Txorizo eta odolkirik onenak nagusi San Antontxu ferian
Pozarren agertu ziren atzo arratsean aurtengo Mungiako San Antontxu feriako antolatzaileak, azokak izandako harrerarengatik. Goizean goiz hasi zen topaketak ez zuen gauera artean etenik izan. Beste behin ere, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako txorizo eta odolkirik goxoenek izan zuten arrakastarik handiena.
MUNGIA
Mungiako Merkatarien Elkarteko Ana Aldasorok benetan positibotzat jo zuen atzo herrian egin zuten San Antontxu feria, arrakasta handia izan baitzuen. Hain zuzen ere, azoka antolatzen duen hamaikagarren urtea zuen elkarteak, baina batzorde berriari estreinakoz egokitu zaio aurtengoa prestatzea. «Ez geneukan ideia handirik aitortu du, baina oso ongi irten da dena. Jende pila bat etorri da, eta eguraldia ere polita... Oso pozik gaude, benetan».Goizean, ganaduak, nekazaritza-tresneriak eta landareen erakustaldi eta salerosketek bereganatu zuten hein handi batean jendetzaren arreta, 10.00etatik hasiera eman baitzitzaion feriari. Nolanahi ere, beste behin horrek guztiak bezainbesteko garrantzia hartu zuen geroko Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako odolki eta txorizoen lehiaketako hamaikagarren edizioak. Baita dastatzeak ere.
Partaide ugari, lehia gogorra Orotara 24 lagunek txorizoak aurkeztu zituzten lehiara;
16 batek, barazkiz egindako odolkiak; eta beste 14k, arrozezkoak. Eta,
epaimahaiak honakoei eman zizkien lehenengo hiru sariak: Mungiako Morga
harategiari (arrozez eginiko odolkia), Sondikako Jon Madariagari
(barazki-odolkia) eta Sondikako Iker Madariagari, aurkeztutako txorizo
ederrarengatik. Osterantzean, Mungiako Morga harategiak herriko
hestebete-saltzaile onenaren aipamena eraman zuen.
Auto klasikorik, pilota partidarik, dantzarik edo haurrentzako antzerki eta kale animaziorik ere izan zen ferian.
|