Emakumeei omenaldia Gazte Danborradan
Antiguakoek oso bere sentitzen dute auzoko Gazte Danborrada, eta horregatik akaso, eta aurreko urtean bi emakumek eginiko saialdiari esker, 1983an 34 emakumek lehen aldiz parte hartu zuten. Aurten, 25. urteurrenean, omenaldia prestatu diete eta berdintasunaren bidean beste urrats bat egin dute: emakumeak danborra jotzen irtengo dira.
Antiguako Gazte Danborradak berdintasunaren aldeko beste urrats bat egingo du, lehen aldiz emakumeak danborra jotzen irtengo baitira. 1982az geroztik bide luzea egin dute auzoko emakumeek honaino iristeko. Urte hartan, Koro Egibarrek eta Txaro Markezek erabaki sendoa hartu zuten; gazte gisa auzoko Gazte Danborradan parte hartuko zutela, alegia. Urketariz jantzi eta danborrada irten zenean besteekin jotzen saiatu ziren, baina ez zieten parte hartzen utzi. Saia- kera hark, baina, aldaketa baten hasiera adierazi zuen.
Horrela gogoratzen du Maribel Alberdi Antiguako bizilagunak. «Orduko komisiokoak konturatu ziren agian beharrezkoa zela aldaketa bat». Hala, eta datorren urteari begira, auzoko emakumeak biltzen hasi ziren, eta danborradako batzarra egiteko auzoko gazteak deitu zituztenean emakumeak ere azaldu ziren. «Gaia eztabaidatu zen eta bozketak egin ziren; bertan emakumearen parte-hartzearen alde egin zen. Hala ere, nahikoa eztabaida izan zen. Bateren batek esan zuen danborrada honek ondo jotzearen fama zuela eta ea nola irten behar genuen; pentsa».
Eztabaidak eztabaida, batzarreko erabakiari jarraitu eta 1983an 34 emakume irten ziren lehen aldiz, Antiguako Gazte Danborradan, tartean, Maribel Alberdi.
Gogoan duenez, urte osoan gogor egin behar izan zuten lan danborradan irten ahal izateko, diru premia handia baitzen. «Auzoko taberna batek atseden eguna egiten zuen egunean, guk bazkariak ematen genituen eta horrela eta beste hainbat bideren bidez bildu genuen dirua». Aparteko jostuna izan zuten, gainera. «Koro Egibar lehen saialdi hura egin eta hila- betera espetxeratu zuten. Baina nolabait zerbait egin nahi zuen danborradan, eta Yeseria kartzelan josi zituzten gure danborradarako gonak, oraindik ere erabiltzen ditugunak».
Alberdik aitortu duenez, egun horretan poz handia sentitu zuen. «Kontuan izan behar da danborrada honetan, aita eta senarra irten zirela eta egun semea irteten dela; auzotarrentzat oso handia da». Hala ere, beldurra ere bazutela aitortu du: «Bi urte lehenako Kresalan emakumeak irten eta nahikoa gaizki pasa zutelako».
Bihar hogeita bost urte beteko dira egun hartatik, eta 1983an irten ziren emakumeei danborradan irteteko aukera eman diete, horretarako adin tartea gainditua badute ere; izan ere, danborra horretan Antiguako 15 eta 30 urteko gazteak irteten dira.
Danborradako kide Harkaitz Olarrak azaldu duenez, auzotik goizeko zazpietan abiatuko dira eta «ibilaldiko tarterik politenean», auzotik igarotzen denean, «historia egindako emakume hauek» batuko zaizkio.
Akaso hori baino omenaldi politagoa izango da, ordea, berdintasunaren bidean beste urrats bat egitea eta auzoko gazteak danborra jotzen irteten ikustea. -
DONOSTIA
|