24 urteko ezbaien ondotik, Senperen urtegia eginen dute
SENPERE
24 urteko gerra administratibo baten ondoren eta aurrekontuan 3,5 milioi euro falta badira ere, Senpereko Lurberria urtegia egin eginen dute. Senpereko, Azkaineko, Donibane Lohizuneko eta Ziburuko udalek lanak has daitezen dokumentuak sinatu zituzten Senpereko herriko etxean. 1983an Senpere eta Azkaine aldean bost hildako eragin zituen uholdearen ondoren sortu zen Lurberria urtegia egiteko proiektua.
Hondamendiaren ondoren mehatxu hori saihesteko egitasmoa proposatu zutenetik, urtegia egiteko arazoak izan dira etengabe. Urtegia eginen duten tokian babestuta dagoen kakalardo mota bat atzeman zutelako sortu zen azken arazoa. Kakalardoen bizileku diren zuhaitzak tokiz aldatuz konpondu dute auzi hori.
Urtegia Senpereko Cherchebruit auzoko zubiaren eta Deabruaren zubiaren artean egongo da, eta 350 metroko zabalera eta 22 metroko altuera duen horma bat izanen du. 72 hektareako zabalkundea eta 5,7 milioi metro kubiko ur hartzeko gaitasuna izanen du. Urtegiak biztanleei toki seguruan ezartzeko lau orduko tartea eskainiko die, eta arriskurik gabeko garaietan Urdazubiko ura pasatzen utziko du.
|