannesera». -



«Euskal musikaren etorkizuna, etxean»

DONOSTIA

Guztiek uste dute Canneseko MIDEMen «egon beharra» dagoela, eta horregatik joaten dira. Baina, aldi berean, guztiak bat datoz honako ideiarekin: Euskal musikaren etorkizuna ez da kanpoan jokatzen, «etxean» baizik.

Anjel Valdesek, Euskal Herriko Diskoetxeen Elkarteko lehendakariak, berriz ere jarri ditu mahai gainean kezkatzeko moduko hainbat datu. «Aurreikuspenen arabera, aurten ere disko salmentak behera egingo du munduan, %18 gutxi gorabehera. Hori betetzen bada, azken bost urteotako galera %45 ingurukoa izango da. Baina munduko musika- ren salmenta jaitsi egin bada, euskal musikarena are gehiago jaitsi da. Diskoetxe batzuek itxi egin behar izan dute eta sektorea, oro har, errentagarritasunaren mugan dago. Gauzak horrela, gure etorkizuna ez dago esportazioan, gure merkatu naturalean baizik, eta euskal musikaren merkatua jaisten ari da euskal kulturaren merkatua, oro har, jaisten ari delako».

Krisialdiaren atzean «ondo aztertu» behar diren hainbat faktore egon daitezke, baina, Valdesen ustez, «kulturalak» dira garrantzitsuenak.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
La iniciativa social Milakabilaka reclamará que «hablen, hagan lo que deban y arreglen esto»
Euskal Herria
Bedouret:«Me preguntaron si conocía a Romano»
Kirolak
Mayo y Angoitia, dos genios que pedalean juntos
Kultura
Hamar euskal diskoetxek hartuko dute parte Canneseko MIDEMen
Kirolak
Hondarribia-Irunek aurrera egin du azken laurden ikaragarriari esker
Mundua
El norte de Europa padece el embate de una violenta tempestad
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss