Xabier Izaga
Erakundeak eta erakundetxoak
Aste honetan jakin dugu EAEko Auzitegi Nagusiak Arnaldo Otegi, Pernando Barrena eta Juan Joxe Petrikorena inputatu dituela Juan Jose Ibarretxerekin biltzeagatik. Espero izatekoa da, beraz, hurrengo auzipetuak, besteak beste, Estatu espainoleko autonomietako presidenteak, Jose Luis Rodriguez Zapatero eta Juan Carlos Borbon errege espainola bera izatea, oraindik orain Gasteizko Gobernuko lehendakariarekin bildu ziren-eta.
Baina ez, informazioek jarraian ondo azaltzen zuten Otegik, Barrenak eta Petrikorenak desobedientzia delitua leporatuta joan beharko dutela auzitegira eta Ibarretxek, berriz, desobedientzia delitua egiteko ezinbesteko kolaboratzaile izateagatik. Hainbat alderdik iragarri dute Ibarretxeren kontrako erasoari erantzuteko anto- latzen diren ekimenetan parte hartuko dutela. PSEk ez, Patxi Lopezen ustez, politikariek ez baitiete Botere Judizialak hartzen dituen erabakiei aurre egin behar... PSEko politikarien kontrako erabakiak ez direnean, jakina. Lopezek ez zuen hori esan, baina esan beharrik ere ez zuen, Rodolfo Aresekin batera auzipetu zutenean protesta ekitaldi bat egin baitzuten Euskalduna Jauregian.
Ezin uka, nolanahi ere, euskal politikari gehienengan haserrea eragin duela auzipetze horrek. Ibarretxerenak, jakina. Eta haserre horren erakusgarri da Juan Maria Atutxak esandakoa, auzitegi horren jokaera kasu honetan estrajudiziala dela, hain zuzen, justiziak barik beste arrazoi batzuek gidatzen dute-eta jokaera hori. Nik ere hala uste dut. Antza denez, Botere Judizialak oroz gainetik botere dela argi utzi nahi du, eta beste erakundeen gainetik dagoela. Bide batez, Hego Euskal Herriko autonomietako parlamentuak noren mende dauden eta zer eskumen dituzten ageriago da. Erakundeak dira, baina ez Estatua, Gobernu espainola, Monarkia edo Botere Judiziala besteko erakunde. Erakundetxoak dira.
Eta Atutxarekin bat etorrita, bera ere bat etorriko da nirekin jokaera estrajudizial askorekin kolaboratu eta are sustatu egin dituela, bere boteretxoa baliatuz, justiziari barik arrazoi politiko hutsei jarraituta. Esate baterako, hainbat gazteri kale erasoak egitea egotzi eta hargatik ETAko kide zirela ziurtatzeak «terrorismoaren» kontrako legedia aplikatzeko aukera ekarri zuen. Eta, ondorioz, neurriz kanpoko zigorrak ezartzekoa. Aspaldiko partez ez dut entzun «Y talde» ospetsuez hitz egiten. -
|